Hondarribiko Udalak kereila penal bat aurkeztu du Zaldunborda auziko dokumentazioa iker dadin

Zaldunbordako merkataritza gunea sustatu zuten enpresek salaketa jarri zuten iaz udalaren aurka. Udalaren arabera, bi «delitu posible» ikertzeko eskatzen dute kereilan: merkataritza dokumentuen faltsutzea eta iruzur prozesala.

Igor Enparan alkatea eta Abotsanitzen eta EH Bilduren udal taldeetako kideak, Hondarribiko udaletxeko prentsa aretoan, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
Igor Enparan alkatea eta Abotsanitzen eta EH Bilduren udal taldeetako kideak, Hondarribiko udaletxeko prentsa aretoan, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julen Ugartemendia Carcedo
Hondarribia
2026ko urriaren 22a
18:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iazko azaroan, Zaldunbordako merkataritza gunea egitea sustatu zuten Higertoki eta Zaldunborda Berri enpresek salaketa aurkeztu zuten Hondarribiko Udalaren aurka, eta ia hamalau milioi euro exijitzen diote. 28.000 metro koadro inguruko merkataritza gune bat eraiki nahi zuten Jaizkibel mendiaren magaleko Zaldunborda eremuan, baina 2020an EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen Hondarribian EAJren agintaldian onartutako HAPO hiri antolamendurako plan orokorra, eta horrek atea itxi zion Zaldunbordako proiektuari.

Hondarribiko alkate Igor Enparanek gaur adierazi du salaketa horri erantzungo diotela, eta argudiatu du Hondarribiko Udalak ez dituela ordaindu behar enpresek eskatutako 13,8 milioi euroak. Dena den, azpimarratu du beste auzi bat ireki dutela; izan ere, udalak kereila penal bat aurkeztu du Irungo epaitegian, Higertoki eta Zaldunborda Berri enpresek Zaldunbordako lurrekin loturiko auzian aurkeztutako dokumentazioa iker dadin. Enparanek adierazi du bi «delitu posible» ikertzea eskatzen dutela kereilan: merkataritza dokumentuen faltsutzea eta iruzur prozesala.

«Egindako erreklamazioaren dokumentazioa sakon aztertu dugu, eta azterketa horretan aurkitu ditugun hainbat gauzak zalantza larriak sortzen dizkigute». Hori azaldu du Hondarribiko alkateak, eta esan du horregatik aurkeztu dutela kereila bat. Enparanek esplikatu du bi enpresek 39 dokumentu aurkeztu dituztela 6,1 milioi euro inguruko gastuak justifikatzeko. Hala ere, dokumentu horiek aztertu dituztenean, «datu deigarri bat» aurkitu dute: «6,1 milioi euro horietatik 5,5 milioi euro inguru elkarren artean lotura duten enpresen fakturei dagozkie; hau da, aurkeztutako gastuen ia %90».

Gastuen «zatirik handiena», alkatearen arabera, «elkarri fakturatzen dioten enpresen sare batetik» dator. Horrez gain, adierazi du batzuetan fakturak egiten dituztenek, fakturak jasotzen dituztenek eta ordainketetan parte hartzen dutenek «harreman ekonomikoak eta administratiboak» dituztela elkarren artean.

Gauza bat argitu nahi izan du Enparanek: esan du zenbait enpresa elkarren artean «lotuta» egotea eta «prezio handiak» kobratzea ez dela «delitua». Dena den, nabarmendu du ezin dutela «beste alde batera begiratu», gastuen «zatirik handiena» horrelako eragiketetan oinarritzen baita eta «kontraesanak» baitaude. 

