Ertzaintzari «mespretxu» egin izana egotzi die EAJk Andoain, Tolosa eta Pasaiako EH Bilduren gobernuei

Jeltzaleek udal horietan dituzten bozeramaileek «azalpen sinesgarriak» eskatu dizkiete EH Bilduko alkateei. Haien iritziz, «kolore politiko bereko alderdiak gobernatutako hiru udalerritan gertatu denez, ezin da hutsegite puntualtzat hartu».

Imanol Goenaga, Xarles Iturbe eta Loreto Osa EAJren hautetsiak, gaur egin duten agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU
Imanol Goenaga, Xarles Iturbe eta Loreto Osa EAJren hautetsiak, gaur egin duten agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU
kristina martin
2026ko azaroaren 9a
13:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJk agerraldi bat egin du gaur Guardia Zibilak Intxaurrondon (Donostia) duen kuartelean Gipuzkoako zenbait herritako udaltzainek eginiko formakuntza ikastaroen auziarekin lotuta. Jeltzaleek Andoainen, Pasaian eta Tolosan dituzten udal taldeetako bozeramaileak —oposizioan daude— batera azaldu dira EH Bilduren udal gobernuei eskaera bat egiteko: azaldu dezatela udaltzainak zergatik joan ziren Intxaurrondora Ertzaintzak eskaintzen dituen ikastaroetara joan beharrean.

Imanol Goenaga (Andoain), Xarles Iturbe (Tolosa) eta Loreto Osa (Pasaia) hautetsi jeltzaleek adierazi dutenez, «EH Bilduk gobernatutako udalerrietako udaltzainek Intxaurrondora jo izana, armekin eta segurtasunarekin lotutako gaietan prestakuntza jasotzera, hori Ertzaintzari, Arkautiri eta Euskal Poliziaren ereduari mespretxu egitea da». Gogorarazi dutenez, hilaren hasieran informazioa zabaldu zenean, hiru udalerri horietako alkateei azalpenak eskatu zizkieten, baina «oraindik ez dugu azalpen sinesgarririk jaso». Haien iritziz, ez da onargarria EH Bilduko gobernuek «erabaki tekniko huts gisa» aurkeztu izana. Era berean, alkateen jarrera kritikatu dute, Intxaurrondora joatearen erantzukizuna udaltzaingoetako profesionalen gain utzi dutelako. Izan ere, argudiatu dutenez, alkateek dute «udaltzaingoen buruzagitza gorena», eta, hortaz, «azaldu behar dute nork erabaki zuen jarduera horietan parte hartzea, nork baimendu zuen edo zergatik ez zuten eragotzi».

Polemika hilaren hasieran sortu zen: Gipuzkoako EAJren zuzendaritzak (GBB) salatu zuen Tolosako eta Andoaingo zenbait udaltzainek tiro praktikak egin zituztela Guardia Zibilak Intxaurrondon (Donostia) duen kuartelean. EAJk gaitzetsi egin zuen praktika horiek egitera Guardia Zibilarengana jo izana, eta gogorarazi zuen Ertzaintzaren Arkautiko akademian ere jaso zitzaketela. Andoaingo eta Tolosako alkateek aitortu zuten beren udaltzainek ikastaro horietan parte hartu zutela, baina azaldu zuten formakuntzaz arduratzen diren udaltzainburuen erabakia izan zela, hau da, alkateek ez zutela horren berririk izan, eta erabaki hori, gainera, ez zutela babesten. Gerora azaldu zen Pasaiako udaltzainek ere parte hartu zutela ikastaro horietan. 

Euskal segurtasun eredua babesteko mozioa

Auzia argitzeko asmoz, joan zen astean Andoain, Tolosa eta Pasaiako EAJren ordezkariek informazio eskaerak aurkeztu zituzten hiru udal horietan. Gaur eskaera hori bera publikoki plazaratu dute: «Jarduerei, haien edukiei, datei, parte hartzaileei eta emandako baimenei buruzko informazio osoa eskatzen dugu». Goenaga, Iturbe eta Osaren esanetan, «kolore politiko bereko alderdiak gobernatutako hiru udalerritan gertatu denez, ezin da hutsegite puntualtzat hartu; jokabide eredu baten aurrean gaude». Halaber, jakinarazi dute Gipuzkoako udal guztietan mozio bat aurkeztuko dutela «euskal Poliziaren ereduari babes osoa adierazteko eta euskal segurtasun eredua berresteko». Mozio horretan konpromiso bat eskatuko diete udalei, «udaltzaingoaren lanbide prestakuntza Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian jaso, garatu eta koordinatu dadin».

EAJk ez ezik, ELA eta LAB sindikatuek ere kritikatu zuten udaltzaingoak Guardia Zibilaren formakuntza jaso izana. ELAren ustez, horrek «estatuko segurtasun indar eta kidegoak zuritzea eta normalizatzea» dakar. Bide berean, LAB sindikatuak jokaera hori gaitzetsi zuen, eta «beharrezko neurriak hartzeko» eskatu, horrelakorik berriz gerta ez dadin. LABek, baina, erantsi zuen Andoaingo eta Tolosako udaltzainek ez ezik EH Bilduren gobernuak ez dituzten beste udal batzuetako udaltzainek ere parte hartu izan zutela Guardia Zibilak emandako «arma erregelamenduari buruzko prestakuntza ikastaro batean». Donostia, Eibar eta Hondarribia aipatu zituzten. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA