Ertzain edo udaltzain izateko aurkeztutakoen %90ek ez dituzte gainditu azken oposizioak

Bete gabe geratu dira 270 lanpostu, eta Eusko Jaurlaritzak beste deialdi bat egingo du, presazkoa. Jada 2.800 lagunek suspenditu dute, eta hautaketa prozesuan aurrera segitzen dutenek egiteko dituzte oraindik proba fisikoak eta elkarrizketa pertsonalak.

Bingen Zupiria eta Imanol Pradales Arkautin, ekainean. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
Bingen Zupiria eta Imanol Pradales Arkautin, ekainean. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko uztailaren 29a
12:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez dira fin ibili ertzain edo udaltzain izateko azken LEP lan eskaintza publiko bateratura aurkeztu diren hautagaiak: lehen aldiz, gehiago izan dira eskainitako lanpostuak, azterketa gainditu duten lagunak baino. Denera 650 lanpostu eskaini zituzten, eta, 3.609 pertsona aurkeztu ziren arren —beste mila inguruk izena eman zuten, baina ez ziren agertu—, 380k soilik gainditu dituzte proba teorikoa eta psikoteknikoa. Horren ondorioz, eta sindikatuek hala eskatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ezohiko deialdi bat egingo du udazkenean.

Eskaini diren lanpostuetako 473 Ertzaintzarako dira, «segurtasunekoak denak, kale lanetarakoak», eta beste 177 lanpostu, EAEko 22 herritan udaltzain izateko; tartean dira Bilbo (67), Gasteiz (48), Barakaldo (12), Portugalete (8), Zarautz (4), Tolosa (3) eta Basauri (3). Denera 650 lanpostu eskaini dituen hori pandemiaz geroztik egin diren LEP bateratuetan handiena da. Azterketak duela aste batzuk egin zituzten, Barakaldoko BECen (Bizkaia).

ESPAÑA POLICÍAS OPE
Zupiria eta Apraiz, azken LEP bateratua aurkezten, martxoan. IREKIA

Galbahe handiena proba psikoteknikoa izan da: 3.609 hautagaietatik hirurehun inguruk baino ez dute gainditu proba hori, hamarretik batek baino gutxiagok. Ondorioz, eta deialdiaren oinarrietan jasota dagoen moduan, gainditzeko beharrezko nota apaldu dute; horrela, azkenean zazpiehun inguru izan dira psikoteknikoa pasatu dutenak.

Horietako zenbaitek, ordea, proba teorikoan huts egin dute, eta horregatik eskuratu dute 380 hautagaiek soilik polizia izateko onespena: probara aurkeztutakoen %10 inguruk.

Kontua ez da hor bukatzen: hautagaiek proba fisikoak egingo dituzte uda ostean, baita elkarrizketa pertsonalak eta mediku kontrolak ere. Izaten dira hautaketa prozesuaren parte hori gainditzen ez dutenak ere, eta, beraz, litekeena da azterketak gaindituko dituztenen kopurua are apalagoa izatea azkenean. Amaierara heltzen diren agenteek 2026. urtearen hasieran ekingo diote Arkautin trebatzeari, eta 2026. urtearen amaieran hasiko dira praktiketako zerbitzuan. 

8.000 agente 2030erako

Lanpostu bat eskuratu nahian ari direnei ez diete eskatu maila jakin bat edukitzea hizkuntza arloan. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak martxoan azaldu zuenez, «behin aukeraketa egiten denean» formakuntza aldia hasiko da, eta hura bukatzean hartuko dute aintzat lanpostua lortutakoen hizkuntza maila, «postu bakoitzak bere hizkuntza eskakizunak baititu». Oposizioko ariketak euskaraz edo gaztelaniaz egiteko aukera izan dute hautagaiek.

Emaitza eskasen arrazoiak askotarikoak izan daitezke. Besteak beste, azken urteetan zenbait LEP bateratu egin dituzte, eta hautagaien poltsa nabarmen txikitu da, Eusko Jaurlaritzak ahaleginak egin dituen arren herritarrak polizia izatera bultzatzeko.

Segurtasun Sailaren datuen arabera, 7.278 ertzain zeuden 2024a amaitzerako, eta 8.000 agente izateko helburua ezarria dute 2030. urterako. Aurrez, Ertzaintza behin soilik heldu da kopuru horretara: 2011n izan zen, Patxi Lopez lehendakariaren agintaldian. Hain justu, ETAk urte hartan eten zuen bere jarduera armatua behin betiko, eta ordutik, gorabeherak tarteko, kopuruak beherantz egin du, egungora iritsi arte; izan ere, 2022an 7.848 kide zituen Ertzaintzak, egun baino ia seiehun gehiago.

Beherakadaren arrazoi nagusietako bat jubilazioak izan dira, eta oraindik ere dezente izango dira: espero dute aurten eta hurrengo urtean seiehun lagun inguru erretiratzea. Hain zuzen, «belaunaldi erreleboa» da agente kopurua areagotzeko baliatu dituzten argudioetako bat. Azken urteetan bereganatutako eskumenak kudeatzeko beharra da beste bat. Esaterako, Madrilek eta Gasteizek iaz adostu zuten Ertzaintzak polizia lanak egitea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aireportu eta portuetako zerbitzu eremuetan. Postu horiek betetzeko jende trebatua lortzea bihurtu da erronka orain.

ERNE, SIPE eta Esan sindikatuek hurrengo azterketa egokitzeko eskatu dute

Ertzainetako hiru sindikatu nagusiek aldaketak eskatu dituzte uda osterako iragarri duten Lan Eskaintza Publikorako. Sergio Gomez de Segura ERNEko ordezkaria ez da harritu oposizioak gainditu ez dituztenen datua jakindakoan. Uste du ohi baino askoz ere jende gutxiago aurkeztu dela azterketetara, eta iruditzen zaio gogoeta egin behar dela horren inguruan, Ertzaintza «erakargarriago» egite aldera. 

Esan sindikatuko iturriek Europa Press berri agentziari azaldu diotenez, berriz, %90ek gainditu ez izanak ahoa bete hortz utzi ditu, eta proba psikoteknikoetan azken orduko aldaketak egin izanari egotzi diote emaitza. SIPEk ere azterketak egiteko modua egokitu izanari egotzi dio emaitza. «Ez da izan prestakuntza faltagatik, Arkautiko akademian egon den inprobisazio onartezinarengatik baizik. Hainbat irizpide aldatu dira gardentasunik eta planifikaziorik gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.