Uztailetik daramate greban Bergarako eta Zarauzko IAT ibilgailuen azterketa teknikoko langileek. Hitzarmen propio bat eskatzen diote Itasua enpresari, eta haien lan baldintzak Gipuzkoako beste IATetako langileen baldintzekin alderatzea. Izan ere, ELAk salatu izan du Itasuako langileek urtean 2.000 eta 6.000 euro arteko soldata txikiagoa jasotzen dutela, eta 133 ordu gehiago lan egiten dituztela. Gaur, berriz, sindikatuak salatu du Itasuak dibidenduen banaketa hirukoiztu egin duela azken bost urteetan, baina enpresak langileen soldata aldarrikapenak konpondu gabe jarraitzen duela. ELAk azaldu duenez, duela bost urte 900.000 euro banatu zituen Itasuak; 2025ean, aldiz, 2,7 milioi euro. Horrez gain, sindikatuak dio azken bost urteetan Itasuak hamar milioi euro inguruko irabaziak izan dituela.Â
Itasuak langileen eskaerei erantzuteko gaitasun ekonomikoa duela uste du ELAk. Sindikatuak egin dituen kalkuluen arabera, soldaten %1eko igoerak 28.000 euro inguruko kostua izango luke, eta langileek eskatzen duten soldata igoerak 165.000 euro inguruko kostua ekarriko luke. Enpresa izaten ari den jarrera kritikatu du ELAk: «Ezin da onartu interes publikoko zerbitzu baten irabaziak gutxi batzuen aberastasuna handitzeko erabiltzea, langileen lan baldintzak hobetu gabe».Â
Langileek ere salatu izan dute enpresa gogor jokatzen ari dela. «Enpresa salaketak jartzen ari da. Negoziatu beharrean, langileen aurkako salaketak jartzen ari da, haiek beldurtzeko eta lanean hastera behartzeko», adierazi zion BERRIAri Itasuako langile eta ELAko ordezkari Itziar Muruak. Urriaren hasieran, berriz, ELAk esan zuen Lan Ikuskaritzak 30.000 euroko isuna jarri diola Itasua enpresari greba eskubidea urratzeagatik, grebalari bat ordezkatzeko beste langile bat kontratatu zuelako.Â
Gipuzkoan Itasua eta Itevelesa enpresak dira ibilgailuen azterketa teknikoa egiten duten bakarrak. Itevelesa enpresako langileek hamar hilabeteko greba egin zuten hitzarmen propioa eskatzeko, eta 2014ko martxoan akordioa lortu zuten.Â