Irakurri serie honetako artikulu guztiak
Abiadura handiko trenaren (AHT) euskal Y-aren trazatuaren bi heren tunelen azpitik doaz. Hori kontuan izanda, erraz ulertzen da zulo batean barneratzearen antzeko zerbait dela azpiegitura hori. Zulo hitza askotan aipatu da, zentzu metaforikoan, proiektuari buruz mintzatzean, horretarako jarri den diru kantitate handia dela eta, esate baterako. Baina bada beste arlo bat ere, non zuloaren metafora propio erabili duten: langileen eskubideen urraketari erreferentzia egitean, hain zuzen ere.
Obrak hasi zirenetik, hamahiru langile hil dira azpiegitura hori eraikitzeko lanetan, eta Osalanek —laneko arriskuen prebentziorako eta segurtasunerako Jaurlaritzako institutuak— egindako txostenei erreparatuta, langileen segurtasunaren inguruko urraketa larriak izan dira istripu horietako askotan. Eraikuntzan aritu diren langileen lan baldintza «prekario eta esplotaziozkoak» salatu ditu ELA sindikatuak, zenbait urtez informazioa bildu eta egoeraren jarraipena egin ostean. Salaketa horietako asko onartu ditu Jaurlaritzak. Besteak beste, aitortu du langileei zegokiena baino gutxiago ordaindu zaiela modu sistematikoan, eraikuntzako hitzarmena ez zaiela ezarri, oporrak eta jaiegunak ez dizkietela ordaindu, zegozkien baino lanaldi luzeagoak ezarri zaizkiela eta, azkenik, haien lan segurtasuna urratu dela. Horiek denak onartu ditu Jaurlaritzaren Lan Sailak hainbat ebazpenen bidez. Hala ere, ondorio arinak izan dituzte salaketa horiek enpresentzat: 6.000 euro inguruko isun bat urratutako atal bakoitzeko.
ELAren Manu Robles Arangiz fundazioaren enkarguz Urko Apaolaza Argia-ko kazetariak ondu zuen Zuloan liburuan bildu zituzten AHTaren lanetan atzemandako lan urraketa horietako asko. Lanak hamar urtez aztertu eta gero, Igor San Jose ELAko Eraikuntza alorreko arduradunak eskarmentu nahikoa du ondorioak ateratzeko: «Banakako salaketa asko frogatu ditugu, baina guk harago joan nahi genuen, erakutsi nahi genuen sistematikoki gertatzen ari zela hori. Guk egindako lana gorabehera, isun guztiz tristeak jarri dizkiete enpresei. Guk zera nahi genuen, onartzea obra horiek iruzurrean eta prekaritatean oinarritzen zirela».
Baina etsipenez aitortu du hori ez dutela lortu. Uste du AHTa «blindatuta» egon dela beti ikuspegi politiko batetik. «Alderdi politiko bera egon da Jaurlaritzan, Eusko Trenbide Sarean ―Gipuzkoako zatiaren arduraduna― eta Lan Ikuskaritzan. Eta irudipen bera izan dut salaketa bat jarri izan dugun aldiro; alegia, zakarrontzira joan dela». Gogoratu du nola, behin, Lan Ikuskaritzara salaketa bat jartzera zihoala, bertako nagusiarekin topo egin eta hark zera esan ziola: «AHTari buruzko salaketa dakarzu? Elizarekin egin duzu topo».
Tabakaleran bai, AHTan ez
San Josek dioenez, konturatu dira lan urraketen harira ezberdin jokatu dutela instituzioek AHTan eta beste eraikuntza lan batzuetan. Bi adibide jarri ditu: diputazioak egin zuen Hernaniko saihesbidearen lana, eta Tabakalerakoa, Donostiako Udalak sustatutakoa. «Bi obra horietan ez ziren lan baldintzak errespetatzen, eta froga asko genituen horren inguruan. Lan Ikuskaritzak arrazoi eman zigun, eta epaitegietan ere frogatuta geratu zen». Ikerketa horretan ari zirela, baina, ohartu ziren Tabakalera eraikitzen ari zen enpresak, Sogeprobi bizkaitarrak, furgonetaz bidaltzen zituela langileak egunero Bizkaitik Gipuzkoara: batzuk Tabakalerako obretara joaten ziren, eta besteak AHTaren Hernaniko zatiko obretara. «Egunaren arabera, batera edo bestera joaten ziren, eta lan baldintza berak zituzten, noski. Guk, Tabakaleraren kasuan, frogatu genuen lanaldi luzeegiak egiten zituztela, baina AHTan ez genuen halakorik lortu. AHTaren kasuan, ez ikusiarena egin zioten egoerari». Bitxiena da Tabakaleran eta AHTan ikuskatzaile berak aritu zirela lan urraketa posibleak aztertzen.

