Elkartasun formula Euskal Herriratuta

Josu Erguinek 1969an AEBetan egin zuen egonaldi batean ezagutu zuen Kilometroen ernamuina izan zen formula. 1977an Beasainen indarrean jartzeko lehen lana jendea konbentzitzea izan zen.

Josu Erguin, Kilometroak jaiaren sortzaileetako bat. JOSU ERGUINEK UTZITAKO ARGAZKIA
Josu Erguin Kilometroak jaiaren sortzaileetako bat. JOSU ERGUINEK UTZITAKO ARGAZKIA
gurutze izagirre intxauspe
2026ko urriaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Po-za». Horixe sentitu zuen Josu Erguinek (Beasain, Gipuzkoa, 1951), behinola AEBetako Kalifornian ezagututako ekinaldia Euskal Herrira ekarri eta izan zuen erantzuna ikustean. Poza ez zen bakarrik berea, kolektiboa baizik. Baina ez zen erraza izan formulak funtziona zezakeela sinetsaraztea. Zera zen funtsean: ikastolen aldeko elkartasun jaialdi bat antolatzea, eta parte hartu ahal izateko ordaintzea, antolatutako kausaren alde dirua biltzeko.

Erguin zur eta lur geratu zen 1969ko neguan, Kalifornian, mediku batek asmatutako formularen funtzionamendua ezagutzean. Honako hau zen: San Diego inguruan bazen jende multzo bat ezin zuena medikurik ordaindu. «Han dirurik ez baduzu, desastre bat da, ez du hemengoarekin zerikusirik», dio Erguinek. Mediku baten burutazioa izan zen hau: osasun zerbitzuak ordaindu ezin zituztenentzako osasun etxe bat eraikitzea, eta horretarako dolarrak emango zituzten boluntarioak bilatzea. Boluntario horiek miliak egin behar zituzten, eta miliako diru kopuru bat ordaintzen zuten, borondatezkoa, bakoitzaren ahalen arabera. Jai hura urtero ospatzen zuten.

Ideiak txundituta utzi zuen, eta Erguinek gogoan du berak ere parte hartu zuela boluntarioen bila dolarrak ipin zitzaten. Garai hartako Batxilergoko bigarren maila egin zuen Erguinek AEBetan, unibertsitatera sartzeko probako ikasturtea. Itzuli zen jaioterrira, Beasainera. 23 urte betetzerako, alaba baten aita zen. 1975. urtearen bueltan, alaba ikastolan sartzearekin batera, gurasoen batzordean sartzeko gonbidapena jaso zuen, eta Erguinek onartu.

Beasainen, 1970. hamarkada hasieran, beste herri askotan bezala, ikastolak sortu berri edo sortzear ziren. Beasainen 1960. hamarkadan sortuak ziren hainbat senide abertzaleek utzitako egoitzetan: «Markel Olano diputatu nagusi izandakoaren familiaren eraikinean prestatu ziren lehenengo gelak, besteak beste, eta karmeldarretan gero. Gogoan dut Nafarroatik-eta etortzen zirela irakasle batzuk».

«Garai gogorrak pasatu genituen, baina ilusio handikoak ere bai. Jendea gauzak egiteko gogoz zegoen, eta gauza pilo bat sortu ziren garai haietan»

JOSU ERGUIN Kilometroen sortzaileetako bat

Gero eta gehiago ziren, ordea, euskarazko hezkuntza proiektura batu nahi zuten sendiak, eta ikastolan hasitako haurrak ere haziz zihoazen; beraz, eraikin berriak behar ziren.

Jokaleku hartan jarri nahi zuen indarrean Erguinek Kalifornian ezagututako ideia. «Txundituta utzi ninduen, eta buruan neukan orduz geroztik». Eraikin berria behar zuen ikastolak, eta sinistuta zegoen euskaldunek erantzungo zutela, diru poltsa handi bat lor zitekeela ikastola eraikitzeko. «'Tira, tira, motel, horiek Ameriketako kontuak dira, hemen ez luke funtzionatuko', eta halakoak esaten zizkidaten». Baina ekinaldi hark piztutako ilusioa transmititzea lortu zuen batzordean, eta azkenerako konbentzitu zituen. Ikastolen federaziokoak konbentzitzea falta zen, ordea.«Euskararen Eguna deituko geniola pentsatu genuen hasieran, gero Ikastolen Eguna, baina egitasmoari zehaztasuna emateko Kilometroak izena jartzea pentsatu genuen, kilometroak egin behar baitziren dirua lortzeko».

Konbentzitze fasea

Federaziokoak ere ez ziren lehen kolpean konbentzitu. Proposamena zera zen: jai hori urtero ikastola batek antolatzea, eta jaiaren jabetza federazioak izatea, «frankizia ikastolen federazioak zeukan, eta antolatzen zuen ikastolak jasotzen zuen diruaren zati bat federazioari eman behar zion». Ikastolen federazioa ere indartu beharrean zegoen, eta baliabideak behar zituen.

