ELAk salatu du Itasua enpresak dibidenduak hirukoiztu egin dituela azken bost urteetan, baina langileei ukatu egiten dietela soldata igoera

Bergarako eta Zarauzko IATetako langileek hitzarmen propio bat eskatzen dute, eta lan baldintzak Gipuzkoako beste IATetako langileen baldintzekin parekatzea. ELAk uste du enpresak onartzeko modukoak direla langileen eskaerak.

Bergarako Itasua enpresako langileak hitzarmen duina eskatzen, irailean, lantokiaren kanpoaldean. BERRIA
Bergarako Itasua enpresako langileak hitzarmen duina eskatzen, irailean, lantokiaren kanpoaldean. BERRIA
2026ko urriaren 15a
16:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uztailetik daude greban Bergarako eta Zarauzko IAT ibilgailuen azterketa teknikoko langileek. Hitzarmen propio bat eskatzen diote Itasua enpresari, eta lan baldintzak Gipuzkoako beste IATetako langileen baldintzekin berdintzea. Izan ere, ELAk salatu izan du Itasuako langileek 2.000 eta 6.000 euro arteko soldata txikiagoa jasotzen dutela urtean, eta 133 ordu gehiago lan egin. Gaur, berriz, sindikatuak salatu du Itasuak dibidenduen banaketa hirukoiztu egin duela azken bost urteetan, baina enpresak ez dituela onartu langileen soldata eskaerak. ELAk azaldu duenez, duela bost urte 900.000 euro banatu zituen Itasuak; 2025ean, 2,7 milioi euro. Horrez gain, sindikatuak dio Itasuak hamar milioi euro inguruko irabaziak izan dituela azken bost urteetan. 

ELAk uste du Itasuak baduela langileen eskaerak onartzeko gaitasun ekonomikoa. Sindikatuak egin dituen kalkuluen arabera, soldata %1 igotzeak 28.000 euro inguruko kostua izango luke, eta langileek eskatzen duten soldata igoerak 165.000 euro inguruko kostua ekarriko luke. Enpresaren jarrera kritikatu du ELAk: «Ezin da onartu interes publikoko zerbitzu baten irabaziak gutxi batzuen aberastasuna handitzeko erabiltzea, langileen lan baldintzak hobetu gabe». 

Langileek ere salatu izan dute enpresa gogor jokatzen ari dela. «Enpresa salaketak jartzen ari da. Negoziatu beharrean, langileen aurkako salaketak jartzen ditu, haiek beldurtzeko eta lanean hastera behartzeko», adierazi zion BERRIAri Itasuako langile eta ELAko ordezkari Itziar Muruak. Urriaren hasieran, berriz, ELAk esan zuen Lan Ikuskaritzak 30.000 euroko isuna jarri diola Itasua enpresari greba eskubidea urratzeagatik, grebalari bat ordezkatzeko beste langile bat kontratatu zuelako. 

Gipuzkoan Itasua eta Itevelesa enpresak dira ibilgailuen azterketa teknikoa egiten duten bakarrak. Itevelesa enpresako langileek hamar hilabeteko greba egin zuten hitzarmen propioa eskatzeko, eta akordioa lortu zuten 2014ko martxoan. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA