Joan den igandean, Donostiako Karmengo jaien azken egunean, Ertzaintzak egindako oldarraldiari buruzko iritzia plazaratu du EH Bilduk. Lehenik eta behin, «babesa» adierazi die «Ertzaintzak zauritu dituen herritarrei». Haietako batzuk ospitalean artatu behar izan zituzten, eta koalizio subiranistak nabarmendu du «zauritutako gazte bati ebakuntza» ere egin behar izan diotela.
Ertzaintzaren «neurriz kanpoko esku hartzea eta herritarren aurka erabilitako indarkeria» salatu du koalizioak, eta polizia ereduaren eztabaidarekin lotu du jazotakoa: «Gertaera horiek argi uzten dute, beste behin ere, beste polizia eredu bat behar dugula, gertutasunean oinarrituko dena eta herritarren artean konfiantza sortuko duena. Igandean kaian gertatutakoak ez du lekurik gure gizartean».
Horrez gain, EH Bilduk berretsi du «festa guneek baketsuak eta seguruak» izan behar dutela, herritarrek horietan gozatu dezaten. «Eta auzoetako jai batzordeek, eragileek eta elkarteek lan txalogarria egiten dute eredu hori bermatzeko». Horregatik, Karmengo jai batzordeak «urte osoan egiten duen lana aitortu» du koalizio subiranistak, eta, bereziki, festetan «denek goza dezaten egiten duten ahalegina» nabarmendu dute. EH Bilduk uste du ahalegin horri esker dagoela «jai gune segurua, baketsua eta elkarbizitzan oinarritzen dena».