Insaustik inguruko herrien «babes falta» kritikatu du afari solidarioak banatzeko debekua ezarri ostean

Donostiako alkateak afarien debekua defendatu du, eta azpimarratu «gutxiengo baldintzak betetzen direnean, egoerak pixka bat hobera» egingo duela.

 Kaleko Afari Solidarioak taldearen azkeneko manifestazioa, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Kaleko Afari Solidarioak taldearen azkeneko manifestazioa, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
2026ko abuztuaren 10a
11:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi aste pasa dira Jon Insausti Donostiako alkateak kaleko afari solidarioak debekatu zituenetik. Gaur, kritikatu du inguruko herrien «babes falta», eta eskatu du herri horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Legeak «ezarritako gutxieneko baldintzak» bete ditzatela.

Donostiako alkateak gaur Euskadi Irratian emandako elkarrizketa batean azaldu du kale gorrian dauden pertsonen kudeaketa ez dela «soilik Donostiaren erronka»; argitu du inguruko herrien egitekoa ere badela, eta adierazi du ez duela «inolako laguntzarik jaso».

Bestalde, Insaustik beste behin debekua defendatu du, eta azpimarratu du «gutxiengo baldintzak betetzen direnean, egoerak pixka bat hobera» egingo duela.

Bi aste debekutik

Uztailaren 27an zabaldu zen Udaltzaingoaren idatzia udalaren ebazpenarekin: hiriko eremu publikoetan afaria banatzeko jarduera debekatzen zuen. Hiriburuko alkateak adierazi zuen kaleko afari solidarioen eta delinkuentziaren artean «harreman zuzena» zegoela. Hortaz, ekintza solidarioa debekatzea erabaki zuten «bizikidetza eta segurtasun arazoak» eragiten zituelako.

Hurrengo egunean egindako agerraldian «onkeria eta populismoa» albo batean uzteko eskatu zien Insaustik debekua salatzen zutenei, eta bertan eman zuen alternatibaren berri: 500.000 euroko diru laguntza jasoko du Donostiako Udaleko Otorduak programa handitzeko. Hala ere, adierazi zuen migratzaileek zenbait baldintza bete beharko dituztela programan parte hartzeko, zehazki, hirian erroldatuta egotea, edo hirian gutxienez hiru hilabete bizi izan direla egiaztatzea. 

Kaleko Afari Solidarioak elkarteak aldiz, adierazi zuen alternatiba hori ez zela nahikoa, eta ohartarazi zuen egunero 300 pertsona inguru afaldu gabe geratzeko aukera dagoela.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA