Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua Euskadi Irratiko mikrofonoan mintzatu da goizean, Hernanin (Gipuzkoa) haren kontra agertu diren pintaketen harira, eta hizpide izan du bete gabe geratu diren 270 ertzain eta udaltzain lanpostuen afera. «Datozen 30 urteetako ertzainak prestatuko ditugu orain: nik uste dut exijentzia maila bat ipini behar dugula», argudiatu du.
Hautaketa prozesua hastapenean da oraindik, proba teorikoa eta psikoteknikoa eginik: 3.609 hautagaietatik hirurehun inguruk baino ez dute gainditu bigarren proba, hamarretik batek baino gutxiagok. Ondorioz, eta deialdiaren oinarrietan jasota dagoen moduan, gainditzeko beharrezko nota apaldu dute; horrela, azkenean zazpiehun inguru izan dira psikoteknikoa pasatu dutenak.
«Ertzain izateko ikasi egin behar da, eta agian batzuek ez dute behar beste ikasi», esan du Zupiriak: «Kalean ertzain edo udaltzain ibiliko den batek formakuntzak jasoko ditu, baina gaitasun batzuk behar ditu». Deialdi horretan, betiere, oraindik egiteko dituzte proba fisikoak eta elkarrizketa pertsonalak; gero, udazkenean, ezohiko deialdi bat egingo du Eusko Jaurlaritzak.
Etorkizunera begira jarrita, Zupiriak azaldu du «ehunka pertsona prestatu» beharko dituztela datozen 30 urteetan ertzain izateko: «Oso exijenteak gara Ertzaintzarekin: eskatzen diegu berehala erreakzionatzeko, erreakzio hori egokia izateko; horretarako, ondo prestatutako jendea behar dugu». Haren ustez, aurten eginarazi duten azterketa ez da hain desberdina izan beste urteetakoekin alderatuta, eta, sindikatuek zenbait kritika egin badizkiete ere, azpimarratu du azterketa hori prestatu dutenen artean izan direla «berrogei urtez azterketak prestatzen egon diren horiek berak». Erantsi du aurten proba psikoteknikoa aldatu egin dela.
Segurtasun auziez ere mintzatu da, zabalago: erran du horrek ere azaldu behar lukeela zergatik beharko dituzten hainbeste ertzain eta udaltzain datozen urteetan, eta zergatik azpimarratu duen, behin eta berriz, zer-nolako eskakizunak ezarriko dizkieten deialdietara aurkezten direnei . Kontatu duenez, azkenaldian egin dituzten zenbait inkestatan agerian gelditu da herritarren artean segurtasuna indartzeko gogoa nabarmendu dela. Halere, aitortu du delituak ez direla nabarmen ugaritu aurtengo lehen sei hilabeteetan.
Badago beste fenomeno bat ere: mesfidantza sortzen ari da atzerriko pertsonei dagokienez, eta badira talde antolatuan erasotzen dieten herritarrak. Galdetu diote gisa horretako taldeak identifikatuak ote dituzten: erantzun duenez, oraingoz atzeman duten talde antolatu bakarra Donostiako Gros auzokoa litzateke, Kaleko Afari Solidarioen debekuaren testuinguruan jardun duena kalean atzerritarrei jazartzen, baina gehitu du harrezkero ez dutela beste talderik atzeman.
Kalean arma zuriak eramaten dituen geroz eta jende gehiago daudela ere azaldu du, baina atzerritarrek bezainbeste tokiko jendeek ere eramaten dituztela orain. Zehaztu dute halako kasuei lotutako kontrolak eginen dituztela hemendik goiti ere.
Pintaketak eta istiluak
«Jende askok deitu eta idatzi dit: oso eskertuta nago», aitortu du Zupiriak gero, pintaketen aferari heldu diotelarik. Bertzeak bertze, Zupiriaren eta Ertzaintzaren kontrako hainbat pintaketa egin zituzten joan den astean Hernaniko frontoian: «Vicente Zupiria txakurren jabia», zioen horietako batek, svastika bat ondoan zuela; pintaketak ezabatu dituzte geroztik.
Jasotako sostengua eskertuta, ez da anitz luzatu pintaketen auzian. Gertaera hori egoera orokorrarekin lotu du: « Gure gizartean, jokabide desegoki batzuk sumatzen dira toki eta garai jakin batzuetan. Bilbon, adibidez, harrituta utzi gaituzten jokabideak eta istiluak ikusi ditugu Athleticen Europa ligako partiden inguruan. Nik ez dut inor inorekin lotuko, baina uste dut gertakizun horien harira jarrera irmoak izan behar ditugula, eta, konnibentzia kasuetan, uste dut babes osoa eman behar diegula horri aurre egin behar dioten udaltzainei eta ertzainei».