Zirkua eta lohia Senatuko ikerketa batzordean

Maria Txibitek berretsi du ez dela legez kanpoko ezer topatu Nafarroan adjudikatutako herri lanetan. PPk eta UPNk estutu egin dute, eta «Cerdanen esanetara» egotea leporatu. Geroa Baik eta EH Bilduk salatu dute Senatua ez dela toki egokia auzia ikertzeko.

(ID_15366122) ESPAÑA COMISIÓN KOLDO
Maria Txibite, gaur, Senatuan. SERGIO PEREZ / EFE
joxerra senar
2025eko irailaren 29a
16:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ataka zaila zuen gaurkoa Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak. UPNk eskatuta, Madrilen izan da, Espainiako Senatuko ikerketa batzordean. UPNko eta PPko senatariak ahalegindu dira Txibite estu hartzen. Hark bere gobernuaren jardun ona defenditu du: behin eta berriz azpimarratu du orain arte ez dela legez kanpoko ezer topatu, eta zalantza eta susmo ororen aurrean «gardentasunez» jokatu dutela. «Ez dut beldurrik», erantzun du hainbat aldiz goizean, UPNk zein PPk aurrera begira atera daitekeenaz itaundu dutenean.

Etxean jokatu dute partida eskuineko alderdiek. Ikerketa batzordea Nafarroako Gobernua ustelkeriarekin erlazionatzeko zirku bihurtu dute, eta lohia izan da nagusi. Antzeko taktika erabili dute Maria Caballerok (UPN) eta Alejo Mirandak (PP): euren ikuspegia azaldu, galdera egin, eta, Txibitek itaun hari erantzun ostean, haren gaineko iritzia eman. Zenbaitetan ez diote erantzuten utzi ere egin, eta jokabide hori salatu du maiz Txibitek. Batzordeko buruak senatariei galderak zehazteko edo erantzuten uzteko eskatu badie ere, etxekoen alde jokatu du gehienetan. Javier Remirez eta Antonio Magdaleno senatari sozialista nafarrei pare bat aldiz hartu die kargu Txibiteri sostengua adierazteko asmoz mahaian kolpeak jotzeagatik, eta aretotik kanporatzeko mehatxua ere egin die. 

«Gobernu batek ez du obrarik ematen: lizitatu eta esleitu egiten du, legediaren arabera». 

MARIA TXIBITE Nafarroako Gobernuko lehendakaria

Hasieratik, Maria Caballerok egotzi dio Santos Cerdani esker lehendakari izatea eta «haren esanetara» egotea. Txibitek erantzun dio bera nafarrek egin dutela lehendakari, eta argi utzi nahi izan du bere gobernuko kontseilariak berak izendatzen dituela. Cerdan PSOEko diputatu nafarra zenez, onartu du «giltzarri» izan zela «Espainiako eta Nafarroako gobernuen arteko negoziazioetan N-121 errepideko bikoizketa lanen finantzaketa lortzeko». Herri lan haren bost zatietako bat da Belateko tuneletakoa, baina, Txibiteren arabera, Cerdanekin ez du «inoiz ere» hitz egin Belateko tunelen adjudikazioari buruz.

Haren esanetan, ez lehendakariak eta ez kontseilariek ez dute zuzenean esku hartzen administrazioaren prozeduretan. «Gobernu batek ez du obrarik ematen: lizitatu eta esleitu egiten du, legediaren arabera. Ni lehendakari naizenetik, milatik gora lizitazio egin dira, eta ez dut bakar batean parte hartu». Gaineratu duenez, Belateko tunelen kasuan, irizpide politiko argi bat egon da: egin beharra zegoen. Duela bi hamarkada Europako Batasunak tunelak hobetzera bultzatu zituen gobernuak, baina Nafarroan UPNren gobernuak ez zuen ezer egin. Gero, Barkosen eta Txibiteren gobernuei egokitu zitzaien arazo horri aurre egitea: «Tunelaren bikoizketa ez zen gure lehentasun erabatekoa, baina Bruselatik gutun bat bidali ziguten ohartaraziz isunak egon zitezkeela, eta erabiltzaileen segurtasuna zegoela kolokan. Tunela ixtearekin egin zuen mehatxu, eta ohartarazi zuen zigor erantzukizunak egon zitezkeela arloko kontseilarientzat eta zuzendarientzat».

«Hobeto ateratzea nahiko nukeela? Bai, baina bertan irregulartasun administratiboez hitz egiten da; ez da esaten legez kanpokoa izan dela». 

