Bergarako eta Zarauzko ibilgailuen azterketa teknikoa (IAT) egiten duten zentroetako langileek aurrera jarraitzen dute uztailaren hasieran abiatutako greba mugagabearekin, hitzarmen propio bat sinatzea helburu, eta Itasua enpresarekin duten gatazkak bere horretan dirau. Izan ere, ELAk eta LABek gaur eginiko agerraldian, grebalariek azaldu duten susmoa dutela enpresak haiek ordezkatzeko kontratatutako langile batek ez daukala IATetan lan egiteko prestakuntzarik.
«Horrek kezka handia ematen digu», adierazi du agerraldian Arantza Uranga ELAko kideak, zalantzak baitituzte dokumentu baten «benetakotasunaren» inguruan: hain zuzen, enpresak kontratatutako langile horrek ibilgailuen azterketa teknikoak egiteko beharrezko prestakuntza jaso duela egiaztatzen duen ziurtagiria.
Ikusi gehiago
Hortaz, dokumentu hori benetakoa den ala ez azaltzea eskatu diote Itasua enpresari, haiek egiten duten lana ez baita «nolanahikoa»: «IATetako azterketak ibilgailuen segurtasunarekin, errepideko arriskuen prebentzioarekin eta ingurumenaren babesarekin lotutako zerbitzua dira».
Jaurlaritzaren erantzukizunak
Ordezko langilearen prestakuntza ziurtatzen duen dokumentua ikertzeko erantzukizuna, ordea, ez diote Itasuari soilik egotzi: «Eusko Jaurlaritzak ere badu zeresana». Haien esanetan, Jaurlaritzari dagokio IATen jarduna kontrolatzeko eta araudiak betetzen dituela bermatzeko zeregina. Gainera, salatu dute IATak, «herritarren segurtasunarekin» lotutako zerbitzua izanik, ezin direla enpresa baten «borondate onaren» menpe utzi: «Kontrol publikoak benetakoa eta eraginkorra izan behar du».
Bestalde, grebalariek gogoratu dute Lan Ikuskaritzak 30.000 euroko isuna ezarri diola Itasuari greba eskubidea urratzeagatik. Haien aburuz, greban dauden langileen ordezkapenak legea errespetatu behar du, eta azpimarratu dute ez dutela onartuko lan gatazkak irauten duen bitartean «prestakuntza baldintzak eta zerbitzuaren fidagarritasuna» alde batera uztea.
Gipuzkoan bost IAT zentro daude: Bergarakoa eta Zarauzkoa Itasuarenak dira; Irungoa, Urnietakoa eta Beasaingoa, berriz, Itevelesaren esku daude. ELAk azaldu duenez, Itasuako langileek urtean 133 ordu gehiago egiten dituzte Itevelesakoek baino, eta urteko soldatan 2.000 eta 6.000 euro arteko aldea dago. Horregatik, soldatak KPIa gehi %3 igotzeko eskatzen dute, baita urtean 70 ordu gutxiago egitea ere.
Hiru eskaera
Gauzak horrela, Julen Mengibar Zarauzko IATko langileak eta ELAko ordezkariak hiru eskaera egin dizkio Jaurlaritzari: lehenik, ordezko langilearen dokumentuaren inguruko «ikerketa formala eta zorrotza» abiatzea; bigarrenik, Itasuaren eta Jaurlaritzaren beraren erantzukizunak argitzea; eta, azkenik, enpresari IATak kudeatzeko eskumena kentzea baldin eta irregulartasunak frogatzen badira.
«IATak ezin dira interes enpresarialen eta kontrol faltaren menpe geratu», nabarmendu dute; eta, ondorioz, ez dute «isiltasunik» onartuko. Agerraldia amaitzeko, grebalariek honako bi aldarrikapen hauek plazaratu dituzte: herritarrek zerbitzu fidagarria merezi dutela, eta langileek, berriz, beren eskubideak errespeta ditzatela.