Ia aurkezpenik ere ez du behar: Andoni Egaña Makatzagak (Zarautz, Gipuzkoa, 1961) jantziko dio txapela Euskal Herriko bertsolari txapeldunari. Lautan jantzi diote hari txapela, 1993ko txapelketan, 1997koan, 2001ekoan eta 2005ekoan, eta Egaña bera da orain arteko errekorra duena: Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan inor ez da izan lau alditan baino gehiagotan txapeldun. Guztira zazpi alditan izan da finalean; Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, berriz, behin kantatu zuen, 1991n, eta bigarren egin zuen.
Bertsolaria da nagusiki, baina bertze hamaika kontutan egin da ezagun. Epaile aritu da, baita gai jartzaile, doinu sortzaile, moldatzaile eta ikertzaile ere. Bertsogintza, bertsolaritza eta ahozkotasuna landu ditu bereziki, eta horren gaineko hainbat ikastaro eta hitzaldi eman.
1980ko hamarkadaren hasieran hasi zen bertsotan, hark behin baino gehiagotan esplikatu duenaren arabera, erdi bere kasa eta Xabier Amurizaren bertsoak entzunez. Estreinako plaza 1982an egin zuen, sorterrian bertan, Lizardi sariketan. Irabazi, eta bertze bi sariketatan eman zuen izena gero: Artxanberri eta Patxi Errota sariketetan. Baita irabazi ere.
Lehen plaza horietan hain ongi moldatu izanak bultzatu zuen geroz eta gehiago kantatzera, eta, azkenerako, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan izena ematera. 1986an hartu zuen parte lehen aldiz, urtebete lehenago Gipuzkoako kanporaketa gaindituta. Hurrengo txapelketan finalera ailegatu zen, 1989ko Donostiako Belodromokora, eta hirugarren txapelketan egin zen lehen aldiz txapelaren jabe, 1993an, Belodromoan bertan.
Entzutetsua izan zen txapela jantzi berritan botatako agurra, Joxe Migel Iztueta Lazkao Txikiri eskainia: «Zuek horrela ikusi eta/ neroni jartzen naiz alai/ batasun honek beharko luke/ euskaldungoaren dohai/ ni lehengoa naiz buru gaineko/ uztai edota ez uztai/ inor ez zegoen lasai/ urduritasuna etsai/ denak irristadaren zai/ goizean goizik Lazkao Txiki/ aipatu dute nolanahi/ zuen txaloak beretzat dira/ nere txapela ere bai».
Geroztik, 2009ra arteko txapelketa guztietan parte hartu zuen, eta urte hartako finalean bertan esan zion agur txapelketari, Barakaldoko (Bizkaia) BECen, bukaerako agurrean: «Aupa, Maialen, zorionak/ tokatzen zaizun antzera/ adiskide ta bertsolari/ ezin hobea baitzera/ zure baimenarekin noa/ elkartea aipatzera/ gaur'e lanean zenbat jende/ asko bolondres, gainera/ nik erabakia hartu dut/ hemendikan lau urtera/ nahiz diferentzia badagon/ egon jeztetik jaistera/ ni oso harro pasako naiz/ naturala horixe da/ behien aulkiak aipatzetik/ behian aulkiak jartzera». Oraindik ere erreferentziazko bertsolarietako bat da Euskal Herriko plazetan.
1994an bertso jarriez osatutako disko bat argitaratu zuen, Tximeletak sabelean, eta hartan bildutako kantu anitz hagitz ezagunak dira oraindik ere. Jon Sarasua bertsolariarekin batera Zozoak beleari liburua idatzi zuen, eta, urte batzuk geroago, bakarrik, Hogeita bina liburua.
Bertsoaz bertzelakoak
Bertso munduan ibilbide oparoa egindakoa izateaz gain, Euskal Ikasketetan lizentziatua da, eta euskaltzain urgazlea 2006ko maiatzetik. Urte horretan bertan Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Domina eman zion euskal kulturari, euskarari eta bertsolaritzari egindako ekarpenagatik, eta hamabigarren Korrikan, 2001ekoan, bertsolaritza eta Bertsozale Elkartea omendu zituen AEK-k, eta Egañak berak idatzi zuen lekuko barneko testua.
Deustuko Unibertsitatearen Donostiako fakultatean egin zituen unibertsitateko aurreneko hiru urteak, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatean azkeneko biak, Gasteizen. Behin ikasketak bukatuta, Gasteizko Udalean hasi zen lanean, kultur sustatzaile, eta horretan aritu zen 1985etik 1992ra bitarte. Handik Zarautzera egin zuen buelta, jaioterrira eta egungo bizilekura, eta sorkuntzan egin du lan ordutik: bertsogintzan, literaturan, telebistako gidoigintzan, aurkezle eta hedabideetako kolaboratzaile. BERRIA egunkarian, erraterako, urte luzez izan da eguneroko zutabegile, baita Euskaldunon Egunkaria-ko kolaboratzaile ere.