Proposamena aurkeztu eta hiru egunera jaso zuten deia Beasainen: baietz, aurrera egiteko.

Pozarren eta ilusioz hasi ziren 1977ko kilometroak antolatzen. Eguna ere Erguinek proposatu zuen: urriko lehen igandea izatea. Izan ere, gogoan du hark 16 bat urte zituela nola abiatu ziren urriko lehen igandean Urbiara, Aizkorriren magalean egiten zen euskal jaira, eta nola guardia zibilez josia zegoen ingurua. Trenez abiatu ziren Beasaindik Zegamara. Zegamara iritsi orduko jaitsi zirenak bueltan bidali zituzten guardia zibilek. Erguin eta lagunak ez ziren jaitsi. Trena martxan jarri, eta aurrerago salto egin zuten. Aketegira igo ziren. Urbiarantz abiatu ziren, eta jendetza batu zen, guardia zibilez inguratuta baldin bazeuden ere.

Iltzatuta geratu zitzaion egun hura Erguini, eta data egokia iruditu, besteak beste, ikasturte hasiera ere bazelako, eskoletan kurtso hasiera arinago zihoalako eta eguraldia ere seguru xamarra izango zelako. Urriko lehen igandea finkatuta geratu da orduz geroztik Kilometroen jaia ospatzeko.

Ez zuten lan makala hartu Kalifornian ezagututako ekinaldi hura herritarrei esplikatzen. Jaia egin aurreko hilabeteetan, gurasoei, bizilagunei, beste ikastoletako arduradunei, egunkariei, irratiei... asmoa zein zen azaldu zieten: ibilbide bat prestatu zuten zazpi kilometrokoa, Beasain eta Lazkao artean. Sarrera bat eta irteera bat zeuzkan, eta guneak. Ibilbideko partaide bakoitzak papertxo bat zeukan, taulatxo batekin, eta sarreran zigilu bat jartzen zioten lehen taulatxoari, «nola ez, lauburuak ziren zigiluak». Egiten zuten kilometro bakoitzeko lauburu baten zigilua jartzen zieten. Uste du arrakastaren gakoetako bat izan zela jendea proiektuan murgilaraztea lortzea eta ilusioa piztea.

Jaira ez ziren batu bakarrik euskaldunak. Beasainek urte haietan eta aurrekoetan etorkin asko hartu zituen, batez ere Espainiatik. Eskulana behar zuten CAFek, Eztandak, Aristrainek... propio eraiki zituzten etxeak haientzat. Haiek ere jaira nola batu ziren du gogoan Erguinek.

«Garai hartan, ikastolek eraikinak behar zituzten, eta garbi esaten genuen jaia antolatzeko lehentasuna izan behar zuela ikastola eraikiko zuenak»

JOSU ERGUIN Kilometroen sortzaileetako bat

Mikel Laboa eta Lazkao Txiki

Guneetan edatekoa, musika eta herri kirolak prestatu zituzten, besteak beste. «Mikel Laboa etorri zen, aurretik lotua genuen, kamioi bat utzi ziguten, eta hantxe kantatu zuen bere gitarrarekin. Lazkao Txikik ere hartu zuen parte, nola ez. Eta herri kirolak ere izan ziren: harri jasotzaileak, aizkolariak, pilotariak... denetarik saiatu ginen jartzen».

Jendetza batu zen, eguraldia lagun: «Goizean goizetik jendea bazter guztietatik etorri zen, asko trenean; beste asko autoz, eta aparkalekuak ere prestatu genituen. Gu harrituta eta pozik geunden, denok elkar agurtzen. Jendea ikusten zenuen belardietan eserita zerbait jaten, eta pozik. Gure festa egin genuen». Poza zen nagusi antolatzaileen artean, ekinaldiak funtzionatu zuela ikusi baitzuten. Gogoan du kilometro gehien ere nork egin zituen: «Carrasco delako batek bost buelta eman zizkion zirkuituari: 35 kilometro egin zituen».

Donostiako ikastolek hartu zuten lekukoa hurrengo urtean, Zubietan, gaur egungo Lasarte-Oriaren mugetan, eta jaiak ez du etenik izan geroztik 50 alditan.

Gipuzkoatik beste herrialdeetara zabaldu zen ekinaldia. «Garai hartan, ikastolek eraikinak behar zituzten, eta garbi esaten genuen jaia antolatzeko lehentasuna izan behar zuela ikastola eraikiko zuenak».

Giro jakin batean kokatzen du Erguinek hura. «Garai gogorrak pasatu genituen, baina ilusio handikoak ere bai. Jendea gauzak egiteko gogoz zegoen, eta gauza pilo bat sortu ziren garai haietan». Lehen aldi haren biharamunean fabrikara itzuli zen Erguin, lanera, baina hark ereindako haziak fruituak eman zituen Euskal Herriaren luze-zabalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA