«Donostiako piratok erabat babesten dugu Aste Nagusian zehar egingo den ikuskizun eta ekitaldietako langileen greba». Horixe adierazi dute Donostiako Piratek gaur sare sozialetan zabaldutako ohar batean. Izan ere, ikuskizunetako eta ekitaldietako teknikariek bi urte daramatzate lan hitzarmen «duin» bat lortu nahian, eta, hori lortzera bidean, maiatzaren 14an egin zuten lehen lanuztea Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Ondoren beste lau greba egun iragarri zituzten, eta horietako batek, abuztuaren 14koak, Donostiako Aste Nagusiarekin egingo du bat. Eragileak hartu duen erabakiaren ondorioz, ez dira egingo egun horretarako iragarrita zeuden ez Flamenkako ez Trinitate plazako kontzertuak.
Ikusi gehiago
«Jai herrikoi, feminista eta parte hartzailea eraikitzen dugun heinean, ezinbestekoa iruditzen zaigu hura posible egiten duten langileen eskubideak eta lan baldintza duinak erdigunean jartzea», nabarmendu dute piratek erabakiaren berri emateko oharrean. Joan den astean iragarri zuten aurtengo egitaraua, eta hilaren 14rako Skabidean, Eira, Saioa Erreugiñak, King Konsul eta Revolutionary Brothers taldeen kontzertuak iragarri zituzten.
Donostiako Aste Nagusiarekin bat egingo duen greba egunaren ondoren, teknikariek Bilboko Aste Nagusian egingo dute hurrengo lanuztea, abuztuaren 26an. Izan ere, Teknikariok sindikatuak ohar bidez azaldu duenez, EUKI patronalaren aldetik «utzikeria berbera» sentitzen dute oraindik ere, «erabateko isiltasunaren oihartzuna». Kontrara, sindikatuak ziurtatu du herri eragileen partetik «indarra eta babesa» jasotzen dabiltzala: «Batasun horrek erakusten du jai duinak defendatzeko langileen eskubideak defendatu behar direla derrigor. Kultura ezin baita esplotazioaren sinonimo izan».