Bidasoko bizilagunek adi egon beharko dute datorren astean Lurraldebusen zerbitzuak erabiltzen dituztenean. Izan ere, Irunen eta Hondarribian hiru autobus linea berri jarriko dituzte martxan azaroaren 30etik aurrera, eta hobekuntzak izango dira Lurraldebusek gaur egun Bidasoan dituen zenbait lineatan.
Aldaketa horiek egingo dituztela azaldu du gaur goizean Gipuzkoako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek. Linea berriak BI08, BI09 eta BI10 deituko dira.
BI08 zerbitzuak Hondarribia, Oiartzun, Errenteria, Pasai Antxo eta Donostia lotuko ditu. Astelehenetik ostiralera egongo da linea hori, eta ordu erdian behin izango dira autobusak. Hondarribitik 06:30ean aterako da lehenengo busa, eta azkena, 22:40an. Donostiatik, berriz, lehena 06:45ean abiatuko da, eta azkena, 22:45ean. Nabarmendu dute Oiartzunen Lintzirin poligonotik igaroko dela autobusa, eta Donostian Gros auzotik.Â
Bi gune horiek zeharkatuko ditu BI09 lineak ere. Zerbitzu horrek Irun, Oiartzun, Errenteria, Pasai Antxo eta Donostia lotuko ditu, eta hori ere astelehenetik ostiralera izango da, ordu erdiro. Irundik lehenengo autobusa 06:00etan aterako da, eta azkena, 22:55ean. Donostiatik 07:35etik 22:55era arte eskainiko dute zerbitzua.Â
BI10 linea gehienbat ikasleei zuzendua izango da. Hondarribia, Irun eta Donostia lotuko ditu, eta hiriburutik igarotzen denean Antigua auzoan geldituko da busa. Astelehenetik ostiralera erabili ahal izango du jendeak linea hori, eta bi autobus zerbitzu jarriko dituzte: Hondarribitik 06:40an aterako den bat, eta 07:40an abiatuko den beste bat. Irunen Anaka, Puiana eta Belaskoenea auzoetan geldituko da busa.Â
Hobekuntzak bost lineatan
Zerbitzu berriez gain, foru aldundiak azaldu du hobekuntzak egingo dituztela bost lineatan: BI02, BI03, BI05, BI06 eta BI07.
BI02 zerbitzuak Hondarribia eta Donostia lotzen ditu, eta Amaratik igarotzen da. Datorren astetik aurrera, astelehenetik ostiralera, Hondarribian 05:15etik 22:30era arte izango dira autobusak; dena den, 08:45etik 20:00etara arte 45 minutuero egongo dira. Donostian, berriz, 06:00etatik 22:20ra arte izango dira busak, eta hiru ordu laurdenean behingo maiztasuna izango dute 08:00etatik 18:30era arte.Â
Larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan, ordutegiak beste batzuk izango dira BI02 linean. Hondarribitik 06:00etatik 22:30era arte eskainiko dute zerbitzua, eta Donostiatik, 06:30etik 22:20ra arte. Maiztasunei dagokienez, foru aldundiak dio «egunaren zatirik handienean» orduero izango direla. Aipaturiko autobus zerbitzuak gauekoekin lotuko dira, eta egun osoan garraio publikoa eskainiko dute.
BI03 linean aldaketa nabarmen bat dago: azaroaren 30etik aurrera asteburuetan eta jaiegunetan bakarrik izango da, eta egunaren zatirik handienean, ordu erdiro. Zerbitzu horrek Hondarribia, Irun, Oiartzun, Errenteria, Pasai Antxo eta Donostia lotzen ditu; beraz, lanegunetan BI08 eta BI09 linea berriek ordezkatuko dute.
Hondarribia eta Irun artekoa da BI05 linea. Lanegunetan, bi noranzkoetan, 05:30etik 22:50era izango dira autobusak; hala ere, lehen zerbitzutik 21:00etara arte, hamabost minutuko maiztasuna egongo da. Asteburuetan eta jaiegunetan, berriz, lehenengo autobusa 06:00etan aterako da, eta ordu laurdenero igaroko da 09:00etatik 21:00etara. Azken busa 22:50ean abiatuko da.Â
Hondarribi, Irun, Donostiako ospitaleak eta Miramon auzoa lotzen ditu BI06 lineak, eta berrikuntza nagusia da asteko zazpi egunetan eskainiko dutela zerbitzu hori. Horrez gain, Hondarribitik 06:10ean aterako den autobus bat gehituko dute lanegunetan. Asteburuetan eta jaiegunetan, berriz, Hondarribitik 06:50ean aterako da lehenengo busa, eta 20:50ean azkena, eta Donostiatik 08:15etik 22:15era arte eskainiko dute zerbitzua.
BI07 da aldaketak izango dituen azken linea. Hondarribia, Irun eta Donostia lotzen ditu Antigua auzotik igarota, BI10 zerbitzuaren moduan. Hondarribitik 06:00etan aterako da lehenengo autobusa, eta azkena, 21:00etan. Donostiatik, berriz, 06:55ean abiatuko da lehenengoa, eta 21:55ean azkena. Asteko egun guztietan egongo da BI07 zerbitzua.