Trenaren azpiegiturak hobetzeko lanek baldintzatu dute azken urteetan Behobia-Donostia lasterketaren izen-emate kopurua. 2015ekoa izan zen jendetsuena: 34.000 korrikalarik hartu zuten parte. 2022an, parte hartzaileen kopurua 30.000ra mugatzea erabaki zuten antolatzaileek, eta azken urteetan, trenbideen obren eraginez, 28.000ra. Aurten, lan horiek amaituta, berriro 30.000ra igo dute langa, baina dortsala izanda ere azkenean zenbaitzuk ez dute parte hartuko. Azkenean 29.351 korrikalari irtengo dira Behobiatik.
61. Behobia-Donostian izandako izen-emate kopuru orokorrarekin kontent agertu da Iñigo Etxeberria, lasterketaren koordinatzailea, baina tristura ere adierazi dute antolatzaileek: «Azken urteetan emakumeen parte hartzea gero eta handiagoa izan da, eta aurten jaitsi egin da. Triste xamar gaude horregatik. Espero dugu koxka txiki bat izatea eta indar handiagoz itzultzea aurrerago». Bi arrazoi aipatu dituzte emakumeen parte hartzean izandako beherakada azaltzeko: «Dortsala bazuten zazpiehun emakumek baino gehiagok baja eman dute, eta alta eman dutenen bostehun gizonak dira. Bestalde, Kataluniatik etortzen diren korrikalarien kopuruak nabarmen egin du behera, eta handik emakume asko etorri ohi dira».
Kataluniako korrikalariek behera egin dute, baina Gipuzkoakoen kopuruak nabarmen egin du gora: iaz 7.052 izan ziren; aurten, ordea, 8.349. Bizkaitik datozen korrikalariak ere gehiago izango dira: 1.445 izan ziren iaz, eta aurten 1.722. Nafarroatik eta Arabatik ere, modu apalagoan bada ere, korrikalari gehiago bertaratuko dira lasterketara: 1.722 eta 578, hurrenez hurren.
Lasterkariek Kursaalean jaso beharko dituzte dortsalak. Eta horretarako bi egun izango dituzte: ostirala eta larunbata. Ostiralean 12:00etatik 21:00etara izango dute horretarako aukera, eta larunbatean 10:00etatik 20:00etara. Antolatzaileek ostiralean joateko gomendatu dute; izan ere, ohartarazi dute lasterketan parte hartuko duen kanpoko jende gehiena larunbatean joango dela.
«Azken urteetan emakumeen parte hartzea gero eta handiagoa izan da, eta aurten jaitsi egin da. Triste xamar gaude horregatik. Espero dugu koxka txiki bat izatea eta indar handiagoz itzultzea aurrerago»
IÑIGO ETXEBERRIA BEHOBIA-DONOSTIA LASTERKETAREN KOORDINATZAILEA
Bestalde, elite mailako korrikalarien kopuruarekin oso pozik agertu dira; izan ere, inoizko altuena izango dela adierazi dute: 137 emakume eta ia 400 gizon. Horien artean, Katherine Ruth Tisalema eta Raul Celada iazko irabazleak, Iraitz Arrospide, Mireia Guarner eta Xakib Laxgar nabarmendu ditu Etxeberriak. Halere, esan du balitekeela ezustekoak egotea, eta lasterketa «oso irekia» izatea espero dutela.
Antolatzaileek azaldu dute azken aldietako ordutegi berari eutsiko diotela: 09:30ean irtengo dira eskuzko txirrindulariak, haien ostean patinatzaileak, eta azken korrikalariak 11:35ean. Lasterketa abiatu aurretik, parte hartzaileek hiru gunetan utzi ahalko dituzte euren gauzak: Kursaalean, Gipuzkoa Plazan eta irteera puntuan bertan. Lasterketan zehar zortzi anoa gune izango dituzte, behar dituzten elikagaiak har ditzaten.
Berritasun batzuk
Aurten izen-emate sistema berria jarri zuten martxan: zozketa bidezkoa. Sistema horren bitartez, igoera nabaritu zuten izen emateetan, baina azkenean 4.600 lagun dortsalik gabe geratu ziren, iaz baino 1.100 gehiago. Hori zergatik gertatu den landuko dutela aipatu dute. Bestalde, sistema berria dela eta, 4.600 izen aldaketa egon dira, inoiz baino gehiago, eta hori ez dute berri on gisa ikusten: «Sistema berriak aukera berriak zabaldu dizkigu, eta jendeak hori baliatzen du, nahiz eta ez izan hori gure asmoa. Ikusi dugu jende askok zozketan parte hartu duela gero lortutako dortsala beste bati emateko». Horrez gain, dortsala egokituz gero, aukera ematen dute beste aldi baterako gordetzeko, eta jende askok hori egin duela adierazi dute. Sistema aldatu behar den galdetuta, fokua korrikalariengan ipini behar dela esan du, eta agian, zigorrak jartzen hasi. Halere, gaineratu dute sistema berriari «bueltaren bat» emango diotela.
Lasterketa egunean gauza gehienak aurreko aldietan egin moduan egingo badira ere, aurreratu dute aurten pare bat berezitasun egongo direla. Lasterketa abiatu aurretik, Behobiako dantza taldeko dantzari eta txistulariek aurreskua eskainiko diete hasierako lerroan dauden korrikalariei; eta izen ematean hala aukeratu zuten korrikalariek laser bidez euren izena eta egindako denbora grabatuta dituen domina bat jasoko dute helmugaratzean.
Eguraldiari dagokionez, antolatzaileek esan dute gaurko eguraldia «bikaina» dela lasterketarako, baina ohartarazi dute asteburuko iragarpenak bestelakoak direla. Izan ere, hego haizea ibiliko dela dago iragarrita. Antolatzaileek azaldu dutenez, igandean halako giroa baldin badago oharrak banatuko dituzte, Behobia-Donostia lasterketako parte hartzaileen etsai nagusia beroa baita.
Helduez gain, haurrek ere korrika egiteaz gozatuko dute. Iaz, Anoetako estadio txikiaren azpiegiturak hobetzen ari zirela eta, ezin izan zuten egin Behobia Txikia. Aurten, ordea, lanak amaituta, berriro egingo dute. 4 eta 13 urte bitarteko haurrek parte hartu ahalko dute, adinka antolatu duten egitarauan. Bertan lortutako dirua, beste behin, Aspanogi elkarteari emango diote.