Koronabirusa

Ziurtagiria baldintza gisa

Gaurtik aitzina, osasun ziurtagiria ezinbestekoa izanen da Ipar Euskal Herrian kultur eta aisialdi jardueretarako. Arlo horietako eragile batek baino gehiagok informazio falta deitoratu dute.

Mugikorrean eraman daiteke osasun ziurtagiriaren QR kodea. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Zinemara joatea, ikusgarri parkeko igerilekura salto egitea, museo bat edo bestelako leku turistiko bat bisitatzea, ikusgarri batera joatea... Gaurtik aitzina, ez da erabat librea izanen Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. 50 pertsonaren muga gainditzen duten espazioetara sartzeko derrigorrezkoa izanen da osasun ziurtagiria eramatea. Gabriel Attal Frantziako Gobernuko bozeramaileak errandu «malgutasunez» jokatuko dutela, baina arranguraketa buruhausteak eragin dizkie neurriak kultur eta aisialdi guneetako arduradun andanari.«Ez dugu informaziorik, prentsan agertzen denaz aparte. Ez dugu informazio ofizialik jaso», aitortu du Nicolas Martin Ipar Euskal Herriko turismo bulegoko zuzendariak. «Eragile anitzek agertu digute kezka ea nola kudeatuko duten. Ez da haien lana, eta ez dakite nola eginen duten».

Uztailaren 12an iragarri zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak osasun ziurtagiriaren hedapena. Gaurtik aitzina, kultur eta aisialdi guneetan aplikatuko da; agorriletik aitzina, ostatu, jatetxe eta distantzia luzeetako garraiobideetan ezarriko dute. 12 urtetik gorako herritar orok erakutsi beharko du ziurtagiria; hau da, baldintza hauetako bat bete beharko du: koronabirusaren kontrako txertoaren bi dosiak hartuak izatea, 48 ordu baino gutxiagoko test negatibo baten ziurtagiria erakustea —PCRak edo antigeno testek balio dute—, edo azken sei hilabeteetan koronabirusean positibo eman izana frogatzea.

Astelehenean onartu zuten ziurtagiriaren aplikazioa hedatzeko lege proiektua Frantziako ministroen kontseiluan, eta gaur eta bihar eztabaidatuko dute Frantziako Asanblean eta Senatuan. Ostiralerako izan beharko litzateke behin betiko bozketa. Frantziako Estatu Kontseiluak ontzat eman zuen lege proiektua joan den astelehenean, zehaztapen batzuekin: gehiegizkoa iruditu zaio, adibidez, osasun ziurtagiria 20.000 metro koadro baino gehiagoko supermerkatu eta denda handietan erakutsi behar izatea, eta bezeroek osasun ziurtagiririk duten ala ez kontrolatzen ez dutenei 45.000 euroko isuna jartzea ere handiegia iruditu zaio.

Orain, tokietako arduradunen esku da agindua gauzatzea, eta batek baino gehiagok adierazi dute ez dutela batere argi nola jokatu. «Eskualdeko Osasun Agentziara deitu dut goizean, informazio eske. Parlamentuan lege proiektua onartua ez deno, ez dakigu nola egin behar dugun», esplikatu duBidarteko (Lapurdi) Bid'a Parc ikusgarri parkeko arduradunak. «Nola kontrolatuko dugu? Zeren bidez? Nola eginen dugu QR kodea egiaztatzeko? Zer baliabiderekin? Orria begiratzea aski da? Eta testak? Nortasun agiria kontrolatu behar dugu? Berez ez dut horretarako eskubiderik. Zein da protokoloa?», zerrendatu du.

Gainera, zehaztu du parkeko langile guziek hartua dutela txertoa, eta ez dela berez neurriaren kontra, baina behin eta berriz errepikatu ditu egun hauetan itzulika dituen galderak: «Gure parkea aire zabalean da; guri ere badagokigu neurria?». Haren hitzetan, egunero ehunka dei, mezu elektroniko eta mota guzietako mezu jasotzen ari da bezeroengandik galderak eginez. «PCR testa egitea ez da hain erraza; anitzek txertoaren lehen dosia baizik ez dute hartu, eta ezin ditugu antigeno testak guhaurek egin. Ez digute baliabiderik ematen. Bederatzi hilabete pasatu ditugu itxiak, sasoi betean gara; nola eginen dugu? Bordela izanen da».

Batzuek, bertan behera

Sarako (Lapurdi) leizeetan argiago dute: sarreran langile bat ezarriko dute ziurtagiriak kontrolatzeko. Besterik ez. Baina gunera sartzeko ziurtagiria erakustea derrigorrezko izateak eraginak izan ditu haientzat ere: erreserba egina zuten bezero batzuek bertan behera utzi dute bisita.

Kezka hori dute Errobiko Festibalaren arduradunek ere. Iaz ezin izan zuten festibala antolatu osasun egoeragatik, eta aurten ez dute huts egin nahi izan: bihar hasiko da ekitaldia. Ohiko publikoari zuzendutako gutun batean, beren jarrera argitu dute: «Festibala ezin dugu antolatu gutxieneko osasun neurriak errespetatu gabe. Amore eman eta bertan behera uztea errazagoa izanen zen, baina festibala atxikitzea erabaki dugu, osasun ziurtagiriak sortzen dituen baldintza zailetan».

Antolatzaileen artean eztabaida izan dutela esplikatu du Julen Axiari festibaleko zuzendari artistikoak: «Uste dugu jendeen arteko harremanak eta lotura soziala direla garrantzitsuena, eta baita gure bizian artea izatea ere. Behar ditugu musika, dantza, jendeen artean elkartzea, adiskideekin egotea.... Bizitza normala. Hori zen guretzat inportanteena».

Osasun ziurtagiririk gabe pentsatu zuten asteburu honetan Urrüstoi-Arrabilen (Zuberoa) iragatekoa den Abdelkader pastorala ere. Egun gutxian antolatu behar izan dute berriz ere dena, eta Pirinio Atlantikoetako Prefeturaren oniritzia jaso du ezarri duten antolaketa berriak. Hori horrela, erizain talde bat osatu da, laguntzaile gisa, tokian berean antigeno testak egiteko, baina ahal den heinean norberak bere kabuz egitera deitu dute. Ohartarazi dute testa egitea errefusatuko duenari ez diotela sarreraren dirua itzuliko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.