Iosu Alberdi.

Flotilla ere ETA da?

2026ko maiatzaren 26a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larunbatean Loiun jazotakoen ostean Zupiriak egindako lehen adierazpenetan «atsekabetuta» azaldu zen: «Ez zen konpontzeko modua». Horiek entzunda pentsatu zitekeen Segurtasun sailburuak, bere erara bada ere, autokritika egiteko baliatuko zuela Eusko Legebiltzarreko agerraldia. Hala, hitzaldiaren hasieran adierazi du jazotakoa bere gain hartu duela, baita beste modu batera jardun zitekeela ere. Baina, diskurtsoaren muinak oso bestelako norabidea erakutsi du. Zupiriak polizien jarduna justifikatu du, nahiz eta haien jokabideak nazioartea asaldatu. Ertzainek «ordena eta pertsonen eta ondasunen segurtasuna» bermatzeko «ahal zutena egin zuten», eta «polizia lerroa mantentzen» saiatu ziren «probokazioen» eta «erasoen» aurrean. Esandakoak zalantzan jartzeko moduko bideo bat erakutsita hitz egin du, gainera.

Hain zuzen, fokua polizien jardunetik desbideratuz, sailburua «probokazioez», «ezker muturraz» eta ETAz —2018an desegin zen erakunde armatuaz— aritu da flotillako kideez eta aireportuan zen babes sareaz hitz egitean; aurrez Ertzaintzako sindikatu korporatiboek egin bezala. Izan ere, adierazi badu ere Ertzaintzak ez zuela inor bere «ideologia edo aktibismoagatik» kolpatu, haren hitzaldiak izan du antzekotasunik Falangearen mobilizazioaren harira Gasteizen izandako istiluei emandako erantzunarekin. Oraingoan, azpimarra berezia egin du elementu hauetan: «Ertzaintza gorrotatzen duten» eta poliziaren aurka dauden ezker muturreko mugimenduak daudela, eta flotillako bi kide ETAko kide izateagatik zigortu zituztela. «Garai bateko suaren errautsak oraindik bizirik daude», esan du, Ertzaintzaren barruan bizirik egon daitekeenari erreparatu nahi izan gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA