Donostiak La Cumbre udalaren eskuetara aldatzeko eskaera egin dio berriro Espainiako Estatuari

Jon Insausti alkateak azpimarratu duenez, «urrats horrekin urteak trabatuta daramatzan korapiloa askatzea» lortu da. Jakinarazi du «ados» jarri direla eta «testu batean» jaso dutela jauregiak memoria demokratikoko zer jarduera bilduko dituen.

Talde memorialistek 2024an egindako proposamena aurkezteko ekitaldia. JON URBE / FOKU
Talde memorialistek 2024an egindako proposamena aurkezteko ekitaldia. JON URBE / FOKU
xabier martin
2026ko azaroaren 17a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Udalak La Cumbre jauregia udalaren eskuetara aldatzeko eskaera egin dio berriro Espainiako Gobernuari. Udal gobernuaren alkate Jon Insaustik adierazi du «funtsezko urratsa» dela eskaera ofizial hori, Joxean Lasa eta Joxi Zabala torturatzeko erabili zuten eraikina bihurtu dadin Donostiaren «ondare eta memoria demokratikorako gune».

Tokiko Gobernu Batzarrak gaurko bilkuran onartu du Donostiako Udalak La Cumbre jauregiaren doako lagapena jasotzeko eskaera formala aurkeztea. Izapide horren bidez abian jarri dute Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Legearen babesean bultzatutako prozedura. Udalak esan du «urteetako erakunde lana eta hainbat administrazio, erakunde memorialista eta talde politikorekin izandako elkarrizketak» amaitu direla, Espainiako Estatuko legerian berariaz jasotako eskaera bat gauzatzeko. Haren arabera, «La Cumbre jauregia Donostiako Udalari lagako zaio memoria demokratikoarekin lotutako jardueretarako».

Insausti alkateak azpimarratu duenez, «urrats honekin urteak trabatuta daramatzan korapiloa askatzea» lortuko litzateke. Alkateak helarazi du La Cumbre lagatzeko eskatzeak berretsi egin duela «erakundeen arteko agendari emandako azelerazio berria», donostiarrentzat akordio onuragarriak ei direnak lortzeko, Espainian legegintzaldia amaitu aurretik. «Lanordu asko izan dira helarazi dugun proposamen honen inguruko akordioa zabaltzeko, eta gaur esan dezakegu Donostiako gehiengo zabal batek batera eskatzen diola Madrili memoria demokratikoa berreskuratu, zaindu eta zabaltzeari lotutako lagapen hori».

Memoria demokratikorako gunea

Memoria Demokratikoaren Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, La Cumbreren etorkizuneko erabilera «memoria demokratikoa berreskuratzera, zaintzera eta hedatzera bideratuta» egongo da. Azken urteotan, Donostiako Udalak harremanak izan ditu Estatuko Administraziorekin eta eragile memorialistekin, lagapen prozesua gauzatzeko prozesuaren eta etorkizunean jauregiak hartu beharreko proiektuaren inguruan.

Giza Eskubideen Batzorde Ez-Iraunkorrak jorratu du prozesua, Oroimen Historikoaren Aholku Kontseiluarekin eta hainbat memoria erakunderekin batera: besteak beste, Lantxabe, Egiari Zor, Argituz, Mikel Zabalza Herri Ekimena, Lasa eta Zabala familiak eta Aranzadi, zeinek espazioaren etorkizunari buruzko ekarpenak egin ahal izan dituzten. Hain zuzen, eragile horiek irailean salatu zuten eskualdatzeko prozesua «blokeo» instituzional betean zela.

2024ko urrian, izan ere, La Cumbre jauregia estatuaren «biktimak aitortzeko gune» bihurtzea proposatu zuten talde memorialistek. «Talde parapolizialek eta Estatuko Segurtasun Indarrek Euskal Herrian egindako giza eskubideen urraketa larriei buruzko memoria leku» bihurtzeko proposamen bateratua izan zen hura; Lasa eta Zabalaren senideen babesa izan zuen ekinaldi hark.

(ID_13239241) LA CUMBRE
Donostiako La Cumbre jauregia. ANDONI CANELLADA / FOKU

Proposamen adostua

Hori horrela, lagapena gauzatzeko lehen urratsak 2023. urtekoak dira. Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzarekin egindako kudeaketaren ondoren, udalak La Cumbre jauregirako etorkizuneko proiektu baterako aurretiazko ideiak agiria landu zuen —dokumentu hori oinarri izan da ondorengo lanerako—. 2025ean eta 2026an, jarduketa berriak egin dituzte proiektuaren edukia zehazteko eta Espainiako Estatuak eskatutako dokumentazioa osatzeko.

Lan horren ondorioz, eta Giza Eskubideen Batzordearen hainbat bilkuraren ondoren, «testu adostu bat lortu da» eta bertan bildu dituzte «La Cumbre jauregiak memoria demokratikoko zer jarduera izango dituen». Hala ziurtatu du Insaustiren gobernuak: «Proposatutako proiektuak Euskadiko memoria demokratikorako erreferentzia gune gisa hartzen du eraikin hau, eta memoria historiko eta demokratikoari eskainitako lekuen sare batean integratuta dago, lurralde osoan dauden edo garatzen ari diren egitasmoekin batera. Helburua da herritarrei irekita egongo den gune bat izatea, giza eskubideei, bizikidetza demokratikoari, aniztasunari eta bakearen kulturari buruz hausnartzeko, eta kultura hori zabaltzeko eta sustatzeko».

Proposamenak «ekipamendu dinamikoa eta parte hartzailea» aurreikusten du: erakusketa guneak, hezkuntza jarduerak, topaketak, ikerketa egitasmoak eta gizartea sentsibilizatzeko programak. Era berean, jauregiaren inguruan dauden lorategiak erabilera publikora «pixkanaka irekitzea» planteatzen du, lorategiak «herritarrengana hurbiltzeko, eta topaleku, memoria eta bizikidetzarako leku gisa duten eginkizuna indartzeko». Memoria demokratikoari eta giza eskubideei lotuta, dokumentuak, gainera, «erakundeen eta gizarte eragileen artean partekatutako kudeaketa eredu baten alde» egiten du .

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA