Bergarako eta Zarauzko ibilgailuen azterketa teknikoa (IAT) egiten duten zentroetako langileek lau hilabete baino gehiago daramatzate greba mugagabean, ELAk eta LABek deituta, Itasua enpresarekin hitzarmen propio bat sinatzeko helburuz. Haien esanetan, ordea, IATen jarduna kontrolatzeko eta araudiak betetzen dituela bermatzeko ardura dagokien instituzioek oraindik ez dute esku hartu lan gatazkan. Hala salatu dute gaur goizean Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ekonomia Sustapeneko Batzordean eginiko agerraldi batean.
Grebalariek ohartarazi dute lan gatazkak beren lan baldintzetan ez ezik herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuen kalitatean eta segurtasunean ere eragina izan dezakeela. Hortaz, instituzioei —bereziki, Eusko Jaurlaritzari— grebalarien eta enpresaren arteko negoziazioetan «benetako bitartekaritza» sustatzea exijitu diete, gatazka konpondu dezaten.
Soldatak KPIa gehi %3 igotzeko eskatzen dute grebalariek, baita urtean 70 ordu gutxiago egiteko ere: finean, Gipuzkoan Itevelesa enpresaren esku dauden beste IAT zentroetako langileen baldintzetara hurbiltzeko.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako IATen eredua zalantzan jarri dute Bergarako eta Zarauzko zerbitzuetako langileek: «Lankidetza publiko-pribatuaren ereduak etekinak lortzeko aukera ematen die enpresa pribatuei, baina langileen lan baldintzak prekarizatzen eta eskubideak urratzen ditu». Hain zuzen, egoera horren ardura Eusko Jaurlaritzari dagokiola adierazi dute, eta, besteak beste, Itasuaren gaineko jarduna kontrolatzeko eta langileen eskubideak zein herritarren interes orokorra bermatzeko eskatu diote.
Ordezko langileari buruzko susmoa
Aipatutako eskaerez gain, grebalariek zera ere exijitu diote Jaurlaritzari: greba eskubidearen urraketari buruzko erantzukizunak argitzea eta grebalariak ordezkatzeko kontratatutako langilearen prestakuntza ikertzea. Izan ere, duela hilabete eginiko agerraldian, Bergarako eta Zarauzko IATetako langileek salatu zuten susmoak zituztela enpresak haiek ordezkatzeko kontratatutako langile batek ez zuela IATetan lan egiteko prestakuntzarik.
Zehazki, esan zuten zalantzak zituztela langile horrek ibilgailuen azterketa teknikoak egiteko beharrezko prestakuntza jaso duela egiaztatzen duen ziurtagiriaren benetakotasunaren inguruan. Horrez gain, gogorarazi zuten Lan Ikuskaritzak 30.000 euroko isuna ezarri ziola Itasuari greba eskubidea urratzeagatik.