«Banakako salaketa asko frogatu ditugu, baina guk harago joan nahi genuen, erakutsi nahi genuelako sistematikoki gertatzen ari zela hori. Zera nahi genuen, onartzea obra horiek iruzurrean eta prekaritatean oinarritzen zirela»
IGOR SAN JOSE ELAko Eraikuntza arduraduna
AHTaren obretan aritu diren langileen %90 Euskal Herriz kanpotik heldu dira, eta, ELAk bildutako informazioaren arabera, lau eta zortzi euro artean kobratu izan dituzte lanorduko. «Gipuzkoako hitzarmena aplikatu izan bazieten, 17-18 euro kobratu beharko zituzketen». ELAk frogatu zuen langile batzuk lau urtez aritu zirela lanean oporrik gabe. Gaixotzen zirenean ere, baja ordaindu beharrean, kontratua mozten zieten, gizarte segurantzatik langabezia kobra zezaten. 12 orduko lanaldiak ere ohikoak ziren, eta zenbait kasutan 16 ordura ere luzatu izan dira. Obretan aritu zen Mijai Cojocaru langile errumaniarrak honela deskribatu zuen egoera, Argia-ri emandako elkarrizketa batean: «Soldatak eskasagoak dira han [Errumanian], baina ni han ez naiz sekula zortzi ordu baino gehiago lanean aritu... Goizean hasi eta beranduenez lauetarako amaitzen genuen; larunbat eta igandean ez genuen lanik egiten. Lan asko zegoen, baina beti zortzi ordu». Elkarrizketa horretan bertan kontatu zuen Cojocaruk oporrak hartu behar zituenean enpresak kaleratu egiten zuela, eta epe horretan langabezia kobratu besterik ezin zuela egin.
San Josek gogoratu du prozedura horren bidez iruzur handia egin diotela AHTan aritu diren enpresek Gizarte Segurantzari: «Azken finean, prekaritatearen atzean iruzurra dago. Langile bati ez badiozu ordaintzen ordaindu behar diozuna, ez duzu kotizatuko ogasunean dagokizuna, eta esan daiteke %50-60 inguru gutxiago ordaindu izan dietela, kontuan hartu gabe oporrak, bajak, jaiegunak eta aparteko orduak...».
Azpikontraten erresuma
AHTaren «zulo» horretan garrantzi handia izan dute azpikontratatuko enpresek. Hildakoak izan diren istripuei buruzko artikulu askotan irakurri izan da ezbeharra jasandako langilea azpikontratatutako enpresa batentzat ari zela lanean. ELAk horren atzean dagoen iruzur orokorra salatu du. San Jose: «Iruzur bat legezko bihurtu dugu, baina iruzur bat da. Ez da normala Eusko Jaurlaritzak ETS bidez esleitzea obra bat, baldintza batzuk eskatzea enpresei, eta gero, esleitu ostean, oso ezagunak diren enpresa horiek beste enpresa batzuei esleitzea obra hori bera». Izan ere, San Josek dioenez, ez dituzte azpikontratatu obraren zati jakin eta espezializatu bat egiteko, elektrizitatea, adibidez. «Hemen, eraikuntzan aritzen den enpresa batek obra bat esleitu dio eraikuntzan ari den beste enpresa bati. Enpresa esleipendunak arduradunak jartzen ditu, eta hark ematen dizkie aginduak azpikontratutako enpresako langileei. Hori lanaren legez kanpoko lagapena da». Enpresa horiek aldi baterako laneko enpresa gisa funtzionatu dute, kostuak merkatzeko. «Eta, jakina, merkatu beltz horretan enpresa piratak agertzen dira. Haiek ekartzen dituzte atzerriko langileak baldintza prekarioetan, uste dutelako ez zaizkiela bertakoen lan baldintzak ezarri behar... Hori, zalantzarik gabe, arrazakeria da».
AHT-aren lanetan langileak hil direneko istripuak
- 2008ko uztailaren 14a. Florian Popa langile errumaniarra hil zen Lukun (Araba), tona ugariko kofratze pieza batek harrapatuta. Osalanek egindako azterketaren arabera, segurtasun planak ez zuen zehazten nola lan egin behar zen pieza horiekin, eta, egun hartan, gizona hainbat orduz aritu zen modu okerrean lanean. Mecanotubo enpresarentzat ari zen lanean.