Kontraesanen hiru adibide

Hondarribiko alkateak hiru adibide eman ditu aurkitu dituzten «kontraesanak» azaltzeko. Lehendabizi, bost milioi euroko ordainketa baten inguruan hitz egin du. Enparanek esplikatu du 2019ko abuztuan Zaldunborda Berri enpresak bost milioi euro transferitu zizkiola Vusa enpresari, eta transferentzia horrek «Aurrerakina» izena zuela. Dena den, alkateak dio «enpresen arabera» diru horrekin ordaindu ziren fakturak «geroago» jaulki zirela; besteak beste, 2019ko azken hilabeteetan eta 2020an. Hori azaldu ostean, Enparanek esan du ordainketa eta faktura horiek 2024ko uztailean sinatutako ziurtagiri batek lotzen dituela. «Ia bost urte geroago sinatutako ziurtagiri batek lotzen ditu, eta kobratu zuen enpresak berak sinatu zuen ziurtagiri hori, bere administratzailearen bitartez», esplikatu du. Gainera, Enparanen arabera, fakturetan azaltzen da zer kontutan egin behar zen ordainketa, eta ordainketa hori beste kontu batean egin zuten.

Bigarren adibideari dagokionez, Zaldunbordako «lurrak lortzeagatik» egindako faktura bat aipatu du Enparanek. Azaldu duenez, 2018ko urtarrilean Durruti XXI deituriko enpresak 650.000 euro gehi BEZa fakturatu zizkion Higertoki enpresari, Zaldunbordako «lursailak lortzeagatik». Hala ere, alkateak esan du lur horiek lehiaketa publiko baten bitartez esleitu zitzaizkiola Higertoki enpresari 2017ko ekainean, eta «salerosketa eskriturak» urte hartako urrian egin zirela. «Faktura egin zenean, lurrak lehendik esleituta zeuden, eta salerosketa formalizatuta, lehiaketa publiko baten bitartez. Lehiaketa horretan Higertokik parte hartu zuen, eta ez Durruti enpresak», adierazi du.

Azken adibidea eman du: ia 690.000 euroko faktura bat. Enparanek azaldu du «zigilatze» lanekin lotuta aurkeztu zutela faktura hura. Alkateak esplikatu duenez, fakturaren arabera banku transferentzia bidez ordaindu behar zen hori; dena den, esan du ordainketaren frogagiri gisa aurkeztutako dokumentua faktura egin zen «egun berean» eta «zenbateko berarekin» sinatutako zor agiri bat dela, eta ez banku transferentzia bat. Alkateak gehitu du zor agiri hori ez zuela kobratu faktura jaulki zuen enpresak, «enpresa talde bereko» beste sozietate batek baizik.

Adibide horiek emateaz gain, Enparanek esan du auditoretza bat egin dutela. Ondorioztatu dutenez, enpresek aurkeztutako dokumentazioan ez dago «egiaztatuta» faktura horiek foru ogasunei «aitortu, kontabilizatu eta jakinarazi» zitzaizkienik. «Ezin da ziurtatu dagozkien zerga betebeharrak bete zituztenik», adierazi du.

Gertakariak argitu

«Kasu bakoitzak azalpen bat izan dezake, baina gertakari guztiak batera aztertuta, eta kontuan izanda ia hamalau milioi euro jokoan daudela, gure betebeharra gertakari horiek argitzea da». Hori azpimarratu du Enparanek. Nabarmendu du gai horrek «hondarribiar guztiei» eragiten diela, eta herritar guztien interesak defendatzen ari direla. «Hondarribiar guztien diru funtsak daude jokoan», adierazi du. Gehitu du udalbatzak «aho batez» onartu duela kereila penala aurkeztea. 

Alkatearen arabera, jakin nahi dute ea aurkeztutako dokumentuek «benetan» islatzen duten gertatutakoa, eta hori argitzeko enpresen kontabilitatea, banku kontuak, fakturak eta «zerga betebeharrak» aztertu behar dira, baina udalak ezin ditu ikerketa horiek bere kabuz egin. 

Enparanek nabarmendu du Hondarribiko Udalak ez duela «inor erruduntzat jo», baizik eta eskatu duela epaile batek gertakariak ikertzeko. «Inplikatutako pertsona eta enpresa guztien errugabetasun presuntzioa errespetatzen dugu, eta azken erabakia justiziari dagokio», adierazi du. «Behar den aldi guztietan» justiziarekin «lankidetzan» arituko direla gehitu du.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA