Donostia Kulturak bultzatutako Literaktum jaialdian, Gure gailurretako historia marrazten erakusketa zabalduko da gaur 19:00etan, Donostiako Ernest Luch kultur etxean. Literatura, marrazkia eta historia elkarrizketan; hitza eta irudia eskutik, gure historiaren lekukotza jasotzen. Hori da komiki hauen eta erakusketaren asmoa. Euskal mendizaletasunaren historiari buruz Sua argitaletxeak eta Mendi Film jaialdiak argitara emandako komikiak dira erakusketaren oinarria: Everest, herri oso bat gailurrean; Iñurrategi anaiak, mendiari bihotz emanak; Andres Espinosa, bakarrik eta libre, eta Edurne Pasaban.
Erakusketaren inaugurazioan Pasaban izango da gonbidatu nagusia, eta bertan izango dira komikien egileak ere: Cesar Llaguno marrazkilaria eta idazten ari den hau, gidoilari lanetan. Solasaldian, Pasabanen bizipenei buruz arituko dira, eta euskal mendizaletasunaren beste hainbat pasarte nabarmen komikiaren bidez kontatzeko prozesua nolakoa izan den azalduko dute: dokumentazio-lana, kontakizunaren eraikuntza eta bizipenak bineta bihurtzeko erronka.

Lau komiki hauetan jasotakoa baino askoz zabalagoa da, noski, euskal mendizaletasunaren historia, eta, zorionez, orain artekoa sakon, zehatz eta eder jasoa du Antxon Iturriza historiagileak eta kronikalariak hiru liburukitan: Pyrenaica-k argitara emandako Historia testimonial del montañismo vasco da lan eskerga horren emaitza mardula. Komiki hauek historia horretako printza batzuk jasotzen dituzte, eta beste era batera marrazten dute historia.
Soka ikusezin bat
Mendian, soka ikusezin batek lotzen ditu aurreko belaunaldiak, gaurkoak eta biharkoak, eta horrelaxe trenkatzen da historia, aurreko sokaldien ibilietan eta esperientzian. Eta erakusketan ere, halaxe jasotzen da: Andres Espinosaren komikian gure historiaren hastapenak; Everestekoan, gerraosteko susperraldia; Iñurrategi anaien komikian, euskal mendizaletasunak kirol ikuspegi modernoagoa hartu zuenekoa, eta Pasabanen komikian, azkenaldiko historia, emakumezko baten begietatik.

Andres Espinosari buruzko komikian eta paneletan, gure mendizaletasunaren hastapenen lekukotza jasotzen da: XX. mendearen hasierako lehen txango haiek, Bilbon, Eibarren, Donostian, Basaurin, Iruñean... batean eta bestean nola hasi ziren mendi taldeak sortzen, federazioaren sorrera Antxon Bandresen eskutik... Eta, noski, Andres Espinosa aitzindaria nor izan zen oroitzen da: heroi ezpalik gabeko heroia. 1931. urtean, Alpeetara joatea ere berealdiko erronka zenean, Kangchenjungara abiatu zen bera, Himalaia handira. Aurrez, Mont Blanc eta Cervino igo zituen, baita Kilimanjaro ere, hirurak bakar-bakarrik, aurrez beste inork ez bezala, eta, neurri handi batean, haren urratsetan idatzi du historia herri mendizale honek.
1936-39ko Espainiako gerrak eten zuen Andres Espinosaren ibilbidea: zornotzarra gudarien gudarostean borrokatu zen, eta preso hartu zuten. Espetxealdi laburra bete ondoren aske utzi zuten, baina gerrak itzali egin zuen Espinosaren goi mendirako grina
Gerraosteko urte zailen ondoren euskal mendizaletasuna nola hasi zen suspertzen agertzen da erakusketaren beste paneletako batean. Pedro Udaondo, Angel Landa, Julio Villar, Angel Rosen, Jose Maria Regil, Juan San Martin, Pako Lusarreta, Suso Aiestaran, Felipe Uriarte eta belaunaldi horretako beste hainbat kide eskalada zailak egiten hasi ziren Europako Mendietan eta Pirinioetan hasieran, eta Alpeetan gero. Halaxe sortu zen gero 1967ko Andeetako espedizioa, eta ikurrinaren iskanbila. Espedizio hura izan zen, hain zuzen, 1974ko Everesteko Tximist espedizioaren ernamuina, eta ondotik etorri zen 1980koa, Martin Zabaletarekin eta Pasang Tembarekin batera herri oso bat Everest gailurrera iritsi zenekoa. Everesteko komikian jasotzen da hori guztia.

Iñurrategi anaien soka sendoa
Hamar urteren buruan, 1990ean, Everestera igo ziren mendizale haien lekukoa hartuta, belaunaldi gazteko bi anaia hasi ziren Himalaian lehen urratsak egiten: Felix eta Alberto Iñurrategi. Euskal mendizaletasunaren historian aparteko sokaldia izan da bi anaiek osatutakoa: soka sendo bat, egiteko modu bat, sokalagunekiko nahiz babesleekiko leialtasun bat, mendia bere hedadura osoan aintzat hartzen jakin duen begirada bat. Bi anaiek Himalaian egindako bidea, Baltistaneko Hushe bailaran hango biztanleen bizimodua hobetzeko egindako ahalegina, sokaren garrantzia... jasotzen dira erakusketako beste zenbait paneletan.

Pasaban, hein batean, Iñurrategi anaien urratsetan hasi zen. Eta aurrez beste emakume asko ere izan zirelako bidea urratzen: Maritxu Sorabilla, Maria Angeles Ziganda, Paquita Bretos Andueza, Maritxu Urreta Zulaika, Julene Etxenike, Maritxu Bilbao, Angelita Olano, Loli Lopez Goñi eta beste asko. Haien ondotik etorri ziren, besteak beste, Pili Ganuza eta Amaia Aranzabal, zortzimilako batera igo ziren lehen euskal emakumeak, 1992an. Eta, eskaladaren munduan, Miriam Garcia Pascual edo Josune Bereziartu, besteak beste. Urteen joanean, zortzi mila metrotik gorako hamalau mendietara igo zen munduko lehen emakumea izan zen Pasaban.
Gaur Donostian izango da Pasaban, komikian eta erakusketan jasotakoak aletzen, prozesua nolakoa izan den azaltzen, eta beharbada, erakusketara bertaratzen den gaztetxoren batek, gure gailurretako historia trenkatu duen soka ikusezin horri helduko dio, eta bihar, etzi, mendian lehen urratsak egingo ditu.