Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua ez dago arduratuta eskuin muturreko ideologiak Ertzaintzaren barruan izan dezakeen eraginarengatik, eta agenteek izan dezaketen ideologiaz harago, haien profesionaltasunean sinesten duela aldarrikatu du, eta «gehien-gehien-gehienek» jokabide zuzena dutela.
«Ertzaintzako kideek duten ideologia haien kontua da, izan daitezke eskuin muturrekoak edo ezker muturrekoak», azaldu du, eta argitu du ertzain guztiek ezagutzen dituztela haien arauak, betebeharrak eta eskubideak, eta haiei erreparatu behar zaiela: «Horien barruan jokatu behar dute, eta, ez bada horrela jokatzen, gaizki ari dira».
«Ertzaintzako kideek duten ideologia haien kontua da, izan daitezke eskuin muturrekoak edo ezker muturrekoak, baina denek ezagutzen dituzte haien arauak, betebeharrak eta eskubidek, eta horien barruan jokatu behar dute»
BINGEN ZUPIRIA Jaurlaritzako segurtasun sailburua
Gaiarekin jarraituta, ez die inolako etiketarik jarri izan nahi Euspel, Esan, Erne eta Sipe polizia sindikatuei, eta gaineratu du haietako bakar batek ere ez duela bere burua eskuin muturreko erakundetzat. Euspelek du ordezkaritza handiena, eta sailburuak zehaztu du harekin duten harremana zuzena dela, eta «ahalik eta onena» izan dadin saiatzen dela.
BBK banku fundazioak antolaturiko Gran Via foroan egin ditu adierazpenok Zupiriak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako segurtasun egoera eta haren erronkak aletzeko emaniko hitzaldian. Gaztelania hutsean eman du, eta sailburuak euskaraz emaniko azalpen bakarrak euskaraz eginiko galderei erantzuteko izan dira. Segurtasunaz eta segurtasunaren pertzepzioaz mintzatu da, eta aipatu du «segurtasun ezaren giroa gehien zabaltzen duten hedabideetan oihartzun handiena duten delituek» behera egin dutela azken urteetan.
Zeintzuk dira delitu horiek? Indarkeria lapurretak (kalean eginikoak, poltsei tira eginda...); lesioak, batez ere jende askoko borroketan; eta etxeetako lapurretak. Hala ere, segurtasun eza laburbiltzen duten sei gako eman ditu: «Indarkeria gizonen kontua da», esan du lehenbizi, eta gero ezaugarri hauek aletu ditu: gaua, alkohola eta menpekotasunak, gaixotasun mentalak, integrazio arazoak eta gaizkileak.
«Drogen kontsumoan bi joera sumatu ditugu: kontsumo gehiegizkoak gau giroan, eta lanean bere onena emateko sustantziak hartzen dituzten 30-40-50 urteko pertsonak»
BINGEN ZUPIRIA Jaurlaritzako segurtasun sailburua
Zupiriak gaineratu du ez dela migrazioaren eta delinkuentziaren arteko loturarik egin behar, eta salatu du «batzuk» saiatu egingo direla «bizi hobe baten bila datozenak» eta delinkuentzia uztartzen. «Gaizkileekin zorrotzak izan behar dugu, edozein jatorri dutela». Gauzak hala, migratzaileentzako integrazio abegitsu bat eskatu du, eta hori etxebizitzaren, hezkuntzaren eta enpleguaren bitartez egin daitekeela bakarrik.
Arduren artean, aldiz, gizartean sumatzen duen «balioen galera» eta «autoritate krisia» aipatu ditu. Azken horren harira, kritikatu du lotura zuzena duela Ertzaintzaren jarduna «etengabe ezbaian jartzen duten» erakundeekin. Gaineratu du Ertzaintza «gizartearen eskrutinioaren» menpe dagoela, eta hala izan behar dela, eta jardun desegokia dutenean salatu egin behar dela, baina horrek ez duela justifikatzen hari buruzko zalantza giroa elikatzea.
Drogak lan egiteko
Agerraldiko tarte mamitsuenetakoa drogen trafikoaren eta kontsumoaren ingurukoa izan da. Espresuki galdetu diote egun drogen kontsumoan dagoen bilakaera 1970eko hamarkada amaieran bizitakoarekin alderatu daitekeen. Zupiriak argi esan du ezetz, hura drama erraldoia izan zela, baina egungo bi kontsumo ereduk arduratzen dutela.
Batetik, azaldu du substantzia jakin batzuen «kontsumo gehiegizkoa» egiten dela gau eta parranda giroan, alegia kolpetik asko kontsumitzeko joera dagoela. Eta bestetik, lanera joateko substantziak hartzen dituen 30-40-50 urteko pertsonekin arazo bat detektatu dutela: «Haien onena ematea ahalbidetuko dieten substantziak hartu behar dituzte. Eta horrek eragina du haien etxeko bizikidetzan».
Halaber, argitu du drogen inguruko ardura ez dela kontsumora murrizten, haren trafikoan indarkeriaren erabilerak izan duen bilakaera ere kontuan hartzekoa dela: «Krimen antolatua da, gero eta baliabide gehiago dituena. Espainian, hegoaldeko kostaldean sumatu dute, baina munduan dagoen joera bat da, eta erne egon behar dugu».
turistak seguru sentitzen dira
Zupiriak agerraldia baliatu du aurten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa bisitatu dituzten turistei eginiko inkesta baten berri emateko, eta haren arabera 10etik 9ko puntuazioa eman diote segurtasun sentsazioari. 800 laguni egin diete galdetegia, eta sailburuaren ustez emaitza «ezin hobea» da. Alderatzeko eskatu diete eta segurtasun sentsazioa, esaterako, Bartzelonan, Madrilen, New Yorken edo Berlinen izandakoa baino askoz handiagoa da. Polizia presentziaz gain, turistek segurtasun sentsazioa areagotzen dituzten hiru ezaugarri nabarmendu dituzte: kaleen garbitasuna, jendearen adeitasuna eta osasun zerbitzuen eskuragarritasuna.