Gipuzkoan garraio publikoko autobus zerbitzua ematen duen Avanza enpresako langile gehienek hitzarmen kolektiboa sinatuko dute, eta, horrekin batera, 26 egunez iraun duen greba etengo dute. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, enpresarekin egin duten negoziazioan hobekuntzak lortu dituztelako erabaki dute protestak eta lanuzteak bertan behera uztea.
Sindikatuak zerrendatu egin ditu negoziazioan lortutako hobekuntza nagusiak: urteko 1.592 orduko lanaldia, eta enpresaren konpromisoa Gipuzkoako Foru Aldundiak egiten duen hurrengo lizitazioan lanordu bezala kontuan har ditzan autobusa utzi eta sartu bitarteko denbora hori. Langileek sinatuko duten hitzarmen berrian, halaber, jasotzen da errelebo kontratu mugagabeak eta aldi baterako langileen lan poltsa sortzea, lanaldia 22 orduz murriztea, eta soldata igotzea.
ELAk lortutako hobekuntzak goraipatu ditu, negoziazioan enpresak izan duen jarrera kontuan hartuta: «Enpresak prekaritate egoerei eustea defendatu du, mutuek bajen kudeaketan esku hartzea proposatu du, eta lortutako akordioak aldatzen saiatu da».
Sindikatuaren iritziz, grebak pisu handia izan du negoziazioaren emaitzan: «26 greba egunak erabakigarriak izan dira urteetan aurrera egin ez zuen negoziazioa desblokeatzeko eta, azkenean, hitzarmenak jasotzen dituen hobekuntzak lortzeko».
Avanza enpresak Gipuzkoako Lurraldebuseko zenbait autobus zerbitzu ematen ditu: Gipuzkoa Bilborekin eta Gasteizekin lotzen dute; Loiuko aireportura (Bizkaia) joateko zerbitzua ere eskaintzen dute; eta Debagoieneko garraio zerbitzua haien esku dago. Azken urteetan, baina, beharginen lan baldintzak tarteko, sindikatuen eta enpresako zuzendaritzaren arteko lan gatazka areagotuz joan da, eta hainbat protesta eta greba egin dituzte.
LABen kexa zerbitzu berezien inguruan
LABek ere eskaera bat egin du Avanza autobusetako gidarien baldintzak hobetzeko. Haren kexak zerikusia du zerbitzu bereziak egiteagatik dagokien ordainarekin. Sindikatuak argitu du langileen ordezkariak ados daudela garraio publikoaren zerbitzua hobetu nahi izatearekin eta herritarren eta bidaiarien joan-etorriak erraztearekin. Hala ere, erantsi duenez, «ez da bidezkoa neurri berri bakoitza beti jende beraren ahalegina baliatuz ezartzea».
Adibidea ipini dute: 4:15ean Donostiatik Loiuko aireportura doan zerbitzu berria. «Printzipioz albiste ona da bidaiarientzat. Enpresak, gainera, bere gain hartuko du zerbitzua, aldunditik edo udaletatik iristen diren eskaeren aurrean egin ohi duen bezala». Baina LABek gogorarazi du enpresak kobratu egiten dituela zerbitzu horiek, eta, kasu honetan, gaueko zerbitzua denez, «pentsatzekoa da ezaugarri berezi horrekin bat datorren prezioa izango duela».
LABek kritikatu du igoera hori ez dela gidarien ordainsarian islatzen; horrekin lotuta, sindikatuak azaldu duenez, langileek 4:15etik 6:00etara lan egiteagatik 1,75 euro inguru jasotzen dituzte gaueko lanaren kontzeptuan.
Gidariek salatu dute, gainera, prentsaren bidez izan dutela aireporturako zerbitzu berri horren berri. LABek nabarmendu duenez, enpresak ez die aldez aurretik jakinarazi eta ez dizkie baldintzak azaldu. Sindikatuak esan du langileak «nekatuta» daudela erakundeen proposamen berri bakoitzak gidarientzat eskakizun berri bat ekartzen duelako, eta «enpresak ziurtzat jotzen duelako gidariek dena onartu eta beren gain hartu behar dutela, beren iritzia kontuan hartu gabe eta konpentsazio egokirik gabe»