Udan ekin zioten grebari Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek, lan baldintza hobeak exijitzeko zuzendaritzari. Hiru greba ziklo egin zituzten orduan, eta datozen asteetan beste hainbeste egingo zituztela iragarri zuten ELAk eta LABek; gaur, ordea, sindikatuek jakinarazi dute langileek greba bertan behera utzi dutela. Arrazoia honako hau dela azaldu dute: enpresak, CCOO sindikatua «baliatuta», hauteskunde sindikalak egiteko aurreabisua eman duela, eta horrek «edozein negoziazio aukera zapuztu» duela.
LABek eta ELAk osatzen dute lan batzordea —lehenak bost ordezkari ditu, eta bigarrenak hiru—, eta, haien esanetan, langileek aho batez hartu dute greba bertan behera uzteko erabakia. Horrez gain, salatu dute ez dela lehen aldia zuzendaritzak CCOO «baliatu» duela «langile kolektiboaren aurka» egiteko: izan ere, uztailean sindikatuak haren negoziazio eskubidea urratzen ari zela egotzi zion lan batzordeari. Gerora, ordea, ez zen halakorik frogatu, sindikatuak ez baitu ordezkaririk lan batzordean.
LABek eta ELAk gogoratu dute CCOOk eta AEGA Gipuzkoako Automozio Enpresen Elkartea patronalak gasolindegietarako aurreakordioa sinatu zutela irailean: 2030era bitarte soldatak igotzea eta urtean ordu gutxiago lan egitea adostu zuten, besteak beste. «Eragin mugatuko akordioa da, eta sektoreko gehiengoak zuen borrokatzeko grina pikutara bidali zuen», gaitzetsi dute ELAk eta LABek. UGT ere aurreakordioaren aurka agertu zen.
Kapitalaren mesedetan
Hauteskunde sindikalak deituta, langile batzordeari eta beharginei «berriz traizio egitea» leporatu diote CCOOri: «Tristea da bere burua langile klasearen eskubideen defentsaren alde kokatzen duen sindikatu bat kapitalaren mesedetan lan egiten aritzea, harekiko konfrontazioa bilatu beharrean».
Lan baldintza hobeak negoziatzeko ateak gaur-gaurkoz itxiak badituzte ere, Moeveko gasolindegietako lan batzordeak esan du ez duela etsiko, eta indar handiagoz ekingo diotela borrokatzeari hauteskunde sindikalak egin ondoren. LABek eta ELAk, gainera, uste dute beren ordezkaritza «indartuta» aterako dela hauteskundeetatik.