Donostiako Piratek bertan behera utzi dituzte abuztuaren 14ko kontzertuak

Ikuskizunetako eta ekitaldietako teknikarien grebarekin elkartasunez, bertan behera utzi dituzte Skabidean, Eira, Saioa Erreugiñak, King Konsul eta Revolutionary Brothers taldeen kontzertuak.

Donostiako Piratak, uztailaren 15ean, portuan egindako prentsaurrekoan. GORKA RUBIO / FOKU
Donostiako Piratak, uztailaren 15ean, portuan egindako prentsaurrekoan. GORKA RUBIO / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
2026ko uztailaren 24a
11:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Donostiako piratok erabat babesten dugu Aste Nagusian zehar egingo den ikuskizun eta ekitaldietako langileen greba». Horixe adierazi dute Donostiako Piratek gaur sare sozialetan zabaldutako ohar batean. Izan ere, ikuskizunetako eta ekitaldietako teknikariek bi urte daramatzate lan hitzarmen «duin» bat lortu nahian, eta, hori lortzera bidean, maiatzaren 14an egin zuten lehen lanuztea Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Ondoren beste lau greba egun iragarri zituzten, eta horietako batek, abuztuaren 14koak, Donostiako Aste Nagusiarekin egingo du bat. Eragileak hartu duen erabakiaren ondorioz, ez dira egingo egun horretarako iragarrita zeuden ez Flamenkako ez Trinitate plazako kontzertuak.

«Jai herrikoi, feminista eta parte hartzailea eraikitzen dugun heinean, ezinbestekoa iruditzen zaigu hura posible egiten duten langileen eskubideak eta lan baldintza duinak erdigunean jartzea», nabarmendu dute piratek erabakiaren berri emateko oharrean. Joan den astean iragarri zuten aurtengo egitaraua, eta hilaren 14rako Skabidean, Eira, Saioa Erreugiñak, King Konsul eta Revolutionary Brothers taldeen kontzertuak iragarri zituzten.  

Donostiako Aste Nagusiarekin bat egingo duen greba egunaren ondoren, teknikariek Bilboko Aste Nagusian egingo dute hurrengo lanuztea, abuztuaren 26an. Izan ere, Teknikariok sindikatuak ohar bidez azaldu duenez, EUKI patronalaren aldetik «utzikeria berbera» sentitzen dute oraindik ere, «erabateko isiltasunaren oihartzuna». Kontrara, sindikatuak ziurtatu du herri eragileen partetik «indarra eta babesa» jasotzen dabiltzala: «Batasun horrek erakusten du jai duinak defendatzeko langileen eskubideak defendatu behar direla derrigor. Kultura ezin baita esplotazioaren sinonimo izan». 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA