Zubeldia eskolako gurasoek fusiorako agindutakoa betetzeko eskatu diote Jaurlaritzari

Portugaleteko Zubeldia Maisua eta Virgen de la Guia eskolak fusionatuko zituela iragarri zuen Hezkuntza Sailak urtarrilean. Agindutakoa bete dezala eskatu diote familiek Iñaki Orbe Hezkuntza Saileko Bizkaiko ordezkariari.

Zubeldia Maisua eskolako atarian gurasoek egin duten agerraldia, gaur goizean, Portugaleten. BERRIA
Zubeldia Maisua eskolako atarian gurasoek egin duten agerraldia, gaur goizean, Portugaleten. BERRIA
Maddi Iturriotz Alkorta
2025eko irailaren 19a
14:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iragan abenduan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragarri zuen zenbait ikastetxe publiko elkartuko zituztela. Portugaleteko (Bizkaia) Zubeldia Maisua eta Virgen de la Guia ikastetxeen kasua jakinarazi zuen, baita Gasteizko Aita Orbiso eta Umandi eskolena ere. Kasu horiei beste bat gehitu zien LAB sindikatuak: Ermuko (Bizkaia) Anaitasuna eta Ongarai eskolena. Hezkuntza Sailak azaldu zuenez, erabakiak eskola bereizkeriari aurre egitea zuen helburu.

Gaur, Zubeldia Maisua eskolako gurasoek gutun bat helarazi diete Eusko Legebiltzarreko alderdiei. Izan ere, eskolara bisitan joan dira Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeko ordezkariak, eta bisita hori probestu dute eskolako ordezkariek, eta protesta bat egin eskolako atarian. Legebiltzarkideei eman dieten idatzian azaldu dute iazko ikasturtearen hasieran jakin zutela euren seme-alaben ikastetxea alboan dagoen Virgen de la Guia ikastetxearekin fusionatuko zutela. Gurasoen arabera, adierazi zieten fusio hori aurtengo ikasturtean egingo zutela, eta Hezkuntza Sailak esan zuen erabaki hori «eztabaidaezina» zela.

Orduan hainbatek adierazi zuten moduan, erabakia «presaka» hartu dela errepikatu dute gaur, eta gaineratu dute Hezkuntza Sailak ez duela aurretik «inolako azterketarik egin zentroen egoeren inguruan, ezta programaziorik ere». Gainera, lan karga guztia ikastetxeko zuzendaritzaren bizkar utzi izana leporatu diote Eusko Jaurlaritzari: «Ikasturte gogorra izan da bai Zubeldia bai La Guia eskoletako hezkuntza komunitatearentzat». Ikasleen familiek aipatu dute eurek ere «aktiboki» parte hartu dutela «administrazioaren betebeharrak» liratekeenak betetzeko.

Saririk gabeko lana

Egindako guztiaren truk ezer ez dutela jaso salatu dute: «Ez dute agindutakoa bete. 2024-2025eko ikasturtea administrazioak agindutakoa bete gabe amaitu dugu».

Esplikatu dute Iñaki Orbe Hezkuntza Saileko Bizkaiko ordezkariak Eusko Legebiltzarreko agerraldi batean ondorengoa iragarri zuela: «Uda honetan bi sarreretako ateak —eraikin nagusikoa eta Haur Hezkuntzakoa— polikarbonatoz estaliko ditugu. Eta urte natural honetan ikaslab-a ere egingo dugu». Gaur argi eta garbi azaldu dute legebiltzarrean esandakoa ez dutela bete: «Sarrerako ateak ez dira estali, eta ikaslab inolako material eta hornikuntzarik gabeko toki ireki bat da».

«Euskal eskola euskaldun eta publiko baten alde egiten dugu»

ZUBELDIA MAISUA ESKOLAKO GURASO TALDEA

Horren ondorioz, adierazi dute ez daukatela inolako bermerik Eusko Jaurlaritzak agindutakoaren inguruan: «Dagoeneko badakigu esandakoa hitzak baino ez direla».

Portugaleteko Udalarentzat ere izan dituzte hitz batzuk. Esan dutenaren arabera, udalak eta Hezkuntza Sailak eskolarekin «erabateko lankidetzan» arituko zirela eta «ahalik eta baliabide gehien» jarriko zituztela agindu zieten. Gurasoek gaineratu dute «errealitatea bestelakoa» izan dela: «Bi zentroetako irakasleek eta zuzendaritzak egokitu eta moldatu behar izan dituzte instalazioak, inolako laguntzarik gabe. Esaterako, altzariak eraman, gelak garbitu… Hau da, haien eginkizunetatik kanpo dauden lanak egin». 

Neurri zehatzen beharra

Ikasturte honen lehenengo egunean, aulkiak, mahaiak, arbelak eta beste material batzuk patioan eta umeen pasaguneetan metatuta zeudela aipatu dute, eta egoera jasanezina dela azpimarratu: «Orain arte familiok pazientzia izan dugu, baina nahikoa da. Agindutakoa betetzeko eskatzen dugu, eta horretarako benetako aldaketak nahi ditugu».

Eskatzen dituzten neurrien artean honako hauek aipatu dituzte: uda honetan egitekoak ziren obra txikiak ahalik eta lasterren egitea; obra handien kasuan, lizitazioekin hastea; datorren urteko aurrekontuetan agindutako obrak kontuan hartzea, eta benetan aritzea lankidetzan.

Azkenik, esan dute ez direla isilik geratuko, eta ez diotela euren eskolari «hiltzen» utziko: «Euskal eskola euskaldun eta publiko baten alde egiten dugu, non geure seme-alabak seguru egongo diren eta irakasleek irakatsi ahal izango duten, instalazio egoki eta duinetan».

Kezkak hasiera-hasieratik

Fusioaren berri eman zutenean, BERRIAn informazio falta eta aldebakarreko erabakia izatea salatu zuten eskoletako langileek eta gurasoek, baita EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak ere. Elkarte horretako koordinatzaile Lurdes Imazek, Ainhoa Zarraga Virgen de la Guia eskolako irakasle ohiak eta Zubeldia Maisua eskolako gurasoek bat egin zuten euren kezkak azaltzeko. Kontatu zutenez, beldur ziren ea integrazio prozesu horrek ez ote zuen murrizketarik ekarriko. Umandi eskolako gurasoen elkarteko kide Luis Antonio Ruiz de Gaunak ere argi salatu zuen egoera: «Fusio bat dela saldu nahi digute, ikastetxe bat ixteko gero».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.