KASek salatu du Donostiako Udaltzaingoa ogitartekoak banatzen dituzten herritarrei «jazartzen» eta haiek «zigortzen» ari dela

Donostiako Udalak Kaleko Afari Solidarioak egitasmoa debekatu zuenetik, hainbat lagun identifikatu dituzte kalean bizi diren pertsonei jaten emateagatik. KASek auzitan jarri du udala sustatzen ari den hiri eredua.

Kaleko Afari Solidarioak taldearen azkeneko manifestazioa, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Kaleko Afari Solidarioak taldearen azkeneko manifestazioa, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
maddi iztueta olano
2026ko abuztuaren 24a
17:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jan liteke Donostiako Parte Zaharreko La Viña tabernako gazta tarta, nahiz eta turista saldoen ilarak kale erdia oztopatu; eta jan liteke Juantxo tabernako patata-tortilla ogitartekoa edozein ataritako koskan eserita; baldin eta bat kalean bizi ez bada, eta jaten duen hori bizilagun batek eman ez badio. KAS Kaleko Afari Solidarioak egitasmoko kideek salatu dutenez, Donostiako Udaltzaingoa herritarrei «jazartzen» eta haiek «zigortzen» ari da kalean bizi diren pertsonei borondatez ogitartekoak emateagatik. «Erosketa orgatxo bat eramateak susmagarri egiten zaitu», gaitzetsi dute.

Donostiako Udalak gaur ia hilabete debekatu zuen KASen jarduna; hau da, kalean bizi diren pertsonei egunero-egunero otordu bero bat eskaintzeko ekinaldia. Ordutik, hainbat lagun identifikatu dituzte kalean bizi edo egoera zaurgarrian dauden pertsonei jaten emateagatik; kasurako, joan den ostiralean lau pertsona identifikatu zituzten beren ikasleei jana eskaintzeagatik. Komunikatu baten bidez, halako neurriak kritikatu ditu KASek, eta nabarmendu pertsona horiek ez direla «ezer arriskutsua» egiten ari, «gosea duenari jaten ematea» baizik.

Bestalde, auzitan jarri dute Donostiako Udalak sustatu eta eraiki nahi duen hiri eredua: «Kaleak terrazaz, turismoz eta kontsumoz lepo daude, baina, antza, gosea duen norbaiti janaria eskaintzen dion hiritarra da arazoa». Halere, irmo adierazi dute ez dutela onartuko «elkartasuna kriminalizatzea», eta eskerrak eman dizkiete borondatez halako ekintzetan parte hartzen duten bizilagunei. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA