Gizarte baten etorkizunerako giharra zenbatekoa eta zer-nolakoa den erakusten du hezkuntza sistemak. Bada, hezkuntza euskalduna, publikoa eta doakoa aldarrikatzeko festa antolatu dute biharko, Santurtzin, Bizkaian, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak sustatuta. Euskal Eskola Publikoa hezkuntza sistemaren ardatza izatea defendatuko dute. Horrekin batera, eskola publikoa ahalduntzeko jai bat izatea nahi dute. Ezaugarri hauek azpimarratu nahi dituzte: publikoa den heinean, doakoa, denona eta denontzakoa dela, euskararen eta euskal kulturaren sustatzailea, herrian txertatua, hezkuntza komunitatearen parte hartzean oinarrituta eta berritzailea. Hori guztia nabarmentzeko jaia prestatu dute, gustu guztiak asetzeko moduko egitaraua osatuta.
Ehunetan lelopean egingo dute aurtengo jaia, 33.a; izan ere, 1994tik ospatzen da Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaia. Leloarekin adierazi nahi dute ehunduta dagoen sare bat direla. Leloa bera eta irudia Santurtziren historiari estuki lotuta daude, irudia arrantzarako sare bat baita, eta zera adierazi nahi izan dute: norbanakoen hariek elkar ukituz eta elkarri lotuta osatzen duten ehundura.
Gainera, lelo koloretsua egin nahi izan dute, hizki bakoitzari forma eta kolore bat emanda; hala, hizki bakoitza hari moduko bat da, baina, bata besteari lotuta, hitz bat osatzen dute, eta Ehunetan hitzarekin batera, berriz, sare bat. Sare horrek eskola publikoaren komunitatea irudikatzen du.
Santurtziko hezkuntza sistema publikoko ikastetxe guztien artean antolatu dute jaia; izan ere, haur hezkuntzatik hasi eta batxilergora arteko eskaintza zabala baita sare publikoan. Lanbide heziketako eskola bat ere badago. Honakoek osatu dute taldea: haur eta lehen hezkuntzako Serantes eskolak, Maestra Emilia Zuza Brun eskolak, Las Viñasek eta Itsasoko Amak; bigarren hezkuntzako eta batxilergoko Kantaurik eta Axularrek; eta Santurtzi LH izeneko lanbide heziketako ikastetxeak. Haur eskolak ere biltzen dituzte hezkuntza sistema publikoaren sarean, eta bi daude: Emilia Zuza eta Mirabueno. Santurtziko eskola publikoak komunitate sendoa osatzen du. Azken urteetan, Euskal Eskola Publikoa defendatzeko eta aldarrikatzeko ahaleginean murgildu dira, haien arteko ehundura estua sortuta.
Antolatzaileek jaia aurkezteko orduan adierazi zutenez, «gehien euskalduntzen duen sarea da, eta eskaintza oso-osoa da D eredukoa». Haien ustez gaur egungo hezkuntza sistemak dituen zenbait hutsune aipatu zituzten, hala nola esan zuten hezkuntza sistema duala eta desorekatua dela, eta sare publikoa bigarren mailakotzat hartzen duela; halaber, salatu zuten eskolak segregazioa bultzatzen duela, eta inbertsioak behar direla Santurtziko eskola eta institutuetan. Horregatik, hezkuntza sistema publikoa indartzearen aldeko mezua nagusituko da bihar, Santurtzin.
Lau gune nagusi izango ditu jaiak. Las Viñas, Portua, Santurtziko parkea eta Gernikako plaza. Gainera, kaleko jarduerak egongo dira egun osoan.
Las Viñas eskolan, Go!azen emanaldia, Loa eta Laia eta Sardina freskue antzerki musikala izango dira, besteak beste. Gernika parkean bazkari gunea eta kontzertuak izango dira, eta Parke Nagusian, berriz, jolas kooperatiboak, BERRIA gunea, Makusi gunea, artisauak, perkusio tailerra, Athletic fundazioaren puzgarriak eta beste. Portuan, Pirritx, Porrotx, Pupu eta Loreren ikuskizuna egongo da eguerdian, eta Tapia eta Leturiaren kontzertua arratsaldean. Egun osoan, ibilbidean zehar ibiliko dira Santurtziko abesbatzak, batukada feminista eta beste.
'Izan nahi duguna'
Onintza Enbeita bertsolariak idatzi ditu aurtengo jaiko kantaren hitzak: Izan nahi duguna. Eidabek ekoitzitako kantuaren musika Mikel Inuntziagak sortu du. Erritmoa, umorea eta freskotasuna dira kantuaren ezaugarri nagusiak. Abeslari eta lagunak izan ditu Euskal Eskola Publikoaren alde kantatzeko prest: Jone Laspiur, Joxe Mari Agirretxe Porrotx, Itziar Ituño, Roberto Moso eta Yogurinha Borova tartean.
Kanta:
Ehunak sortu,
sareak lotu,
elkar ehundu,
ehunduz errotu.
Eman diezaiogun
elkarri eskua
sare honek badu
denontzat lekua.
Ikasi, bizi,
jolastu euskeraz
goazen amestu
dugunera hegaz.
Balorez balore
forma ta kolore
udaberri anitz
baten mila lore.
Ez zarete zuek
denok gara gu
fobiarik bako
mundua eredu.
Berdinen arteko
hartu-emanak
eraiki nahiari
gaude emanak.
Gutako bakoitzak
osatzen du mapa
mugak apurtuko
dira tipi-tapa
Pertsona libreen
sarea, ehuna
hobea izan dadin
etorkizuna.
Sareak ehunduta
euskara saretuz
etorkizunerako
bideak edertu.
Eskola publikoa
eta euskalduna
izan gaitezen
izan nahi duguna.