Zuzendariek diote ikasleak gehituta ere postuak kenduko dituela Zelaak

Lehen ere murrizketak izan direla nabarmendu du zuzendarien taldeak, eta beharrak asetzeko arazoak izan daitezkeela

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Datorren ikasturtean orain baino irakasle are gutxiago izango dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetan, Gipuzkoako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako zuzendarien batzordeak ohartarazi duenez. Aurreko urtean ere salatu zuten postuak kendu zituela Eusko Jaurlaritzak, lanpostuen zerrendak egiteko irizpideak aldatuta. Haien arabera, aurten berriro ere gutxituko dituzte lanpostuak. «Murrizketa txikiagoa da, baina jasandako beste murrizketa baten gainean datorkigu», adierazi dute. Ikasleen kopurua handitzen ari dela jakinarazi dute, eta, horrenbestez, egoera jasanezina bihurtzen ari dela: «Ikastetxeetan gero eta irakasle gutxiago daude beharrei eta proiektuei erantzuteko». Agerraldia egingo dute gaur hainbat taldek eta sindikatuk babestuta.

Hezkuntzan arrakasta izateko lantalde egokia izatea ezinbestekoa dela defendatu dute eskoletako zuzendariek. Espainian baino eskola porrot baxuagoa izatea jarri dute horren adibide: «Emaitza horietan zeresan handia dute giza baliabideek. Ikasleei arreta pertsonalizatuagoa ematea eta haien beharrei ondo erantzutea lortzen da lanpostuen hornikuntza ona bada». Murrizketarik ez egiteko eskatu diote, hala, Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuari. «Eskola publikoaren kalitateari erasotzen diote, eta arriskuan jartzen dituzte emaitza onak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.