Zubietako erraustegiko (Donostia, Gipuzkoa) langileek elkarretaratzea egin zuten atzo Ekobal enpresaren instalazioen aurrean, langile batzordeak deituta, lan osasuneko bermeak eta hitzarmen kolektiboa eskatzeko. Izan ere, asteazkenean bederatzi langile ospitalera eraman behar izan zituzten, «intoxikazio larria» izan ostean erraustegian piztua zen sute bat itzaltzeko lanetan.
Ekobal enpresako batzordeak eta LAB sindikatuak salatu dutenez, langileek babes material eta bitarteko egokirik gabe itzali zuten erraustegian piztutako sutea. «Plantaren toxikotasunaren ondorioz lau salaketa aurkeztu ditugu Lan Ikuskaritzan», adierazi du Gotzon Intxaurrandieta LABeko ordezkariak. Gainera, instalazioen ateak «itxita» egoten direla eta barruko kea «toxikoa» dela salatu du.
Ikusi gehiago
Arlo ekonomikoarekin lotutako eskariak ere egin dituzte langileek, baina enpresak erantzun die «dirurik ez» dagoela. «Badakigu dirua badagoela, Ekondakinek azken urteetan bazkideen artean 15 milioi euro banatu eta Ekobalren diru kutxak hustu baititu», ziurtatu du sindikatuak. «Ekobalek funtsik ez dagoela argudiatu arren, egia da Ekondakin enpresa diru guztia atxikitzen ari dela», adierazi du Intxaurrandietak.
Erraustegiko langileek urtebete daramate lanuzteak eta protestak egiten hitzarmen propioa lortzeko. Lan «espezifikoa» egiten dutela kontuan hartuko duen akordio bat nahi dute. Egoeraren harira, sindikatuak azpimarratu du irailean beste mobilizazio batzuk egingo dituztela.