Las Viñas eskola publikoko zuzendaria

Maite Nieto: «Jarraitu behar dugu erakusten ez dagoela eskola publikoa baino hoberik: denona eta denontzat»

Jaia eta aldarrikapena uztartu nahi dituzte Santurtzin, Euskal Eskola Publikoaren aldeko festan, «hezkuntza publiko, inklusibo eta kalitatezkoa defendatzeko eta indartzeko».

Maite Nieto Santurtziko Las Viñas eskola publikoko zuzendaria.
Maite Nieto Santurtziko Las Viñas eskola publikoko zuzendaria.
2026ko ekainaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal eskola publikoa ardatzean jartzeko elkarlanean aritu dira Santurtziko hezkuntza publikoko ikastetxeak, eta sare bat ehundu dute elkarlan horren ondorioz. Mezu hori zabaltzeko eguna antolatu dute gaurko, Maite Nieto Las Viñas eskola publikoko zuzendariak azaldu duenez.

Las Viñas eskola publikoak antolatuko du Euskal Eskola Publikoaren Jaia aurten. Aurkeztuko zeniguke eskola? Zenbat haur-gazte ditu, non dago, eta zer zerbitzu eskaintzen ditu?

Las Viñas eskola Santurtziko eskola publikoen sarearen parte da. Guztiok parte hartu dugu, modu batera edo bestera, EHIGEren eskutik, haiek ordezkatzen baikaituzte, egun hau ahaztezina izan dadin. Itsasoko Ama Eskola, Mamarigan; Serantes Eskola, La Txitxarratik gertu; Emilia Zuza Brun, Kabiezesen; Kantauri eta Axular institutuak… eta gu, gure herrixka politaren erdian. Lehen esan dudan bezala, sare bat gara, eta, arrantzale herri bat izanik, ezin ginen beste modu batekoak izan. Baina sare hori ez da Santurtzin amaitzen: Euskal Herri osora hedatzen da. Herriko eskola publikoek badute zerbait berezia. Bakoitzak bere izaera propioa dauka, desberdintzen gaituen zerbait, baina aldi berean elkartzen gaituena ere bai.

Santurtzi 46.500 biztanle inguruko herria da; udalerriko eskola publiko guztiak zutik mantentzen dira, haurrez beteta. Gutxi gorabehera, eskola bakoitzean 350 eta 450 ikasle artean ditugu, eta horrek argi erakusten du eskola publikoak gure herrian duen indarra eta garrantzia.

Hezkuntza zerbitzu publiko, doako, unibertsal eta laikoa eskaintzen dugu. Hezkuntza inklusiboaren alde egiten dugu, haur guztiei aukera berberak bermatzeko, eta familia eta lana uztartzea errazten duten zerbitzuak eskaintzen ditugu. Gainera, familiek parte hartze aktiboa dute eskolako bizitzan, eta gure ikastetxeetako egunerokoaren parte dira. 
Eta ezin ahaztu euskara dela Euskal Eskola Publikoen oinarria eta irakaskuntzako hizkuntza nagusia.

Egungo abagunean euskal eskola publikoak zer funtzio daukala esango zenuke?

Besteak beste, aukera berdintasuna eta inklusioa bermatzea; euskararen transmisioa ziurtatzea eta haren erabilera sustatzea; familien eta hezkuntza komunitatearen parte hartze aktiboa bultzatzea; pentsamendu kritikoa eta balioetan oinarritutako hezkuntza garatzea; eta ikasleei gaur egungo gizartean behar dituzten gaitasunak eskuratzen laguntzea.

Zein dira eskola publikoaren erronka nagusiak?

Jarraitu behar dugu segregazioaren aurkako borrokan eta ekitatea bermatzen. Ikasleen ongizate emozionala zaindu behar dugu. Euskararen menderatzea eta eleaniztasunaren garapena sendotu behar ditugu. Ikastetxe guztietan kalitatea bermatu behar dugu. Eta jarraitu behar dugu erakusten ez dagoela eskola publikoa baino hoberik: denona eta denontzat.

Santurtzin nola dago euskara, eta eskolak zer funtzio betetzen du euskararen eta euskal kulturaren transmisioan?

Santurtzin nabarmen areagotu da profil elebiduna. Biztanleriaren gehiengoak hizkuntzaren oinarrizko maila du, edo maila altua, nahiz eta kalean haren erabilera oraindik gaztelaniaren aldean minoritarioa izan. Horregatik, eskola publikoaren egitekoa hizkuntza irakasteaz haratago doa: euskara egunerokoan bizi eta erabil dadin bermatu behar dugu. Gure helburua euskara harreman hizkuntza, komunikaziorako eta benetako bizikidetzarako hizkuntza bihurtzea da, ikasleek gaitasun osoa eta konfiantza izan dezaten beren bizitzako edozein eremutan erabiltzeko.

Ehunetan da aurtengo leloa. Zer adierazi nahi izan duzue?

Lelo honekin adierazi nahi dugu Euskal Eskola Publikoa sare sendo bat dela, ehundura indartsu batez osatua. Sare hori eskola publikoaren komunitatearen irudikapena da: elkarlanean aritzen den eta konektatua dagoen komunitatearena, zerbait handiagoa ehuntzen duenarena. Denok gara hari bat; elkarrekin, etorkizunari eusten dion sare sendo bat osatzen dugu. Eta, jakina, leloa Santurtzi herriarekin, portuarekin eta haren ohiturekin lotuta dago… ehuleekin, saregileekin… Haiek ondare bat utzi zuten, eta gaur egun ondare hori berreskuratu, bizirik mantendu eta transmititu nahi dugu.


Zergatik bertaratu behar du jendeak Santurtzira euskal eskola publikoaren jaia ospatzera? Egingo zenuke dei bat?

Noski! Ezin dituzue galdu egun horretarako prestatu diren ekintzak: kontzertuak, ikuskizunak, herri bazkaria… eta proposamen amaigabeak. Santurtzira etorri behar duzue gure eskolaren inguruan sentitzen dugun harrotasuna elkarrekin ospatzera. Etor zaitezte, sare handi hori ehuntzen jarraitzeko eta munduari erakusteko elkarrekin jarraitzen dugula borrokan hezkuntza publiko, inklusibo eta kalitatezkoa defendatzeko eta indartzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA