Jan liteke Donostiako Parte Zaharreko La Viña tabernako gazta tarta, nahiz eta turista saldoen ilarak kale erdia oztopatu; eta jan liteke Juantxo tabernako patata-tortilla ogitartekoa edozein ataritako koskan eserita; baldin eta bat kalean bizi ez bada, eta jaten duen hori bizilagun batek eman ez badio. KAS Kaleko Afari Solidarioak egitasmoko kideek salatu dutenez, Donostiako Udaltzaingoa herritarrei «jazartzen» eta haiek «zigortzen» ari da kalean bizi diren pertsonei borondatez ogitartekoak emateagatik. «Erosketa orgatxo bat eramateak susmagarri egiten zaitu», gaitzetsi dute.
Donostiako Udalak gaur ia hilabete debekatu zuen KASen jarduna; hau da, kalean bizi diren pertsonei egunero-egunero otordu bero bat eskaintzeko ekinaldia. Ordutik, hainbat lagun identifikatu dituzte kalean bizi edo egoera zaurgarrian dauden pertsonei jaten emateagatik; kasurako, joan den ostiralean lau pertsona identifikatu zituzten beren ikasleei jana eskaintzeagatik. Komunikatu baten bidez, halako neurriak kritikatu ditu KASek, eta nabarmendu pertsona horiek ez direla «ezer arriskutsua» egiten ari, «gosea duenari jaten ematea» baizik.
Bestalde, auzitan jarri dute Donostiako Udalak sustatu eta eraiki nahi duen hiri eredua: «Kaleak terrazaz, turismoz eta kontsumoz lepo daude, baina, antza, gosea duen norbaiti janaria eskaintzen dion hiritarra da arazoa». Halere, irmo adierazi dute ez dutela onartuko «elkartasuna kriminalizatzea», eta eskerrak eman dizkiete borondatez halako ekintzetan parte hartzen duten bizilagunei.