Azpeitiko (Gipuzkoa) hiltzailea ez dute aurkitu oraindik. Herenegun iluntzean gizonezko bat hil zuten tiroz Azpeitian, eta tiratzaileak ihes egin zuen; bi egun daramatzate haren gibeletik. Suzko arma batekin egin zion tiro, eta ikerketa zabalik dago oraindik. Ertzaintzak, gaur, zaintza kameren grabaketak eskatu dizkie Azpeitiko saltokiei, tiratzailea non dabilen jakiteko lagungarri izanen direlakoan.
Atzo miatu zuen Ertzaintzak ustezko hiltzailearen etxea, eta ez zuen haren arrastorik aurkitu. Bertze hainbat tokitan ere izan zen arakatzen: Paulo VI.a auzunearen parte bat eta Ildefonso Gurrutxaga kalea itxita eduki zituzten Ertzaintzak eta udaltzaingoak. Unitate bereziko agenteak etxebizitza batera eta lokal batera sartu ziren miaketa egitera. Azkoitian, berriz, Estrada kalean izan ziren, eta herritik kanpo ere aritu ziren bilaketa lanetan. Ustezko erasotzailea Azpeitiko Landeta auzoan bizi da, eta ordubetetik goiti egon zen atzo Ertzaintzaren unitate berezia han inguruan. Ertzaintzaren Bizkor taldeko hamar bat kidek parte hartu zuten miaketan, eta txakur bat ere eraman zuten.
Asteartean izan zen tiroketa, 20:15 aldera, eta gizonezko bat larri zauritu zuten. Artzubia kalean gertatu zen, biribilgune batean, Garmendipe futbol zelaiaren eta zezen plazaren artean. Lekukoek ikusitakoa bildu zuen Azpeitia Guka hedabideak, eta, haren arabera, auto batek bertze bat jo zuen gibeletik, biribilgunean bertan. Taxi bat zen jotako autoa, Mercedes beltz bat, eta hartan zihoana autotik atera zenean, gibeletik kolpea eman zionak tiro egin zion. Lekuko batzuek bospasei tiro hots aditu zituzten. Behin taxi gidaria lurrean zela, ihes egin zuen tiratzaileak.
Hiltzaileak erabilitako autoa, berriz, Volkswagen gris bat da, eta hildakoari tiro egin ondoren ihes egiteko erabili zuen. Atzo aurkitu zuen Ertzaintzak, Azpeitian bertan, Garate Anaiaren auzoko aparkaleku batean, aparkatuta eta abandonatuta.
Larrialdi zerbitzuak berehala joan ziren tiroketa gertatu zen lekura, eta zauritutako gizona suspertzen ahalegindu ziren lekuan bertan. Ez zuten lortu, eta hil egin zen azkenean. Hilotza gauerdi inguruan eraman zuten. 30 urte inguruko herritar bat da hildakoa, eta, taxilari aritzeaz gain, herrian ezaguna zen DJ gisa ere aritua zelako.