- 2010eko abuztuaren 11. Construcciones Gomes azpikontratarentzat lanean ari zen 49 urteko langile portugaldar bat hil zen, elektrokutatuta, Duranan (Araba). Garabi bat zuzentzen ari zen, eta zama batzuk kable bati konektatzera zihoan. Orduan, tentsio ertaineko kable bat ikusi ez, eta jo egin zuen, eta horrek sortu zuen deskarga elektrikoa. Osalanek aitortu zuen lan metodoa desegokia zela.
- 2010eko abenduaren 9a. Mykola Vistxenki langile ukrainarra hil egin zen, eta Dragomiv Jordanov bulgariarra larri zauritu, Albertiako (Legutio, Araba) tunelaren zulaketan sobera geratutako dinamita kartutxoak suntsitzen ari zirela, leherketa batean. Zauritutako langileak jakinarazi zuen lehergaiak botatzen zituztela propio prestatutako su batera, sei metroko distantziatik. Hala egiten zuten beti, haren testigantzaren arabera, nahiz eta lan hori egiteko titulaziorik eta prestakuntzarik ez izan. Ferrovial-Agroman enpresarekin ari ziren lanean.
- 2011ko martxoaren 11. 46 urteko langile bat hil zen Antzuolan (Gipuzkoa), AHTaren obretan, kamioi bat gidatzen ari zela, bihotzekoak jota.
- 2011ko irailaren 6a. C.A.D. 47 urteko Portugalgo langilea hil zen Tolosan (Gipuzkoa), Aldaba Txiki auzoan, gidatzen zuen dumper artikulatua pendiz handiko aldapa batean behera kontrolik gabe irristatu zenean. Babeserako hesi batekin talka egin zuenean, hura hautsi eta ezponda piko batetik erori zen. Osalanek aitortu zuen lanaldi luzeak —12 ordukoak— egiten zituztela langile horiek, eta kamioi barruan lo egiten zutela askotan. Istripua goizeko lauretan gertatu zen.
- 2012ko uztailaren 12a. Antonio Alvarez Rodriguez 55 urteko langile espainiarra hil egin zen Arrasaten (Gipuzkoa), Atxetarri tunelaren iparraldeko ahoan 40 tonako pieza bat gainera erorita. Jakinarazi zutenaren arabera, gizona pieza horietako baten goialdean zegoen beste bat gainera erori zitzaionean. Tierra Armada de Prefabricados enpresarentzat lanean ari zen, azpikontratatuta.
- 2013ko abuztuaren 7a. Sastrakak kentzen eta eremua prestatzen ari zen langile bat hil zen Asteasuko (Gipuzkoa) tunelaren ondoan mozten ari zen astigarrak bizkarrean jo ostean. Azpikontratatuta zegoen, eta malda handiko eremu batean ari zen lanean, segurtasun neurri ezegokiak hartuta, Osalanek berak ondorioztatu zuenez. Mozteko teknika ere desegokitzat jo zuen.
- 2013ko abuztuaren 26a. Jose Maria Castillo Alonso 44 urteko langile madrildarra 6,5 tonako konpresore batek zanpatuta hil zen Bergara-Antzuolako zatian (Gipuzkoa). Zulagailu bat ari zen gidatzen, eta makina horrekin konpresore bat mugitzen saiatu zen, nahiz eta halakorik ez zukeen egin behar. Aldapa batera iristean, makinaren kontrola galdu zuen, eta zulagailuak eta konpresoreak harrapatuta hil zen. Cimentaciones Singulares azpikontratarentzat lanean ari zen.
- 2018ko irailaren 20a. 46 urteko langile bat hil zen Zornotzan (Bizkaia), lanaldia bukatutakoan ondoezik sentitu ostean.
- 2018ko urriaren 2a. 30 urteko A.B. langilea Adunako (Gipuzkoa) tunelean izandako istripuan hil zen. Azpikontrata baten azpikontrata batentzat ari zen lanean. Tunel barruan gertatu zen istripua, eta bi kamioiren artean harrapatuta hil zen langilea. Hormigoi makina baten gidaria zen.
- 2021eko uztailaren 21a. 52 urteko langile bat hil zen Elorrion (Bizkaia), AHTaren lanetan, bihotzekoak jota. Gizona azpikontrata batean ari zen lanean, ELA sindikatuak salatu zuenez.
- 2022ko uztailaren 15a. 48 urteko langile portuges bat hil zen Tafallan (Nafarroa), aldamio batetik erorita, AHTaren lanetan ari zenean.
- 2025eko maiatzaren 26a. 49 urteko A.H.G langilea hil zen Atxondon (Bizkaia), pieza batek hura kolpatu eta zauri larriak eraginda, odolustuta. Langilea Conprovial azpikontratarentzat ari zen lanean.