MARIA TXIBITE Nafarroako Gobernuko lehendakaria

Txibitek zehaztu du Auzitegi Gorenak UPNri emandako erantzunean argi utzi duela Nafarroako herri lanik ez dagoela ikerketa judizialean. Berriki Nafarroako Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak atera duen txostenaren harira, UPNko senatariak ondorioztatu du «adjudikazioa baliogabea» dela eta legez kanpokoa izan daitekeela, hortaz. Txibitek gogora ekarri du berak eskatu zuela txosten hori egiteko. «Hobeto ateratzea nahiko nukeela? Bai, baina bertan irregulartasun administratiboez hitz egiten da, eta ez da esaten legez kanpokoa dela». Haren ustez, batzordeak eta Kontuen Ganberak emandako aholkuak aintzat hartuko dituzte, eta kontratu publikoen foru legea ere moldatuko dute.

«Ez du zentzurik»

Uxue Barkos Geroa Baiko senatari autonomikoaren arabera, «ez du zentzurik» agerraldi hori Senatuan egiteak, Nafarroako Parlamentuan ikerketa batzorde bat baitago. «Gobernu bokazioa duen alderdi batek fokua jarri nahi izan du Nafarroako Gobernuaren gain. Kezka dugu interes alderdikoiek gure lurraldearen izen ona zikindu dezakeelako».

Orain arte, EH Bilduk ez du parte hartu Senatuko ikerketa batzordean, baina Hego Euskal Herriko lehendakarietako bat bertaratu denez, «begirunez», hara joan da Igor Estarrona. Haren esanetan, Txibiteren agerraldia «vendetta bat» eta «UPNren kasketa bat» izan da, Nafarroako Parlamentuko gehiengoak erabaki baitu oraingoz ez duela Txibitek hara joan behar. Txibitek erantzun du gutxienez bi aldiz hitz egin duela Belatez parlamentuan, asteazkenean berriro hitz egitekoa dela, eta berak ez duela arazorik Nafarroako ikerketa batzordean parte hartzeko. Estarronak zehaztu du aurrerago gerta litekeela.

PPko Alejo Mirandak ohartarazi dio Nafarroa dela «ustelkeria kasuaren jatorri eta epizentro»: «Nafarroako Gobernutik Espainiako Gobernura egin zuen jauzi, eta Nafarroako Santos Cerdan eta Koldo Garcia dira gero Espainian esku hartu duten Santos Cerdan eta Koldo Garcia berak». Cerdanen komunikazioetan mezuak enkriptatu ohi dituen Signal aplikazioa erabiltzen ote zuen galdetu dio, eta hark ukatu egin du. Cerdani eta Garciari beldurrik ote dien galdetuta, «batere ez» erantzun du.

«Nik ez nekien Cerdanek Servinabarren %45 zuenik. Dokumentu pribatua zen; publikoa izan balitz, ez zen diputatu izango». 

MARIA TXIBITE Nafarroako Gobernuko lehendakaria

Zabaldutako informazioen arabera, Koldo Garciak 30.000 audio ditu, eta 2.500 ordu ditu grabatuak. Mirandak iradoki du «Txibiteren gobernua eroraraziko lukeen audioren bat» duela. «Ez dakit horri buruz ezer», erantzun dio Txibitek. «Ez zaitut epaituko, baina orain da unea esateko adjudikatzeko xantaia edo presio egiten ari ote zitzaizkizun», galdetu dio, eta Txibitek, ukatu. «Ez diet beldurrik audioei». Gobernura iritsi aurretik Garciarekin hitz egin duela eta alderdiarentzat «segurtasun arloan» aritzen zela esan du. 

Erripagañako babes ofizialeko etxebizitzen sustapeneko, Belateko tuneletako eta Nafarroako Artxibategiko obrak esleitu zitzaizkien Servinabarri eta Accionari. Gero, obra horietan gainkostuak izan dira, eta horiek «ohikoak» direla aipatu du Txibitek. Mirandak ihardetsi dio prezioak jaitsiz hobetzen zutela eskaintza bi enpresek, eta azkenean «Cerdanen enpresa bat» ateratzen zela irabazle. «Nik ez nekien Cerdanek Servinabarren %45 zuenik. Dokumentu pribatua zen; publikoa izan balitz, ez zen diputatu izango». Harekin azkenekoz ekainaren 11n hitz egin zuen, Guardia Zibilaren txostenaren berri izanda. Esan duenez, «erabat traizio» egin ziotela sentitu zuen. Kontratu publiko horiekin PSN finantzatu den galdetuta, irmo ukatu du. «Kontu Auzitegiak kontuak ikuskatu ditu, eta ez dago irregulartasunik». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.