Gipuzkoako zahar etxeetako langileek eta patronalak akordioa erdietsi dute

Abenduaren 18an dira sinatzekoak, eta 2028ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean. 376 egun egin dituzte greban. Besteak beste, adostu dute ratioen eta lan kontratu partzialen kopurua murriztea.

Gipuzkoako zahar etxeetako langileen agerraldia gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Gipuzkoako zahar etxeetako langileen agerraldia gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
maddi iztueta olano
Donostia
2026ko azaroaren 20a
13:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itxaronaldia eta eztanda. 09:30etan eseri dira mahaiaren bueltan Gipuzkoako zahar etxeetako eta patronaletako ordezkariak. Ozen entzun zitekeen adostasun posible baten zurrumurrua, eta hiru orduren buruan iritsi da albistea: aurreakordioa erdietsi dute. Kamiseta eta ke morez blaitu da Lan Harremanen Kontseiluaren ataria, Donostian, eta oihuka hasi dira: «Gora, gora, gora, emakumeen borroka!». 376 greba egunen ondoren, abenduaren 18an dira ituna sinatzekoak. Besteak beste, adostu dute zenbait lantalde handitzea eta lan kontratu partzialak murriztea.

Gipuzkoako zahar etxeetako langileak akordioa ospatzen gaur, Donostian. MADDI IZTUETA OLANO

Desegin da haize morea, eta askatu besarkadak. ELA sindikatuko bozeramaile Txomin Lasak hartu du hitza. Hunkituta ekin dio azalpenari, eta xehetasunak azaldu aurretik eskerrak eman dizkie bertan bildu diren langile eta grebalariei: «Aurreakordio hau zuentzat da». Txaloka erantzun diote entzuleek; ehun lagun inguru bertaratu dira. Edukiari ekin baino lehen, ohartarazpena egin du Lasak: «Gaur adostutako hitzarmen hau greba mugagabeak antolatu dituen asanblada bakoitzak sinatu beharko du, eta ez ditugu greba mugagabeak bertan behera utziko dena ondo itxita egon arte». Ondo bidean, aurreakordioa 2025eko urtarrilaren 1etik 2028ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean. 

Partzialtasuna murriztea zen hilabeteotako lanuzteen aldarri nagusietako bat, eta lortu dute aurrera egitea: aurrerantzean kontratu partzialak %75eko lanaldiak izan beharko dira gutxienez; bestalde, 60 urtetik gorako langile guztiek lanaldi osoak izan beharko dituzte. Horrez gain, adostu dute zenbait lantalde handitzea, eta derrigorrez ordezkatu behar izatea erretiroagatik hutsik geratutako lanpostuak. 

Soldatari dagokionez, Lasak azpimarratu du «igoera nabarmena» aurreikusten dutela: KPI kontsumo prezioen indizearen araberako %0,5 eta %0,8koa 2027an, eta %0,75ekoa 2028an. Horri gehitu behar zaio, gainera, %3,7ko igoera adostu zutela 2025erako, eta %3,4koa eta %0,8koa 2026rako. Hala, lanaldi osoan jarduten duten langileen oinarrizko soldatak hilean 2.000 euro gordineko muga gaindituko du. 

«Aurreakordio hau zuentzat da» 

TXOMIN LASA ELA Sindikatuko bozeramailea

Arlo ekonomikoari ez ezik, langileen ongizateari eta bizi baldintzei ere erreparatu diete aurreakordioan. Horren harira, adostu dute langile guztiek errelebo kontratua izateko aukera izango dutela, eta 60 urtetik gorako langileek, beren lanaldia %25 murrizteko eskubidea. Langileen osasunari dagokionez, gaixotasun arrunten eta profesionalen kasuetan, soldata oso-osorik bermatuta izango dute, eta urteko egutegia zehaztuta izango dute urtarrilaren 31tik aurrera. Azkenik, hitzarmena indarrean egon bitartean, euskara planak egiteko eta adosteko beharra hitzartu dute. 

ELA sindikatuaren arabera, «urrats handia» egin dute langileak eta egoiliarrak kontuan hartuko dituen zaintza publiko, doako, unibertsal eta kalitatezko baterantz. Langileei ez ezik, eskerrak eman dizkiete haiekin batera borrokan jardun duten egoiliarren senideei, mugimendu feministari, pentsiodunen mugimenduari eta bestelako gizarte eragileei. 

Borroka luzea

Luze jo du Gipuzkoako zahar etxeetako langileen borrokak. 2022an sinatu zuten azken lan hitzarmena, eta 2024ko abenduaren 31n iraungi zen. Gipuzkoako zahar egoitzetako ordezkari sindikalek 2025eko urtarrilean deitu zuten mahai sektorialera, baina 2025eko ekainean bildu ziren aurrenekoz. Ordutik, negoziazioak ez aurrera eta ez atzera egon dira. Horren erakusle, urte eta erdian antolatutako mobilizazioak eta lanuzteak: Gipuzkoako zortzi zahar etxetan greba mugagabean daude, eta gainontzekoetan bi edo hiru greba egun egin dituzte hilero-hilero. 

Begiak bustita hitz egin du Aitziber Aranberri langileak; beste askoren gisan, urtebete darama greba mugagabean. «Sekulako lasaitua hartu dugu, borroka luzea izan da, neketsua, eta jende asko izan da ibilbidearen parte», esan du. Pozik dago gaur adostutako neurriekin, «lorpen handitzat» jo ditu, eta nabarmendu du «oinarri sendoa» eraiki dutela. Denera, Gipuzkoa osoko 62 zahar etxe eta eguneko egoitza bildu dira: 5.000 langile inguru; horietako gehienak, emakumeak. 

LABek ere pozez hartu du aurreakordioaren albistea, eta, prentsa ohar baten bidez, nabarmendu du hitzarmen honek «bide bat» irekitzen duela hurrengo negoziazioetan «helburua guztiz lortzeko». «Erosahalmena bermatzeaz gain, administrazio publikoko langileekin parekatzeko urratsak egin dira», erantsi du.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA