Landare zorriak topatu dituzte Andoaingo Ondarreta eta Debako Luzaro eskoletako janarian

Atzo aurkitu zituzten zomorroak, Ausolan catering zerbitzuak eramandako azalorean.

ZOMORROAK
Andoaingo eskolako plater baten argazkia, zomorro batekin. BERRIA
Iñaut Matauko Rada - Irati Urdalleta Lete
2024ko otsailaren 6a
17:05
Entzun

Berriz ere arazoak daude zenbait eskolatan emandako jangela zerbitzuetan. BERRIAk jakin ahal izan duenez, atzo landare zorriak agertu ziren gutxienez bi ikastetxetan zerbitzatutako janarian: Andoaingo Ondarreta herri eskolakoan eta Debako Luzaro eskolakoan (Gipuzkoa). Batean zein bestean Ausolan catering enpresak zerbitzatutako azalorean topatu zituzten zomorroak.

Ondarreta eskola publikoan, atzo aldatu egin zen jangela zerbitzua ematen duen enpresa. Ausolan hasi da berriz zerbitzua ematen, Serunion catering enpresarekin izandako arazoak direla eta. Leitzaran ikastetxeko ikasleek ere han jaten dute, eta langile batek BERRIAri adierazi dionaren arabera, azalore pakete batean «zomorro asko» topatu zituzten.

Langilearen arabera, plateretan zomorroak atzeman zituztenean platerak kendu eta azalore paketeak erretiratu zituzten. Haren hitzetan, ez ziren harrak, «antenak eta hankatxoak» zituzten zomorroak baizik. Hain zuzen ere, besteak beste janarian harrak agertu zirelako moztu zuen Eusko Jaurlaritzak Serunionekin zuen hitzarmena.

Enpresari eta Eusko Jaurlaritzari jakinarazi zieten intzidentzia, eta gaur joan dira laginak hartzera. Ondarreta herri eskola publikora, bertako ikasleez gain, bigarren hezkuntzako Leitzaran ikastetxeko ikasleak ere joaten dira jatera, euren eskolan ez dutelako jantoki zerbitzurik.

Andoaingoa ez da kasu bakarra izan. Guraso batek BERRIAri jakinarazi dionez, Debako Luzaro eskolako jangelan ere antzeko arazoa izan dute: zomorroak agertu dira azalorean. Luzaro ikastetxeko ikasleek ez ezik, Mendata institutukoek ere bertan bazkaltzen dute. Andoaingo eskolan ez bezala, Debakoan Ausolanek ematen zuen jangela zerbitzua orain arte ere.

Gainera, EITBren arabera, arazo bera izan dute Galdakaoko Gandasegi ikastetxean (Bizkaia), eta El Diario Vasco-ren esanetan, baita Lezoko herri eskolan ere.

Ausolanek ohar bat kaleratu du gertatutakoa azaltzeko asmoz. Bost ikastetxetan aurkitu dituzte zomorroak, eta azalore sorta erretiratu egin dute horietan eta oraindik kozinatu gabe zeukaten beste hamarretan. Adierazi dutenez, lehen lagina aurkitu zutenetik martxan jarri zituzten «alerta zerbitzuak», zomorroen jatorria identifikatzeko. Lehen ikerketak eginda, enpresak ondorioztatu du «ohiz kanpoko arrazoi naturalek eragindako kasu bakanak» izan direla.

Haien esanetan, hain zuzen ere, «lehorteak eragindako aldaketa naturalengatik» gertatu da, horiek azalorearen morfologia bereziarekin batuta «oso zaila» baita zomorro horiek ikustea. Horiek horrela, ziurtatu dute gertatutakoaren berri eman dietela arduradunei. Alabaina, Ausolanek nabarmendu duenez, gertatutakoak ez du arriskuan jarri ikasleen osasuna.

Ausolan, Serunionen ordez

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetako jangeletan arazoak izan dituzte azkenaldian. Iazko azaro aldera hasi zen Serunion Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamazazpi ikastetxetan jangela zerbitzua ematen. Hasiera-hasieratik kalitate arazoak antzeman zituzten hainbat eskolatan; janarian harrak aurkitu zituztelako, esaterako. Zerbitzua ematen hasi eta gutxira, enpresari espedientea ireki zion Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, eta, besteak beste, 40.000 euroko isuna jarri.

Azkenean, Hezkuntza Sailak aurtengo urtarrilean iragarri zuen Serunionek zerbitzu hori emateari utziko ziola otsailaren 5ean, eta beste enpresa batzuk kontratatuko zituztela. Andoaingo eskolan, Ausolan hasi zen atzo zerbitzua ematen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.