Uztailaren 25ean auto batek txirrindulari bat harrapatu zuen Zornotzan, N-634 errepidean (Bizkaia). Autoaren gidariak ihes egin zuen, eta 82 urteko txirrindularia Gurutzetako ospitalean hil zen, handik ordu gutxira. Horren harira Ertzaintzak ikerketa bat abiatu zuen, eta atzo autoaren jabea atxilotu zuten, Bilbon.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 37 urteko gizon bat atxilotu dute, polizia ikerketak hura identifikatu baitzuen autoaren jabe gisa. Bi delitu egozten dizkiote gizonari: zuhurtziagabekeriazko hilketa eta sorospen eginbeharra ez betetzea.
Hildakoa Jose Inazio Askasibar txirrindulari profesional ohia zen, elgetarra sortzez; 1965ean Fagor klubean hasi zen, eta, gero, Mobylette GAC, La Casera eta Oporton aritu. 1971 arte jardun zen profesionaletan.