Donostiako autobus geltokia moldatzeko proiektu bat aurkeztu du udalak

Hiru aldaketa nagusi egingo dituztela azpimarratu du Donostiako alkate Jon Insaustik: sarrera berri bat egingo dute, geltokiko guneak berrantolatuko dituzte, eta nasa gehiago erabiliko dituzte.

Donostiako autobus geltoki moldatuaren fotomuntatzea. DONOSTIAKO UDALA
Donostiako autobus geltoki moldatuaren fotomuntatzea. DONOSTIAKO UDALA
Julen Ugartemendia Carcedo
Donostia
2026ko urriaren 16a
16:03
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken hilabeteetan lantzen aritu ondoren, Donostiako alkate Jon Insaustik autobus geltokia moldatzeko proiektu bat aurkeztu du gaur goizean. Autobus geltokiak «bultzada berri bat» behar duela adierazi du alkateak, eta hiru aldaketa nagusi egingo dituztela nabarmendu: nasa gehiago erabiliko dituzte, jendea geltokira sartzeko sarrera berri bat egingo dute, eta geltokiko guneak berrantolatuko dituzte. Udalaren arabera, proiektuaren helburua da azken urteotan izandako bidaiari hazkundeari erantzutea, segurtasuna indartzea, eta ekipamendua hiriko mugikortasun behar berrietara egokitzea. Aurreproiektu bat dela azaldu du Insaustik, eta asmoa dela bere agintaldia bukatu baino lehen «ahal duten guztia aurreratzea» eta proiektua esleituta uztea.

Nasen erabilerari dagokionez, ez dituzte nasa gehiago egingo, baizik eta gaur egun daudenen erabilera berrantolatu. 21 nasa daude gaur egun; udalak azaldu du horietatik hamasei bidaiaren ohiko joan-etorrietarako erabiltzen direla, eta gainerako bostak —azken bost nasak— «autobusek itxaroteko leku gisa» erabiltzen direla «nagusiki». Insaustik azaldu duenez, nasa horiek erabiltzeak aukera emango du gauean «eskari handi bati» erantzuteko.

Sarrera berriaren inguruan ere xehetasunak eman ditu alkateak. Kokapenari dagokionez, autobusen aparkalekuko sarreraren ondoan dagoen berdegunean kokatu nahi dute. Horrez gain, Insaustik esan du sarrera berria geltokiko azken bost nasetan autobusa hartzeko izango dela, eta gauetan autobusek bost nasa horiek bakarrik erabiliko dituztela. Izan ere, zehaztu du sarrera berria egiten dutenean hori bakarrik egongo dela irekita gauez: «Bi sarrerak zabalik egongo dira egunez, baina sarrera zaharra gauez itxi egingo da». Bizikletak uzteko tokia sarrera berrira lekualdatuko dute, eta ostalaritza zerbitzu berri bat ere irekiko dute. 

Insaustiren esanetan, «asko» eskatu diete geltokiaren barruko guneak berrantolatzea. «Itxaroteko eremuak txikiak geratu zaizkigu, eta aldaketak egin behar ditugu», adierazi du. Hori konpontzeko, geltokiaren beheko solairuan dauden leihatilak eta hainbat lokal kenduko dituzte, eta goiko solairuan jarriko. Beheko solairuko kafetegiari dagokionez, txikiagoa izango da moldaketaren ostean. Horrez gain, kontrolgune bat jarriko dute beheko solairuan, autobusari itxaroteko eremuan sartu aurretik.  

Segurtasunaren inguruan ere hitz egin du alkateak; izan ere, azpimarratu du geltokiaren barruan «konfiantza eta segurtasuna handitzeko» eskatzen dietela donostiarrek, eta horri erantzun nahi diola udalak. «Moldaketaren bitartez geltoki seguru bat lortu nahi dugu. Konfiantza eta segurtasuna eskaintzen duen geltoki bat», adierazi du Insaustik. 

Garraio publikoaren gorakada

Insaustik nabarmendu du azken hamarkadan garraio publikoari loturiko erabilerak gora egin duela, eta gorakada horren arrazoiak azaldu ditu: «Kontzientziazio handiagoa dugu erabiltzaileok, gero eta erraztasun gehiago dauzkagu mugitzeko, eta konektibitatea gero eta hobeagoa da». 

Autobus geltokiari dagokionez, alkateak esan du erabiltzaile kopurua «asko» hazi dela azken hamarkadan, eta konturatu direla gaur egungo geltokia ez dela «nahikoa». «Jauzi bat emateko garaia iritsi da, batez ere bi esparrutan: nasen erabileran eta erabiltzaileen segurtasun eta konfiantza sentsazioan», azaldu du. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA