Donostiako Egia auzoan bizi den familia bat etxegabetze arriskuan dagoela ohartarazi du Saretxe etxebizitza sindikatuak: «Alokairu bila ibili dira, baina ezinezkoa da Donostian ezer aurkitzea, eta kale gorrian egongo dira astelehenean, etxegabetzea gauzatuz gero», esplikatu dute. Are, «egoera zaurgarrian» daudela azpimarratu du Saretxek; besteak beste, «haien diru sarrerak oso urriak baitira». Sei kidek osatzen dute sendi hori: horietatik bi adin txikikoak dira, eta beste bi, edadetuak. Horiek horrela, Donostiako Udalari eskatu diote familia horren zaurgarritasun txostena egiteko, eta non lo egin eduki dezan bermatzeko.
Saretxe etxebizitza sindikatuak prentsaurrekoa egin du gaur, sendi horren egoeraren berri emateko. Esplikatu dutenez, duela pare bat aste Latxaga guraso elkartea sindikatuarekin harremanetan jarri zen, Donostiako Egia auzoko Aitor ikastolako familia bat etxegabetzeko arriskuan zegoela adieraziz. «Familia honek zazpi urte daramatza etxe berean. Han bizi dira haien bi seme-alabak, 10 eta 8 urtekoak, eta aitona-amonak ere bai. Epaitegiak, ordea, urriaren 19an etxea uzteko agindua ezarri die», zehaztu dute.
Saretxeren arabera, familia hori ezin dute etxegabetu, «egoera zaurgarrian» baitago. Lehenik, etxeko diru sarrerak oso urriak dira: gurasoetako batek lan istripu bat izan zuen, zenbait ebakuntza izan ditu, eta oraindik errehabilitazioan dago. Bigarrenik, haur zein adineko, egoera zaurgarrian dauden pertsona ugari bizi dira etxe horretan. Eta hirugarrenik, ez dute etxebizitza alternatibarik», ohartarazi du sindikatuak.
Bide berean, kritikatu dute etxebizitza bilatzeko orduan jasaten duten «bazterkeria arrazista», familia migratua baita.
«Familia honek zazpi urte daramatza etxe berean. Han bizi dira haien bi seme-alabak, 10 eta 8 urtekoak, eta aitona-amonak ere bai. Epaitegiak, ordea, urriaren 19an etxea uzteko agindua ezarri die»
SARETXE ETXEBIZITZA SINDIKATUA
Halaber, jakinarazi dute bi hilabete ordaindu gabe utzi zituztela 2024an, eta jabeak salaketa jarri zuela, «gaizki-ulertu batzuk» direla medio. Hala ere, nabarmendu dute zazpi urtean bi hilabete baino ez direla izan. «Labirinto burokratiko eta judizialak tarteko, familiak ez zuen zaurgarritasun txostena jaso, ez etxegabetzeko bermea. Hori gabe, familiak kalean geratzeko arriskua du, nahiz eta jada hilabete guztiak ordainduta dauden eta zaurgarritasun baldintzak betetzen dituen», Saretxeko kideen hitzetan.
Egoera horretan, Saretxek dio ezin dela etxegabetzea gauzatu, betiere Espainiako Gobernuak urriaren 6an onartutako errege dekretuaren arabera. «Baina, horretarako, zaurgarritasun txostena behar dute, eta hori lortzeko borrokan gabiltza, epaileari eta zerbitzu sozialei hori bete dezatela eskatuz», gogorarazi dute. Izan ere, abokatuak epaileari eskatu dio dagoeneko neurriak aplikatzeko eta zaurgarritasun txostena igortzeko.
Greba orokorrarekin bat
Saretxe etxebizitza sindikatuak azpimarratu du Egiako familia horri gertatzen ari zaiona «egunero eta astero» gertatzen dela Euskal Herrian: «Egunero, hainbat familia geratzen dira kale gorrian gure auzoetan, eta hori amaiarazi behar dugu». Alde horretatik, herritarrak deitu dituzte azaroaren 11n egingo den greba orokorrean parte hartzera.