Donostiako autobus geltokia birmoldatzeko proiektu bat aurkeztu du Donostiako Udalak

Hiru aldaketa nagusi egingo dituztela azpimarratu du Donostiako alkate Jon Insaustik: sarrera berri bat egingo dute, geltokiko espazioak berrantolatuko dituzte, eta nasa gehiago erabiliko dituzte.

Donostiako autobus geltoki birmoldatuaren fotomuntaketa. DONOSTIAKO UDALA
Donostiako autobus geltoki birmoldatuaren fotomuntaketa. DONOSTIAKO UDALA
Julen Ugartemendia Carcedo
Donostia
2026ko urriaren 16a
16:03
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken hilabeteetan lantzen aritu ondoren, Donostiako autobus geltokia bilmoldatzeko proiektu bat aurkeztu du Donostiako alkate Jon Insaustik gaur goizean. Autobus geltokiak «bultzada berri bat» behar duela adierazi du alkateak, eta hiru aldaketa nagusi egingo dituztela nabarmendu du: nasa gehiago erabiliko dituzte, jendea geltokira sartzeko sarrera berri bat egingo dute, eta geltokiko espazioak berrantolatuko dituzte. Udalak dio proiektuaren helburua dela azken urteotan izandako bidaiari hazkundeari erantzutea, segurtasuna indartzea, eta ekipamendua hiriko mugikortasun behar berrietara egokitzea. Aurreproiektu bat dela azaldu du Insaustik, eta asmoa dela bere agintaldia bukatu baino lehen «ahal duten guztia aurreratzea», eta proiektua esleituta uztea.

Nasen erabilerari dagokionez, ez dituzte nasa gehiago egingo, baizik eta gaur egun daudenen erabilera berrantolatu. 21 nasa daude gaur egun; udalak azaldu du horietatik hamasei bidaiaren ohiko joan-etorrietarako erabiltzen direla, eta gainerako bostak —azken bost nasak— «autobusen itxaroteko espazio gisa» erabiltzen direla «nagusiki». Nasa horiek erabiltzeak gauean «eskari handi bati» erantzuteko aukera emango duela azaldu du Insaustik.

Sarrera berriaren inguruan ere xehetasunak eman ditu alkateak. Kokapenari dagokionez, gaur egun autobusen aparkalekuko sarreraren ondoan dagoen berdegunean kokatu nahi dute. Horrez gain, Insaustik esan du sarrera berri hori geltokiko azken bost nasetan autobusa hartzeko izango dela, eta gauetan autobusek bost nasa horiek bakarrik erabiliko dituztela. Izan ere, zehaztu du sarrera berria egiten dutenean hori bakarrik egongo dela irekita gauez: «Bi sarrerak zabalik egongo dira egunez, baina sarrera zaharra gauez itxi egingo da». Bizikletak uzteko espazioa sarrera berrira lekualdatuko dute, eta ostalaritza zerbitzu berri bat ere irekiko dute. 

Insaustik ere esan du «asko» eskatu dietela geltokiaren barruan dauden espazioak berrantolatzea. «Itxaroteko eremuak txikiak geratu zaizkigu, eta aldaketak egin behar ditugu», adierazi du. Hori konpontzeko, alkateak azaldu du geltokiaren beheko solairuan dauden leihatilak eta hainbat lokal kenduko dituztela, eta goiko solairuan jarriko dituztela. Beheko solairuan dagoen kafetegiari dagokionez, txikiagoa izango da birmoldaketaren ostean. Horrez gain, esan du sarbide kontrol bat jarriko dutela beheko solairuan, autobusari itxaroteko eremuan sartu aurretik.  

Segurtasunaren inguruan ere hitz egin du alkateak; izan ere, azpimarratu du donostiarrek eskatzen dietela geltokiaren barruan «konfiantza eta segurtasun handiagoa» izatea, eta haien asmoa horri erantzutea dela. «Birmoldaketaren bitartez, geltoki seguru bat lortu nahi dugu. Konfiantza eta segurtasuna eskaintzen duen geltoki bat», adierazi du Insaustik. 

Garraio publikoaren gorakada

Insaustik nabarmendu du azken hamarkadan garraio publikoari loturiko erabilerak gora egin duela, eta gorakada horren arrazoiak azaldu ditu: «Kontzientziazio handiagoa dugu erabiltzaileok, geroz eta erraztasun gehiago dauzkagu mugitzeko, eta konektibitatea geroz eta hobeagoa da». 

Autobus geltokiari dagokionez, alkateak esan du horren erabilera «asko» hazi dela azken hamarkadan, eta konturatu direla gaur egungo geltokia ez dela «nahikoa». «Jauzi bat emateko momentua iritsi da, batez ere bi esparrutan; nasen erabileran eta erabiltzailearen segurtasun eta konfiantza sentsazioan», azpimarratu du. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA