Azaroaren 21ean estreinatuko dute Donostiako topoaren lurpeko pasabidea

4,2 kilometro luze izango da; Lugaritz eta Amara lotuko ditu, eta geldialdia egingo du Benta Berrin eta Kontxa-Erdialdean. Trenak 7,5 minutuan behin pasatuko dira.

Agintariak Donostiako topoaren obrak ikusten, iazko urtearen hasieran. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Agintariak Donostiako topoaren obrak ikusten, iazko urtearen hasieran. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko irailaren 23a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako topoaren lanak argia ikusten hasi dira tunelaren amaieran. Gaur jakinarazi dute noiz abiaraziko duten topo berriko lurpeko pasabideko zerbitzua: azaroaren 21ean, larunbatarekin. Hala iragarri du Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarrirako sailburuak, Benta Berriko geltokira egin duen bisitan.

Zortzi urte iraun du tunelaren obrak, eta ekainean amaitu zituzten lanak —ETS Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoa arduratu da lan horietaz—. Guztira, 4,2 kilometro luze da pasabidea; trenak Lugaritz eta Amara lotuko ditu, eta geldialdia egingo du Benta Berrin eta Kontxa-Erdialdean.

Beharrezko probak egin ondoren, irail amaieran hasi ziren Euskotrenen lehen trenak pasabidetik igarotzen, bidaiaririk gabe, trenak ibilbide osoan behar bezala ibiltzen diren egiaztatzeko. Probak arrakastatsuak izan zirela adierazi zuten Mugikortasun Sailekoek.

Orain, Chuecak iragarri du Euskotreneko tren gidariak formakuntza jasotzen ari direla jada, ibilbide berrira egokitzeko. Formakuntza 180 gidarik jasoko dutela zehaztu du, eta «azken urratsa» izango dela esan: «Topoa abiarazi aurretik egin behar dugun azken urratsa da hori, eta horrek esan nahi du estreinaldiari data jartzeko moduan gaudela. Azaroaren 21a izango da».

Hala ere, azaldu du Euskotrenek eta ETSk «lan handia» izango dutela datorren asteetan. Chuecarekin batean izan dira agerraldian Miguel Angel Paez sailburuordea eta  Euskotreneko eta ETSko zuzendari orokorrak, Javier Seoane eta Antonio Lopez.

Pasabide berriak Amarako geltokiko zokogunea desagerraraziko du, beste hiru geltoki jarriko dira, eta maiztasuna 7,5 minutura laburtuko da Añorgatik Pasaiarako tarte osoan. «Beharrezko garraio publiko bat eraiki dugu, guztion eskura egongo dena», ziurtatu du sailburuak.

Azpiegitura horren bidez «beste etapa bat» abiaraziko dela adierazi du, berriz, Donostiako alkate Jon Insaustik. «Hurbildu egingo ditu Donostialdeko auzo eta herriak», azaldu du. «Eta hainbat leku berreskuratu ahal izango dira hiriko bizitza egiteko».

Pasabidea egiteko lanen ondorioz hiria obraz beteta egon den arren, lan horren guztiaren emaitza hemen dela esan du. «Gaur argiago ikus dezakegu azaroaren 21etik aurrera eraiki ahal izango dugun hiria». Lurpeko pasabideak libre uziko ditu orain trenak betetzen dituen leku asko, eta horiek, halaber,  «oinez ibiltzeko, topo egiteko eta hiriaz gozatzeko» izango direla nabarmendu du. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA