«Patronalak gure eskariei erantzuten ez badie, ez da egun bakar bateko kontua izango». Greba eguna izan dute gaur ikuskizunen eta ekitaldien sektoreko langileek. Teknikariok, UGT, ESK, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek egin dute deialdia, eta «erantzun zabala» izan duela esan dute ordezkariek. Egun osorako antolatu dituzte protestak, eta Bilboko Arriaga plazan egin dute eguneko lehen elkarretaratzea, eguerdian. Hitzarmen duin bat eskatzen diote patronalari, eta kontzentrazioan ere «hitzarmen duin baten alde» izan da gehien errepikatu dituzten leloetako bat. Deialdiak «arrakasta» izan duela adierazi du Aritz Pilar Teknikariok sindikatuko ordezkariak, eta patronalak «gutxieneko lan baldintzak» onartu ezean «mobilizatzen» jarraituko dutela esan du.
Ikusi gehiago
Tentsio uneak ere izan dira. Izan ere, pikete informatiboak egin dituzte goizean. Bilbo Arenara joan dira lehenik eta behin. Bad Gyal abeslaria kontzertua egitekoa da bertan, eta emanaldia prestatzen ari diren teknikariak informatzera bertaratu dira grebalariak. «Gure sektorekoei greba eguna zela azaldu diegu, baina kontzertuko segurtasuneko langileekin tirabirak egon dira: gu lasai geunden, baina bultza egin digute», salatu du Pilarrek.
Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako langileak deitu dituzte grebara, eta, Pilarrek salatu duenez, izan da, deialdiari izkin egiteko, kanpoko langileak kontratatu dituen enpresarik. Bilboko Euskalduna jauregian, adibidez, hori egin dutela esan du. Aretoak kanpoko enpresa bat kontratatu du, haren hitzetan, «grebara deituta geunden teknikarion lana egiteko». Getxoko Muxikebarri aretoan ere (Bizkaia) hori gertatu dela esan du. Hara Kantabriako langileak ekarri dituzte Serifalariak diseinu eta sormen jaialdia egin ahal izateko. Areto berean arratsaldean zegoen antzezlana, aldiz, bertan behera geratu da.
«Guk badakigu greba egun honek eragozpenak sortu ditzakeela, baina publikoari eskatzen diogu gure lekuan jarri eta elkartasuna adierazteko. Ez joan kontzertuetara: utzi eserlekuak hutsik»
ARITZ PILAR Teknikariok sindikatuko ordezkaria
Ikuskizunen ikusleei ere mintzatu zaie sindikatuko ordezkaria: «Guk badakigu greba egun honek eragozpenak sortu ditzakeela, baina publikoari eskatzen diogu gure lekuan jarri eta elkartasuna adierazteko. Ez joan kontzertuetara: utzi eserlekuak hutsik».
«Blokeo sistematikoa»
Arriaga plazakoa da goizean egin duten elkarretaratze bakarra. Arratsaldeko seietan batuko dira hurrena, Gasteizko Mendizabala gunean antolatu duten Bat-batean jaialdian. Mobilizazioek 18:30ean jarraituko dute, Leioako Umore Azokan (Bizkaia). Azkeneko elkarretaratzea Donostian egingo dute, Viktoria Eugenia antzokian, 19:00etan.
Bi urte igaro dira EUKI patronalaren —sektoreko enpresa gehienak biltzen ditu— eta Teknikariok, UGT, ESK, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek negoziazio mahaia sortu zutenetik. Geroztik, sektorearen «prekarizazioak» bere hartan jarraitzen duela salatu dute sindikatuek, eta patronalak «blokeo sistematikoa» ezarria duela. Besteak beste, lanegunak azken orduan jakinarazten dizkietela eta aparteko orduak ez dizkietela ordaintzen azaldu dute azken hilabeteotan egin dituzten agerraldietan.
Otsailean iragarri zuten mobilizazioak egitea izango zela hurrengo urratsa. Eta gaurko deitu zuten greba apirilean. Patronala negoziazio mahaian eser dadin nahi dute langileek, eta horretarako «itxaropena» dutela adierazi du Pilarrek. «Gurekin kontaktuan jartzea nahiko genuke, eta gure beharrak eta eskaerak serio hartzea».
Bertan behera geratu edo atzeratu dituzten ikuskizunak