Ikusmin handia zegoen jakiteko Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak zer esango ote zuen Eusko Legebiltzarrean Ertzaintzak larunbatean Loiuko aireportuan (Bizkaia) izandako jokabidearen inguruan. Igandean egindako lehen balorazioaren ildoari heldu dio hasieran: barkamena eskatu du berriro, eta azpimarratu «ez zuela behin ere» halakorik gertatu behar. Baina Ertzaintzaren esku hartzea justifikatu du jarraian, adierazi baitu istiluak agenteen kontrako «erasoen» ondorioz hasi zirela. Are, horiek eragin zituztenak ETArekin eta «ezker muturreko» taldeekin lotu ditu. Hala, ertzainen jokabidea zuritzea leporatu diote oposizioko taldeek, eta neurriak hartzeko eskatu.
Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordea gaur zen biltzekoa, baina Zupiriak gai zerrenda aldatzeko eskaera egin zuen, larunbateko gertakarien inguruko azalpenak eman ahal izateko. EH Bilduk eta Sumarrek ere argibideak emateko eskaera egin zioten sailburuari, iritzita Poliziak era «neurrigabean» erabili zuela indarkeria. Bi taldeetako ordezkariek «kezka» agertu dute, halaber, mundu osoan lau haizeetara zabaldu ziren irudiengatik, uste baitute Euskal Herriaren eta Ertzaintzaren izen ona «zikindu» dutela.
Hain zuzen ere, irudi horiek izan duten oihartzunaz jabetuta, Zupiriak ingelesez hasi du hitzaldia. Barkamena eskatu du, eta esan du «bene-benetan» sentitzen duela halako zerbait gertatu izana: «Sentitzen dugu halako zerbait gertatu izana, bereziki ez zuelako gertatu behar». Aitortu du Ertzaintzak egoera beste modu batera kudeatu behar zuela, baina argi utzi du flotillako kideak ez zituztela «arrazoi ideologikoengatik» edo haien «aktibismoagatik» jo.
Horren harira, berretsi du Jaurlaritzak Israel Gazan egiten ari den «genozidioa» gaitzesten duela, eta Global Sumud flotillako kideen aldarrikapenak errespetatzen dituela, baina argi utzi du larunbatean gertatu zenak ez duela zerikusirik horrekin. Esan du «ordena publikoko» arazo bat dela, gizartearen parte batek Ertzaintzarekin duen jarrerak eragindakoa: «Garai bateko suaren errautsak bizirik daude oraindik zenbaiten buru-bihotzetan».
«Eraso bat» abiapuntu
Ikus-entzunezko euskarriek lagunduta egin du sailburuak larunbateko gertakarien inguruko kontakizuna. Segurtasun kamerek grabatutako irudiak baliatu ditu, nahiz eta telebistetako kamerek eta argazkilariek ere gertutik eta xehetasun guztiekin dokumentatu zuten jazotakoa, besteak beste ETBk. Sekuentzia osoa erakutsi du lehenik, berbarik gabe, eta atestatuaren laguntzarekin egin du kontakizuna ondoren.
Zupiriaren hitzetan, flotillako kideen ongietorria ez zegoen jakinarazia, eta AENAko arduradunek egindako deiari erantzunez joan ziren agenteak aireportura. Edozein kasutan, esplikatu du bertan bildutakoekin adostu zutela zer-nola egingo zuten, baina ziurtatu du hala flotillako kideek nola protestariek «muzin» egin zietela ertzainen aginduei, eta gainerako bidaiarien irteera oztopatu zutela.
Sailburuak azaldu du ongietorria egitera joan zen kide batek segurtasun hesia gainditu zuela eta flotillako kide bat oldartu egin zitzaiela ertzainei, haiek tokia uzteko agindu ziotenean, eta agenteek horregatik esku hartu zutela. Hau da, flotillako kideen «eraso batek» eragin zituela istiluak. Erantsi du atxilotu zituzten lau lagunak erietxera eraman zituztela, eta istiluetan zazpi ertzain zauritu zirela —gaixoaldian daude oraindik—.
Zupiriak ez du baloraziorik egin nahi izan Ertzainek indarra erabili izanari buruz; neurriz erabili ote zuten argitzeko ikerketa zabalik daukatela esan du, eta erantsi Arartekoak ere ikertu egingo duela zer jazo zen. Baina lehen adierazpenetan ireki zuen gardentasun leihoa itxi egin du berehala, flotillako kideen ibilbidea eta ezaugarriak argudiotzat erabili baititu Ertzaintzaren jarduera justifikatzeko. «Uste dut garrantzitsua dela testuinguru politikoa ematea gertakariei. Larunbatean aireportuan identifikatu zirenen artean aurrekari jakin batzuk dituen jende ugari dago», esan du.
Ez du izenik eman, baina adierazi du atxilotutako bi ETAko kide izateagatik zigortu zituztela, eta horietako batek sei urte eman zituela espetxean, eta besteak hamabi. Haren hitzetan, «probokaziorik larrienak» eragin zituztenak izan ziren, eta «jarrera oldarkorra» izan zuten «hasieratik». «Uste dut han bildutako gehienek eta bertan zeuden Ertzainek nahi ez zuten egoera batekin egin zutela topo. Ezin dut gauza bera esan istiluetan parte hartu zuten beste pertsona batzuei buruz. Horietako batzuek probokatu besterik ez zuten egin aireportua zapaldu zutenetik ordu batzuk geroago aske utzi zituzten arte», adierazi du Zupiriak. Are, esan du agenteek soinean eramaten dituzten kameretan jasota dagoela dena, eta berak esandakoa berresten dutela grabazioek.
