Trenaren azpiegituren hobekuntzek baldintzatu dute azken urteetan Behobia-Donostia lasterketaren izen emate kopurua. 2015ekoa izan zen jendetsuena: 34.000 korrikalarik hartu zuten parte. 2022an antolatzaileek parte hartzaileen kopurua 30.000ra mugatzea erabaki zuten, eta azken urteetan, trenbideen obren eraginez, 28.000ra. Aurten, lan horiek amaituta, berriro 30.000ra igo dute langa, baina dortsala izanda ere azkenean zenbaitzuk ez dute parte hartuko. Azken horiek 29.351 korrikalari irtengo dira Behobiatik.
61. Behobia-Donostiak izan duen izen emate kopuru orokorrarekin kontentu agertu da Iñigo Etxeberria, lasterketaren koordinatzailea, baina tristura ere adierazi dute antolatzaileek: «Azken urteetan emakumeen parte hartzea gero eta handiagoa zen, eta aurten jaitsi egin da. Triste xamar gaude horrekin. Espero dugu koxka txiki bat izatea, eta indar gehiagorekin itzultzea aurrerago». Emakumeen parte hartzearen jaitsieraren bi arrazoi azaldu dituzte: «Dortsala bazuten zazpiehun emakumetik gorak baja eman dute, eta alta eman dutenen bostehun gizonak dira. Bestalde, Kataluniatik etortzen diren korrikalarien kopuruak nabarmen egin du behera, eta handik emakume asko etorri izan ohi dira».
Kataluniako korrikalariek behera egin dute, baina Gipuzkoakoen zifrak nabarmen egin du gora: iaz 7.052 ziren, aurten, ordea, 8.349. Bizkaitik datozen korrikalariak ere gehiago izango dira: 1.445 ziren iaz, aurten 1.722. Nafarroatik eta Arabatik ere, modu apalagoan bada ere, korrikalari gehiago bertaratuko dira lasterketara: 1.722 eta 578, hurrenez hurren.
Lasterkariek Kursaalean jaso beharko dituzte dortsalak. Eta horretarako bi egun izango dituzte: ostirala eta larunbata. Ostiralean 12:00etatik 21:00etara izango dute horretarako aukera, eta larunbatean 10:00etatik 20:00etara. Antolatzaileek ostiralean joatea gomendatu dute, izan ere, ohartarazi dute lasterketan parte hartzera doan kanpoko jende gehiena larunbatean bertaratuko dela.
«Azken urteetan emakumeen parte hartzea gero eta handiagoa zen, eta aurten jaitsi egin da. Triste xamar gaude horrekin. Espero dugu koxka txiki bat izatea, eta indar gehiagorekin itzultzea aurrerago»
IÑIGO ETXEBERRIA BEHOBIA-DONOSTIA LASTERKETAREN KOORDINATZAILEA
Bestalde, elite mailako korrikalarien kopuruarekin oso pozik agertu dira, izan ere, inoizko altuena izango dela adierazi dute: 137 emakume eta ia 400 gizon. Horien artean, Katherine Ruth Tisalema eta Raul Celada iazko irabazleak, Iraitz Arrospide, Mireia Guarner eta Chakib Lachgar nabarmendu ditu Etxeberriak. Halere, ezustekoak egon daitezkeela ere aitortu du, eta lasterketa «oso irekia» izatea espero dutela.
Antolatzaileek azaldu dute azken aldietako ordutegi bera mantenduko dutela: 09:30ean irtengo dira eskuzko txirrindulariak, haien ostean patinatzaileak, eta azken korrikalariak 11:35ean. Eta horren aurretik, lasterketa abiatu aurretik, parte-hartzaileek hiru gunetan utzi ahalko dituzte euren gauzak: Kursaalean, Gipuzkoa Plazan eta irteera puntuan bertan. Lasterketa abiatuta denean, ibilbidean zehar zortzi hornidura puntu izango dituzte, behar dituzten elikagaiak har ditzaten.
Berritasun batzuk
Aurten izen emate sistema berria jarri zuten martxan: zozketa bidezkoa. Sistema horren bitartez izen emateetan igoera nabaritu zuten, baina azkenean 4.600 lagun dortsalik gabe geratu ziren, iaz baino 1.100 gehiago. Etorkizunean hori zergatik gertatu den landuko dutela aipatu dute. Bestalde, sistema berriak eraginda, 4.600 izen aldaketa egon dira, inoiz baino gehiago, eta hori ez dute berri on gisa ikusten: «Sistema berriak aukera berriak zabaldu dizkigu, eta jendeak hori baliatzen du, aldaketa asmo horrekin egin ez badugu ere. Ikusi dugu jende askok zozketan parte hartu duela, gero, lortutako dortsala beste bati emateko». Horrez gain, dortsala egokituz gero, aukera ematen dute beste aldi baterako gordetzeko, eta «jende askok» hori egin duela adierazi dute. Sistema aldatu behar den galdetuta, fokua korrikalariengan ipini behar dela esan du, eta agian, zigorrak pentsatzen hasi. Halere, gaineratu dute sistema berriari «bueltaren bat» emango diotela.
Lasterketa egunean gauza gehienak aurreko aldietan egin moduan errepikatuko badira ere, aurreratu dute aurtengo aldian pare bat berezitasun egongo direla. Lasterketa abiatu aurretik, Behobiako dantza taldeko dantzari eta txistulariek aurreskua eskainiko die hasierako lerroan dauden korrikalariei; eta izen ematean hala aukeratu zuten korrikalariak helmugaratzean, laser bidez euren izena eta lortutako denbora grabatuta dituen domina jasoko dute.
Eguraldiari dagokionez, antolatzaileek gaurko eguraldia lasterketarako «bikaina» dela esan dute, baina ohartarazi dute asteburuko iragarpenak bestelakoak direla. Izan ere, hego-haizea egongo dela diote iragarpenek. Igandean halako giroa baldin badago, oharrak banatuko dituztela azaldu dute; haien esanetan, Behobia-Donostia lasterketaren etsai nagusia beroa baita.
Nagusiez gain, haurrek ere korrika egiteaz gozatuko dute. Iaz Anoetako estadio txikiaren azpiegiturak hobetzen ari zirela eta, ezin izan zuten egin Behobia Txikia. Aurten, ordea, lanak amaituta, berriro egingo dute. 4 eta 13 urte bitarteko haurrek parte hartu ahalko dute, adinka antolatu duten egitarauan. Bertan lortutako dirua, beste behin, Aspanogi elkartera bideratuko dute.