Iragan dira Donostiako Karmengo jaiak, baina ez, zehazki, espero bezala: Karmengo jai batzordeak igande arratsean jasandako «jazarpen poliziala» salatu du, argudiatuta Ertzaintza «korrika, oldarkor eta erasokor» sartu zela besta gunera. Ordurako itxia zen eremua, baina hainbat kide lanean ari ziren oraindik, eremua ongi ixten. «Gune horretatik kanpo izandako gertakari batzuen harira etorri ziren», esplikatu du jai batzordeak, prentsa ohar baten bidez.
Izan ere, Karmengo besta gunean «giro sanoa» zegoen, baina egoera bertzelakoa zen txosnagunetik kanpo. Batzordeko kidea da Ander Murua, eta esplikatu du gazte batzuen gibeletik ailegatu zela Ertzaintza besta eremura. «Konturatu ginenerako liskarra hasia zegoen, eta gazteak jipoitzen hasi ziren».
Berehala joan ziren batzordeko kide batzuk ertzainengana, «giroa apaldu nahian», eta, nor ziren erran ondotik, jai eremutik ateratzea galdegin zieten. Ez zuen funtzionatu: «Ertzaintzak kolpeka, mehatxuka, eta oso modu oldarkorrean erantzun zuen». Ez zuten elkarrizketarako aukerarik eduki, eta txosnara bueltatzeko agindu zieten. «'Zuek ere ez baduzue kolperik hartu nahi, sartu barrura', eta halakoak esan zizkiguten», kontatu du Muruak.
Baina hartu zuten kolperik. Auzotar andana zauritu zuten ertzainek; are, horietatik lau larrialdietara eraman behar izan zituzten, «kolpe handiak» zeuzkatelako. Baina ez hori bakarrik: ertzainek pertsona bat atxilotu zuten, eta bertze hainbat identifikatu. Sei gazte izkina batera eraman zituzten, paretaren kontra jarri, miatu eta identifikatu. «Oraindik zer egotziko dieten zain gaude», erran du jai batzordeak oharrean. Baina aurreikusi dute zerbait izanen dela: «Isunak eta salaketak, adibidez». Edonola ere, zaurituak eta kaltetuak suspertzeari emanen diote lehentasuna orain, eta hurrengo urratsak haiek markatuko dituzte. «Orain, haiek erabakitakoa babestea dagokigu, eta horrela zehaztuko dugu zer erabaki hartu».
Ertzaintza eta inpunitatea
Igandekoa «inpunitate osoz jokatzen duen poliziaren jazarpenaren beste adibide bat» izan dela iritzi diote batzordeko kideek, eta, hortaz, ez dute uste barne ikerketarik abiatuko denik. «Guri, baina, isunak eta salaketak iritsiko zaizkigula uste dugu». Batzordeko zazpi kide inguru zeuden txosnan erasoaldia gertatu zenean, baina bazen beste jenderik ere; auzoko bertze gazte batzuk eta inguruan zebiltzan bertze hainbat lagun zeuden erasoen bueltan.
Istilu horiek gertatu zirenean, gainera, adingabe batzuk zeuden tartean, eta, bidenabar, Karmengo jai batzordeak salatu du gurasoei deitzeko eskubidea «ukatu» zietela. «Adingabe bati eskuburdinak jarri zizkioten, eta autoan sartu zuten. Azeleragailua sakatzen hasi ziren jarraian, gaztea beldurtu nahian. Tarte horretan guztian ez zioten utzi gurasoei deitzen», erran du Muruak. Batzordeko kideei ere ez zieten aukerarik utzi azalpenak emateko, ezta «gutxieneko elkarrizketa bat» edukitzeko ere.
«Jai batzordeak jai gunea segurua, askea eta osasuntsua izateko saiakera egiten du etengabe, auzotarron lan boluntarioari esker», azpimarratu du batzordeak. «Baina igandean Ertzaintzak hankaz gora jarri zuen hori guztia, eta gunea bortxaz eta indarkeriaz hartu». Jazarpen poliziala «irmoki» salatzeaz gain, ohartarazi du halako jarrerek ez dutela lekurik jai gune horretan. «Jaiak antolatzen eta gune seguruen alde lan egiten jarraituko dugu».