Gaintxurizketan, Jaizkibel mendiaren magalean egin asmo zuten Zaldunbordako merkataritza gunearen sustatzaileek, Higertoki eta Zaldunborda Berri enpresek, 13,7 milioi euroko salaketa aurkeztu dute Hondarribiko Udalaren aurka. EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen hiri antolamenduko plan orokorra (HAPO), eta, enpresa horien esanetan, galerak izan dituzte horregatik, ezin izan baitute azpiegitura erraldoi hura egin. Orduko udalak egindako «akatsengatik» kalte ordaina jasotzea dagokiela uste dute, egitasmoa abiatu aurretik eremu hura egokitzeko egin zituzten lan eta inbertsioengatik.
Egungo udal gobernuak (Abotsanitz eta EH Bildu) gogoratu duenez, aurreko legealdian EAJ buru zuen alkatetzak onartu zuen Zaldunbordako egitasmoa, baina eten egin zuen. Ondoren, 2020ko ekainean, epaitegiak baliogabetu egin zuen proiektu hori jasotzen zuen HAPOa. Igor Enparan oraingo alkateak «oso larritzat» jo du salaketa: «Halako ordain bat onartu beharko balitz, kolpe handia izango litzateke udalaren finantzetarako. Sustatzaileei leporatu die «herritarren kontura aberastu» nahi izatea, eta aurreko alkatetzaren «arduragabekeria» salatu du. «Ezin dugu onartu herritarren etorkizuna arriskuan jartzea iraganeko akatsen ondorioz».
Alkateak iragarri du «herritarren interesak eta ondare publikoa» babesteko baliabide guztiak erabiliko dituela. Halaber, adierazi du prozesu judizial honek argituko dituela «Zaldunbordako proiektuaren inguruko interes ekonomiko eta politiko ilunak; oraindik ezer gutxi dakigu Zaldunbordako makroproiektuaren inguruko interes ekonomiko eta politikoei buruz». Gaineratu du udalak egingo dituen urratsak eta prozesuan azal daitekeen informazio guztia herritarren eskura jarriko dutela, «gardentasun osoz».Â
Proiektu erraldoia
Talde ekologistak eta eskualdeko saltoki txiki asko hasieratik azaldu ziren Zaldunbordako makrooutletaren proiektuaren kontra. Eta udalean ordezkaritza zuten taldeen artean soilik EAJk babestu zuen. Eusko Legebiltzarrak ere eskatu zion udalari proiektua bertan behera uzteko, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere esan zuen proiektua ez zuela gustuko. Irungo Udalak ere aho batez kritikatu zuen.
Proiektu erraldoia zen Zaldunbordako eremuan eraiki nahi zuten outlet herrixka. 100.000 metro koadrori eragiten zien —«hamabi futbol zelai adina»—; horietatik, 29.000 metro koadro hartuko zituen merkataritza guneak, ehun denda baino gehiagorekin eta dozenaka ostaturekin eta gasolina zerbitzugune handi batekin. Urtean bost milioi bisitari izatea espero zuten proiektuaren sustatzaileek.