Edozein kasutan, nabarmendu du gertatutakoaren ondorioz saila behartuta dagoela «jarduera berrikustera eta behar diren antolaketa neurriak hartzera horrelako egoerarik berriro gerta ez dadin». Bestalde, sare sozialetan zabaldu diren ertzainen irudiei lotuta, iragarri du salaketa jarri dutela fiskaltzan. Eta ohartarazi du ez dutela ez ertzainen ez ordezkari politikoen «ehiza digitalik ez fisikorik» onartuko. Agerraldian, sailburuak lagun izan ditu Ricardo Ituarte Segurtasun sailburuordea eta Victoria Landa Ertzaintzako zuzendaria.
Oposizioa, neurri eske
Zupiriaren argibideak ez dira nahikoa izan, oposizioko taldeentzat. Are gehiago, sailburuari egotzi diote bere hitzaldia baliatu izana justifikaezina den zerbait justifikatzeko. «Ez dut ulertzen nola justifikatu dezakezun halakorik, are gehiago jakinda dena grabatuta dagoela», leporatu dio Gorka Ortiz de Guinea EH Bilduko legebiltzarkideak. Koalizio subiranistak eskatu dio neurriak har ditzala, aldaketak egin ditzala eta gertatutakoak ondorioak izateko modua egin dezala, aurreikusten baitu ez dela «ezer» aldatuko ikerketa bat abiatuta ere: «Benetan egingo duzu zerbait? Benetan aldatuko duzu zerbait, edo berdin-berdin jarraituko du denak?».
Berehalako neurri gisa, esku hartzearen arduradunak kargutik kentzea galdegin dio sailburuari, eta behingoz polizia ereduaren eztabaidari heltzea. Izan ere, Ortiz de Guinearen hitzetan, «sekulako arazoa» dago Ertzaintzako talde jakin batzuekin: «Inpunitateak ezin du irabazi; onartu zuen arazoak, zuen gertakariak, eta atera ondorioak». Ortiz de Guineak esan dio EH Bildu lagun izango duela eztabaida horretan.
Beste pauso bat egin du Sumarrek, eta adierazi berehalako neurriak hartu ezean ez dutela izango sailburuaren dimisioa eskatu beste aukerarik. «Uste duzu, benetan, ETAz hitz egiteko garaia dela?», galdetu dio Jon Hernandezek Zupiriari, eta esan dio «dezepzionatu» egin dutela haren hitzek. Are, salatu du sailburuak ez duela azalpenik eman polizien erasoen gainean, eta ez duela arrazoitu zergatik zen «hain beharrezkoa» flotillako kideak jotzea. Podemosek ere, Eusko Legebiltzarrean ordezkaririk ez duen arren, Zupiriaren dimisioa eskatu du ohar bidez.
Alderdi Popularraren hitzetan, aldiz, bai, Zupiriaren azalpenak nahikoa izan dira larunbatean zer gertatu zen argitzeko, eta Ainhoa Domaika legebiltzarkideak eskerrak eman dizkio horregatik. Haren hitzetan, Ertzaintzaren esku hartzea «justifikatuta» dago, bertan bildutakoak hasi zirelako lehendabizi bultzaka. «Ertzaintza da gure polizia eredua, eta gure babes osoa izango dute beti. Zegokion lana egin zuen», esan du. Eta EH Bilduren kontra egin du gero, koalizioak esan duelako polizia eredua ez dela demokratikoa. Are, Zupiriari eskatu dio ez dezala «kolaboratu ere egin» Bildurekin.
PSE-EEk ere ontzat jo ditu Zupiriaren argibideak. Hala ere, «zarata gutxiago eta ikerketa gehiago» eskatu ditu Miren Gallastegi legebiltzarkide sozialistak: «Esplikatu behar duzue zergatik deitu zenuten talde operatibo hori, zergatik hartu zuten poliziek jarrera hori, eta zein zen helburua». Edonola ere, gainerako taldeei eskatu die ez ditzatela polizia guztiak «zaku berean» sartu: «Gertakari batek ez du instituzio oso bat deskribatzen».
EAJk, berriz, kezka agertu du larunbateko gertakariengatik. «Honek ez dio onik egiten ez Ertzaintzari, ez Euskal Herriari», esan du Jon Andoni Atutxa jeltzaleak. Hala, ohartarazi du elkarbizitzarik ez dela lortuko Ertzaintzaren kontrako «oldarraldia» indarrean den bitartean. Bide beretik, Zupiriak elkarbizitzan azpimarra eginda amaitu du hitzaldia. «Nola bizi nahi dugu elkarrekin? Hori da erabaki behar duguna. Lehen pausoa da elkarbizitza zertan oinarrituko dugun erabakitzea, eta horren araberako segurtasun eredu bat sortzea». Bada, EH Bilduri egotzi dio etxea «teilatutik» hasi nahi izatea.