Aurkezpenik ere ez du behar ia: Andoni Egaña Makatzagak (Zarautz, Gipuzkoa, 1961) jantziko dio txapela Euskal Herriko bertsolari txapeldunari. Lautan jantzi diote hari txapela, 1993ko txapelketan, 1997koan, 2001ekoan eta 2005ekoan, eta Egaña bera da orain arteko errekorra duena: Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan inor ez da lau aldiz baino gehiagotan izan txapeldun. Guztira zazpi aldiz izan da finalean; Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, berriz, behin kantatu zuen, 1991n, eta bigarren egin zuen.
Bertsolaria da nagusiki, baina hamaika kontu gehiagotan egin da ezagun. Epaile aritu da, baita gai jartzaile, doinu sortzaile, moldatzaile eta ikertzaile ere. Bertsogintza, bertsolaritza eta ahozkotasuna landu ditu bereziki, eta horren gaineko hainbat ikastaro eta hitzaldi eman ditu. 1980ko hamarkada hasieran hasi zen bertsotan, hark behin baino gehiagotan esplikatu duenaren arabera, erdi bere kasa eta Xabier Amurizaren bertsoak entzunez. Estreinako plaza 1982an egin zuen, sorterrian bertan, Lizardi sariketan. Irabazi egin zuen, eta bertze bi sariketetan eman zuen izena. Baita irabazi ere: Artxanberri eta Patxi Errota sariketak. Lehen plaza horiek hain ongi atera izanak eraman zuen geroz eta gehiago kantatzera, eta, azkenerako, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan izena ematera. 1986an hartu zuen lehen aldiz parte, urtebete lehenago Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan lortutako postuak horretarako aukera eman baitzion. Hurrengo txapelketan finalera ailegatu zen, 1986ko Donostiako Belodromokora, eta hirugarren txapelketan egin zen lehen aldiz txapelaren jabe, 1993an, Belodromoan bertan. Entzutetsua izan zen txapela jantzi berritan botatako agurra, Joxe Migel Iztueta Lazkao Txikiri eskainia: «Zuek horrela ikusi eta/ neroni jartzen naiz alai/ batasun honek beharko luke/ euskaldungoaren dohai/ ni lehengoa naiz buru gaineko/ uztai edota ez uztai/ inor ez zegoen lasai/ urduritasuna etsai/ denak irristadaren zai/ goizean goizik Lazkao Txiki/ aipatu dute nolanahi/ zuen txaloak beretzat dira/ nere txapela ere bai».
Geroztik, 2009ra arteko txapelketa guztietan hartu zuen parte, eta urte hartako finalean bertan agurtu zuen txapelketa, Barakaldoko (Bizkaia) BECen, bukaerako agurrean: «Aupa, Maialen, zorionak/ tokatzen zaizun antzera/ adiskide ta bertsolari/ ezin hobea baitzera/ zure baimenarekin noa/ elkartea aipatzera/ gaur'e lanean zenbat jende/ asko bolondres, gainera/ nik erabakia hartu dut/ hemendikan lau urtera/ nahiz diferentzia badagon/ egon jeztetik jaistera/ ni oso harro pasako naiz/ naturala horixe da/ behien aulkiak aipatzetik/ behian aulkiak jartzera». Euskal Herriko plazetako bertsolari erreferenteetakoa da oraindik ere.
1994an bertso jarriez osatutako disko bat argitaratu zuen, Tximeletak sabelean, eta horietako kantu anitz hagitz ezagunak dira oraindik ere. Jon Sarasua bertsolariarekin batera Zozoak beleari liburua idatzi zuen, eta, urte batzuk beranduago, bakarrik, Hogeita bina liburua.
Bertsoaz bertze
Bertso mundutik harago, Euskal Ikasketetan lizentziatua da, eta euskaltzain urgazle egin zuten 2006ko maiatzean. Urte horretan bertan Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Domina eman zion euskal kulturari, euskarari eta bertsolaritzari egindako ekarpenagatik, eta 12.KORRIKAn, 2001ekoan, bertsolaritza eta Bertsozale Elkartea omendu zituen AEK-k, eta Egañak berak idatzi zuen lekuko barneko testua.
Deustuko Unibertsitatearen Donostiako fakultatean egin zituen unibertsitateko aurreneko hiru urteak, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, azkeneko biak, Gasteizen. Behin ikasketak bukatuta Gasteizko Udalean hasi zen lanean, kultur sustatzaile, eta horretan aritu zen 1985etik 1992ra bitarte. Handik Zarautzera egin zuen buelta, jaioterrira eta egungo bizilekura, eta sorkuntzan egin du lan ordutik; bertsogintzan, literaturan, telebistako gidoigintzan, aurkezle, eta hedabideetako kolaboratzaile. BERRIA egunkarian, erraterako, urte luzez izan da eguneroko zutabegile, baita hura sortu aitzineko Euskaldunon Egunkaria-ko kolaboratzaile ere.