Zuhurtziaren beharra (eguneko laburpena)

Azken orduetan 495 positibo berri atzeman dituzte (bezperan baino 48 gutxiago). Guztira, Euskal Herriak 25.000 positiboren langa gainditu du. 

Zenbait hiritan eremu bereziak prestatu dituzte oinezkoek lehentasuna izan dezaten asteburuan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Pello Urzelai.
2020ko maiatzaren 9a
19:43
Entzun

Konfinamendua leuntzeko lehen fasean sartuko dira Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa, eta Espainiako Gobernuak jarduerak egiteko arau eta zehaztasunak argitaratu du gaurko BOEn. Besteak beste, muga batzuekin, baimenduta egongo da hurbilekoak ikustea, hitzordurik gabe erosketak egitea, terraza batean esertzea, eta 400 metro koadro baino gutxiagoko saltokiak irekitzea. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du lehen fasea mugatu egingo duela. Mugikortasuna udalerri barrura mugatuta egongo da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ezin izango da herri batetik bestera joan, lanera, eskolara edo medikuarengana joateko ez bada. Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaile hau hartu du, zuhurtziaz jokatzera behartzen duen daturik izango duelako.

Gaurko datuak ez dira oso diferenteak atzokoetatik, baina egun bakoitzak du bere berezitasuna. Eguneko positibo kopuru osoa handi samarra da oraindik ere: azken orduetan, 495 positibo berri atzeman dituzte (bezperan baino 48 gutxiago). Guztira, Euskal Herriak 25.000 positiboren langa gainditu du (zehazki, 25.153 positibo metatu dira). Datu horrek baieztatu du COVID-19ak oso intzidentzia handia izan duela Euskal Herrian (777 pertsona 100.000 biztanleko), beste lurralde asko baino handiagoa (Kataluniaren intzidentzia tasa, adibidez, 678ko da). 

PRC test bidez, 43 positibo atzeman dituzte azken orduetan (- 40). Gehienak Nafarroan atzeman dituzte (33), eta besteak EAEn (10). Datu horiekin, intzidentzia tasa (azken 14 egunetan jakinarazitako kasu metatuen kopurua 100.000 biztanleko) handia da Nafarroan (62,98), eta behera egin du EAEn (33,74). Baina azken orduetan ospitaleratutako pertsonen kopurua begiratuz gero, daturik okerrena EAEn dago: 47 ospitaleratu berri; Nafarroan, berriz, 6 zenbatu dira. Azken 14 egunetako joera aztertuz gero, datuek anomalia bat erakusten dute EAEko datuetan. Azken 14 egunetan, 745 PCR positibo eta 490 ospitaleratze berri zenbatu dituzte. Hau da, ospitaleratze bakoitzeko 1,5 PRC positibo. Oso proportzio handia da. Gainera, deigarria da bi egunetan (gaur, adibidez 47/10) ospitaleratze gehiago egotea positiboak baino. Nafarroaren kasuan, azken 14 egunetan, 412 PRC positibo eta 84 ospitaleratze zenbatu dituzte: ospitaleratze bakoitzeko, 4,9 PRC positibo.

Hildako kopuruari dagokionez, beste 16 pertsona hil dira koronabirusaren gaitzarekin gaixotuta (bezperan baino bost gehiago). Guztira, 1.900 pertsona hil dira. 100.000 biztanleko 59,42 heriotza, oso tasa handia mundu mailan ere.

DATUAK: Koronabirusaren azken datuak

MAPA: Koronabirusaren hedapena herriz herri eta osasun eremuka

EKONOMIA: Shock ekonomikoaren zenbakiak   

 

Agian honek merezi du

Txertorik onena. Fernando Valladares CSICeko ikertzailea da, eta Espainiako Natur Zientzietako Museoko Ekologia eta Aldaketa Globalekotaldeko ikertzaile burua. Elkarrizketa interesgarria egin dio Iñaki Petxarroman kazetariak. Zoonosien eragina gutxitzeko orduan natur ekosistemek duten garrantzia azpimarratu du Valladaresek. "Espezie aberastasuna duten ekosistemek inguratuta bizitzea da gure txertorik onena", dio CSICeko ikertzaileak. Haren ustez, «natura babestea ez da gastu bat, inbertsio bat da, inbertsiorik errentagarriena, gainera». Etorkizuneko pandemien arriskua jaisteko gakoa natur ekosistemen osasuna zaintzea da, espezie aniztasuna duten ekosistemei eutsiz.

Hitzekin jolasean. Konfinamenduaren hasieran, Txakur Gorria kolektiboak sormen erronka bat plazaratu zuen BERRIA Aretoan: hitz asmatuekin jolatuz, «hizteria kolektiboa» sortzea. 70 bat lagunek heldu diote eta denen ekarpenak bilduta Hizteria kolektiboa sormen lana osatu dute. Asmatutako hitzak, haien definizioak eta haiek laguntzen duten ilustrazioak dira lanaren osagai nagusiak. Liburu forma du, eta PDF formatuan doan deskargatu ahal izango da bihar eta etzi BERRIAren webgunean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.