Bidasoko bizilagunek adi egon beharko dute datorren astean Lurraldebusen zerbitzuak erabiltzen dituztenean. Izan ere, Irunen eta Hondarribian hiru linea berri jarriko dituzte martxan azaroaren 30etik aurrera, eta hobekuntzak izango dira Lurraldebusek gaur egun Bidasoan dituen hainbat lineatan.
Aldaketa horiek egingo dituztela azaldu du gaur goizean Gipuzkoako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek. Linea berriak BI08, BI09 eta BI10 deituko dira.
BI08 zerbitzuak Hondarribia, Oiartzun, Errenteria, Pasai Antxo eta Donostia lotuko ditu. Astelehenetik ostiralera egongo da linea hori, eta ordu erdiro izango dira autobusak. Hondarribitik 6:30ean aterako da lehenengo busa, eta azkena 22:40ean. Donostiatik, berriz, lehena 6:45ean abiatuko da, eta azkena 22:45ean. Nabarmendu dute Oiartzunen Lintzirin poligonotik igaroko dela autobusa, eta Donostian Gros auzotik.Â
Bi gune horiek zeharkatuko ditu BI09 lineak ere. Zerbitzu horrek Irun, Oiartzun, Errenteria, Pasai Antxo eta Donostia lotuko ditu, eta hau ere astelehenetik ostiralera izango da, ordu erdiro. Irundik lehenengo autobusa 6:00etan aterako da, eta azkena 22:55ean. Donostiatik zerbitzua 7:35etik 22:55era arte eskainiko dute.Â
BI10 linea gehienbat ikasleei zuzendua izango da. Hondarribia, Irun eta Donostia lotuko ditu, eta hiriburutik igarotzen denean Antigua auzoan geldituko da busa. Astelehenetik ostiralera erabili ahal izango du jendeak linea hori, eta bi autobus zerbitzu jarriko dituzte: Hondarribitik 6:40ean aterako den bat, eta 7:40ean abiatuko den beste bat. Irunen Anaka, Puiana eta Belaskoenea auzoetan geldituko da busa.Â
Hobekuntzak bost lineatan
Zerbitzu berriez gain, Foru Aldundiak azaldu du hobekuntzak egingo dituztela hurrengo bost lineetan: BI02, BI03, BI05, BI06 eta BI07.
BI02 zerbitzuak Hondarribia eta Donostia lotzen ditu, eta Amaratik igarotzen da. Datorren astetik aurrera, astelehenetik ostiralera, Hondarribian 5:15etik 22:30era arte izango dira autobusak; dena den, 8:45etik 20:00etara arte 45 minuturo egongo dira. Donostian, berriz, 6:00etatik 22:20era arte izango dira busak, eta hiru ordu laurdeneko maiztasuna 8:00etatik 18:30era arte.Â
Larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan, ordutegiak beste batzuk izango dira BI02 linean. Hondarribitik 6:00etatik 22:30era arte eskainiko dute zerbitzua, eta Donostiatik 6:30etik 22:20era arte. Maiztasunei dagokienez, Foru Aldundiak dio «egunaren zatirik handienean» orduro izango direla. Aipaturiko autobus zerbitzuak gauekoekin lotuko dira, eta egun osoan garraio publikoa eskainiko dute.
BI03 linean aldaketa nabarmen bat dago: azaroaren 30etik aurrera asteburuetan eta jaiegunetan bakarrik izango da, eta egunaren zatirik handienean ordu erdiro. Zerbitzu horrek Hondarribia, Irun, Oiartzun, Errenteria, Pasai Antxo eta Donostia lotzen ditu; beraz, lanegunetan BI08 eta BI09 linea berriek ordezkatuko dute.
Hondarribia eta Irun artekoa da BI05 linea. Lanegunetan, bi noranzkoetan, 5:30etik 22:50era izango dira autobusak; hala ere, lehen zerbitzutik 21:00etara arte, hamabost minutuko maiztasuna egongo da. Asteburuetan eta jaiegunetan, berriz, lehenengo autobusa 6:00etan aterako da, eta ordu laurdenero igaroko da 9:00etatik 21:00etara. Azken busa 22:50ean abiatuko da.Â
Hondarribia, Irun, Donostiako ospitaleak eta Miramon auzoa lotzen ditu BI06 lineak, eta berrikuntza nagusia da asteko zazpi egunetan eskainiko dutela hori. Horrez gain, Hondarribitik 6:10ean aterako den autobus bat gehituko dute lanegunetan. Asteburuetan eta jaiegunetan, berriz, Hondarribitik 6:50ean aterako da lehenengo busa eta 20:50ean azkena, eta Donostiatik zerbitzua eskainiko dute 8:15etik 22:15era arte.
BI07 da aldaketak izango dituen azken linea. Hondarribia, Irun eta Donostia lotzen ditu Antigua auzotik igarota, BI10 zerbitzuaren moduan. Hondarribitik 6:00etan aterako da lehenengo autobusa, eta azkena 21:00etan. Donostiatik, berriz, 6:55ean abiatuko da lehenengoa, eta 21:55ean azkena. Asteko egun guztietan egongo da BI07 zerbitzua.