Insaustik inguruko herrien «babes falta» kritikatu du afari solidarioak banatzeko debekuaren harira

Donostiako alkateak afarien debekua defendatu du, eta azpimarratu «egoerak pixka bat hobera» egingo duela «gutxieneko baldintzak betetzen direnean».

 Kaleko Afari Solidarioak taldearen azkeneko manifestazioa, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Kaleko Afari Solidarioak taldearen azkeneko manifestazioa, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
2026ko abuztuaren 10a
11:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi aste pasatu dira Jon Insausti Donostiako alkateak kaleko afari solidarioak debekatu zituenetik. Gaur, inguruko herrien «babes falta» kritikatu, eta eskatu die bete ditzatela Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Legeak «ezarritako gutxieneko baldintzak».

Donostiako alkateak, gaur Euskadi Irratian emandako elkarrizketa batean, azaldu du kale gorrian daudenen kudeaketa ez dela «Donostiaren erronka soilik»; adierazi du inguruko herrien egitekoa ere badela, eta ez duela «inolako laguntzarik jaso».

gainera, Insaustik debekua defendatu du beste behin, eta azpimarratu «egoerak pixka bat hobera» egingo duela «gutxiengo baldintzak betetzen direnean».

Debekuak bi aste

Uztailaren 27an zabaldu zuten udalaren ebazpena jakinarazteko Udaltzaingoaren idatzia: hiriko eremu publikoetan afaria banatzeko jarduera galarazi zuten. Hiriburuko alkateak adierazi zuen «harreman zuzena» zegoela kaleko afari solidarioen eta delinkuentziaren artean. Hortaz, ekintza solidarioa debekatzea erabaki zuten, «bizikidetza eta segurtasun arazoak» eragiten zituelako.

Hurrengo egunean egindako agerraldian, «onkeria eta populismoa» albo batera uzteko eskatu zien Insaustik debekua salatzen zutenei, eta bertan eman zuen alternatibaren berri: 500.000 euroko diru laguntza jasoko du Donostiako Udaleko Otorduak programa handitzeko. Nolanahi ere, adierazi zuen migratzaileek zenbait baldintza bete beharko dituztela programan parte hartzeko: zehazki, hirian erroldatuta egotea, edo hirian gutxienez hiru hilabete bizi izan direla egiaztatzea. 

Kaleko Afari Solidarioak elkarteak, berriz, alternatiba hori ez dela nahikoa esan, eta ohartarazi zuen litekeena dela egunero 300 pertsona inguru afaldu gabe geratzea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA