Hamar egun falta dira Topoak Donostian izango duen lurpeko pasabidea estreinatzeko. Horri esker, Añorga eta Pasaia artean dauden 11 geltokietatik —Amarako, Kontxa-Erdialdeko eta Benta Berriko geltoki berriak barne— 7,5 minutuan behin egongo da Topoa. Maiztasun horri aste osoan eutsiko diote, gauetan eta igande goizetan izan ezik. Gainera, Gipuzkoako hainbat herritan tren gehiago izango dira asteburuan. Esaterako, larunbat gauetan Topoa ordu erdiro igaroko da Lasarte-Oria eta Hendaia arteko geltokietatik.
Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarrirako sailburua Amarako geltoki berrian jaitsi da gaur, Donostiako lurpeko pasabidea irekitzeak zer aldaketa ekarriko dituen azaltzeko. Euskotrenek aldatu egingo ditu Gipuzkoako lineen izenak, eta azaroaren 21etik aurrera hiru egongo dira: Bilbotik edo Zumaiatik atera eta Pasaiara arte iritsiko den E1 linea, Añorga eta Pasaia arteko T0, eta Lasarte-Oriatik Irunera edo Hendaiara (Lapurdi) doan T1 linea.
TRENEN MAIZTASUNA LANEGUNETAN, AZAROAREN 21ETIK AURRERA
- E1 linea. Bilbo/Zumaia - Pasaia.
Bilbotik edo Zumaiatik tren bat aterako da orduro, Pasaiara joateko. Horrela, Zumaia eta Pasaia lotuko dituen tren bat izango da ordu erdiro.
T0 linea. Añorga - Pasaia. Ordu erdiro aterako da tren hori; horrela, Topoa 7,5 minutuan behin igaroko da Añorga eta Pasaia arteko geltokietatik. Euskotrenek esan du linea horretan 276 bidaia egingo dituela egunero.
- T1 linea. Lasarte-Oria - Irun/Hendaia.
Ordu laurdenero Lasarte-Oria eta Irun arteko tren bat izango da; Lasarte-Oria eta Hendaia lotzen dituena, berriz, ordu erdiro igaroko da.
Asteburuko zerbitzuei dagokienez, Chuecak nabarmendu du Hendaia eta Zumaia artean «aurrerapauso nabarmena» emango dutela. Aste bukaeran, Zumaia eta Pasaia artean ordu erdiro izango dira trenak, igande goizean izan ezik, orduro igaroko baitira. Añorga eta Pasaia lotuko dituzten trenak ere 7,5 minutuan behin igaroko dira, baina igande goizean ordu laurdenero. T1 linean, Lasarte-Oria eta Irun arteko trenek ordu laurdeneko maiztasuna izango dute.
«Donostian eta inguruko herrietan mugikortasun arloan dauden beharrei erantzungo die Topo berriak», adierazi du Chuecak. Egunerokoan autoa gutxiago erabiltzeko eta Topoan gehiago bidaiatzeko dei egin du, modu jasangarriagoan mugitzeko.
Azaroaren 21etik aurrera bost tren estreinatuko ditu Euskotrenek. Lau bagoi izango dituzte, komun bat, eta laurehun pertsona sartu ahal izango dira. Chuecak azaldu duenez, ETS Euskal Trenbide Sarea azken lanak egiten ari da geltoki berrietan, eta 197 tren gidarik laster amaituko dute ibilbide berrira egokitzeko jasotzen ari diren formakuntza.
Hobekuntzak Altzan eta Pasaian
Donostiako pasabide berriak Amarako geltokiko zokogunea desagerraraziko du; horrela, trenek ez dute Amaran gelditu eta itxaron beharko, eta ibilbidea jarraitua izango da. Altza auzoko geltokian zegoen zokogunea ere kendu zuten, eta uztailean Altza eta Errenteriako Galtzaraborda auzoko geltokiaren artean dagoen pasabide berria martxan jarri zuten. Horrela, Herrerako eta Pasaiako geltokien artean sartu zuten Altzakoa.
Pasabide hori estreinatzean erabiltzaileak ugaritu egin direla azaldu du Chuecak. Estreinatu eta lehen hamabi asteetan, iaz aste horietan baino 78.000 pertsona gehiagok erabili dute aurten Altzako geltokia, eta Pasaiakoa 58.000 gehiagok; %40ko eta %25eko hazkundeak dira, hurrenez hurren.
satorralaiak protesta egingo du estreinaldian
Topoaren ibilbide berritua estreinatuko duten egunean bertan, Satorralaia elkarteak elkarretaratze bat egingo du. Azaldu dutenez, protesta eta umorea uztartuko dituzte, eta pasabide horren aurkako desadostasuna adieraziko dute. Izan ere, uste dute ez dela beharrezkoa, eta «zentzugabea» dela.
«Obrek hamar urte iraun dute ia, eta proiektuaren balantzea oso negatiboa da», dio elkarteak. Salatzen dute, besteak beste, baliabide publikoak «xahutu» direla, aurreikusitako gastua bikoiztu dutela eta azpiegitura mantentzeko kostuak «oso handiak» izango direla.